argia.eus
INPRIMATU
Krisia medio, birmoldaketak emakumea baztertzen du
2021eko uztailaren 16a
Garbiñe Olealdekoa abokatuari elkarrizketa

Garbiñe Olealdekoa, emakume, abokatu,sindikalista
Krisia medio, birmoldaketak emakumea baztertzen du
Duela zortzi urte arazo laboraletan dabil. Pedro Ibarra famatuaren 'despatxoan' egin zituen lehen urratsak, langileen kasuak eramateko lehen entsaioak egin ziren garai haietan, frankismopean eta langileen eskubideak ezin murritzagoak zirenean. Abokatu-bulego hura izan zen langileei lehen eskubideak defenditzeko eman zien estraineko bidea. Deustuko Unibertsitatean da ikasia, 30 urte ditu.
ARGIA: Zuk Deustuko Unibertsitatean ikasi zenuen 70. hamarkadan.
GARBIÑE OLEALDEKOA: Garai haietan ez zeneukan aukera haundirik, bertan sartzea baino ez. Denok geunden elkarrekin. Jesusen konpainia ere erreforma garaian esperoan zegoen zer gertatuko, adibidez klase orduetan euskera ematen ziguten, ikasleek eskatuta baina klase orduetan.
Nire lehen kontaktu femenista eta militantea unibertsitatearen bidez eduki dut, mugimendu kontra-kultural haundia ziharduen, gay-mugimendua, feminista.
ARGIA: Zer da emakume abokatu bat izatea gaur egun?
G.O.: Oso zaila da, batez ere gizonezko alorretan zabiltzalako. Emakume-abokatu bat izatea gauza bat, eta emakume-abokatu laboralista bestea. Ez da gauza bera, emakume-abokatu penalista izatea, edo matrimonialista, neurri batetan ez zaitu hainbeste eragiten ez zaudelako guztiz gizonezko munduan murgildurik
Arazo laboraletan sartuta izanez gero, ostera, bai, erabat. Krisia dela medio egoera larritu egin da, eta emakumea fabriketan mutur-sarkoitzat hartuta bait dago. Gaur egun birmoldaketari ekin behar baldin bazaio, lehenengoak kalera doazenak emakumeak dira, gainera emakume gutik lortu du lan-munduan sartzea eta apur horiek kale gorrira doaz.
Bestalde legearen mundua lehi-mundu bat izaki, distiratsuena, sonatuena, entzunena izan behar duzu. Horiexek dituzu, hain zuzen, gizon-gizonezko ezaugarriak
ARGIA: Zeure lanbidean alderik nabaritzen duzu emakume izateagatik?
G.O.: Auzitegira daramazunean arazoren bat gizonezkoek bi jokamolde dauzkate. Edo errukigarria, eta orduan gutiago esijitzen zaizu, 'emakumezko' kalitateak baloratzen zaizkizu, irripar hestu batez adierazten dizuena. Edo bigarrena, besteei baino askoz gehiago eskatzen zaizun jokamoldea. Hor beste lankideek hartzen zaitue mutur-sarkoitzat ere, eta edozein lankide-prakadun bati baino gehiago eskatzen zaizu emaitz berdinera iristeko. Horregaitik hain zail gertatzen da.
Gero ere beste baten interesak defenda behar dituzu, langile batenak, herri honetan talde madarikatu batenak, ugazaba batek kaleratuz gero, pisuzko arrazoiak izan dituelako izango da. Legeek ez diote horrelakorik, noski, baina sozialki horrela onetsia dago. Beraz ez da betere egia berdintasun oinarri batetik abiatzen garela. Guk makalenen interesak defenda behar ditugu, horrek segurtasun eta irmotasun bat eskatzen dizkizu eta emakume izateak 'handicapa' adierazten du.
ARGIA: Hona etortzen zaizkizun langileen aldetik zernolako jarrera ezagutu duzu?
G.O.: Langile bati izugarri kostatzen zaio zugan fidatzea. Batzuetan emakume, gazteago izateagatik ez du ulertzea lortzen. Langileak, abokatua gizonezko, larruzko karteradun, korbatadun, despatxo haundidunak izanez gero, interesak hobeto defendituko dituela uste du. Orain bi urte, langile bat abokatu eske hurbildu zitzaigun eta emakume ez izatea eskatzen zigun. Une hartantxe bi besterik ez geunden, bi emakume eta montatu genizkionak... Nik onartzen dut pertsona batek besteak baino konfidantza gehiago eman lezakeela baina emakume edo gizon izateagatik. Baina emakumea izategatik arbuiatua izatea, ez, hori bai ez dudala ulertzen. Niri lizentziatura lortzeak besteei bezain beste kostatu zait, agian gehiago.
ARGIA: Zu LABen sartuta zaude, horrek eragin bat eduki al du?
G.O.: Hona etortzen diren langileak oso errespetagarriak dira nirekiko ez dut inolako esperientzia txarrik eduki, zuzenean bederen. Beti entzuten duzu zeharka komentarioren bat, baina inoiz eraso pertsonalik. Hala ere bide luzea dugu urratzeko femenismoari begira.
Hemendik kanpoko gizonezkoek luzatzen didate ea noiz kopa bat hartzera joango garen, eta horrelako lelokeriak. Nik kopa hartzeko aurpegirik jarri ez diedanean. Edo irripar makur batzuk, ligatzeko deitzen diren gogo horiek...ba hemen sindikatuko lankideekin ez dugu horrelakorik, pentsatzen dut afinitate ideologiko hori dela medio pertsontzat hartzen gaituztela. Hala ere esango nuke jarrera bat dagoela guri gehiago eskatzeko, lan-mailan adibidez emaitza hobeak lortzea.
ARGIA: Hori zergaitik ote?
G.O.: Oinarritzat hartzen dutelako zu gauza bikain bat egiten ari zarela eta hori egiteko zuk ere bikain izan behar duzula eta hortaz emaitz bikainak erdietsi behar. Pentsatuko dute 'Kostatuko zitzaizun hona iristeak eta zure listoia oso goian dagoenez, beti oso gora segituko du'. Eta gero ere, zama bat daukate eta haien parekotzat onartzeko haiek baino gehiago egin behar duzu. Badakit esan dudana hainbati ez zaiola gustatuko baina hala da. Militanta on diren hainbat eta hainbat emakume ezezagun geldituko dira, hain zuzen, emakume direlako.
ARGIA:Emakumeen taldean sartua zaude, 'Egizan' talde berrian.
G.O.: Gu baino lehen bazeuden, 'Aizan' eta 'Kas emakumeak' mugimenduak. Aizanek batez ere emakumeak sensibilizatu ditu, emakume, langile eta herri gisa, talde honek erein zuen azken finean. Baina guk bidea segitu nahi dugu. Maiatzan izan genuen Biltzar Erakor bat, eta orain bideratu behar ditugula oinarri ideologiko minimo batzu. KASeko bloke barruan sartuak gaude eta erabakietan parte hartzen dugula, baina gure alorrean gure erabakiak hartuz, besteek, bakoitza bere alorrean hartzen dituzten moduan
Bizkaiko Emakumeen Asanbladan zeuden batzuk ez ziren gustora geratzen bertako plantamenduekin, ez zegoelako loturarik emakume eta eta bere eguneroko bizitzarekin, eta ez zelako lorpenetan gauzatzen.
ARGIA: Zergaitik desagertu zen Aizan?
G.O.: Korriente bat bezala funtzionatu zuelako, bertakoek ez ziren militanteak, zentzu klasikoan. Nire ustez, bestalde, desegin zen, bere helburua bete zuelako.
KATALIN MARATZA
Garbiñe Olealdekoaren ustetan, bide luzea dago oraindik urratzeko feminismoari dagokionean.
36-37


GaiezGizarteaSektore bazEmakumeaBesteak
PertsonaiazOLEALDEKOA1
EgileezMARATZA1Gizartea