Txillardegirekin elkarrizketan.
Txillardegi: "Euskal Herrian hizkuntza arazoa ez da seriotan hartzen".
ARGIA.–Kostata, baina indar pollitiko abertzale guztien partalidetza lortu du azkenean kanpainak. Zergatik hainheste errezelo bat egitera orduan?
TXILLARDEGI.–Herri honetan euskalzaletasunik ez dagoela da esplikazio nabarmena. Oraindik ere hizkuntzaren arazoa ez da seriotan hartzen, ez eta gutxiagorik ere. Beste herrietan gertatzen ez den bezala, hemen hizkuntzari ez zaio lehentasunik ematen. Esate baterako, oraindik ere batzu ari dira halako bereizketan egiten, abertzale izan litekeela pertsona bat nahiz eta euskaltzalea ez izan, eta euskalduna izan litekeela euskararik gabe, bienbitartean erdaldunak beren hizkuntza inposatzen ibili arren.
A. - «Bateginik» zein neurritan gerta liteke eraginkorra orduan euskararen kontzientziatze esfortzu honetan bai biztanlegoagan bai instituzio desberdinetan?
TX.–Orain dela ia laurehun urte Oihenartek bildutako atsotitz batek zioen bezala, "arrauna burutik karasten da"; hau da, arraina burutik hasten dela usteltzen. Honekin esan nahi dut gauzak goitik konpondu behar direla eta ez behetik. Ezin da, adibidez, 'beheko' jendearekin gogor jarri, 'goikoarekin' jartzen ez baldin bagara. Herri honetan Bozeramaile Ofiziala eta Unibertsitateko errektorea eta Hezkuntza sailburua eta abar erdaraz bakarrik bizi badira eta ez bada ezer gertatzen, ondoriorik batere ez, hor ikusten da gure hizkuntza guztiz estratosferikoa dela. Nola jarriko naiz ni gogorrago–Unibertsitatea ipiniko dut kasu–bedelarekin errektoreak ez badu beharko lukeena praktikan jartzen?
Askotan errepikatu dugu: diglosia baldin bada bi hizkuntzen jerarkizazioa, funtzio desberdinak betetzea batak inportantea eta besteak inportantzia gabeak –tira, ez da hori bakarrik diglosia baina–, orduan diglosiari buelta eman behar zaio, gaztelera behar ez den hizkuntza bihurtu Euskal Herrian bizitzeko, eta beharrezko aldiz, euskara.
Eta egunero-egunero zeharo alderantziz gertatzen da.
Ni «Bateginik» kanpainaren alde nago erabat! Baina gure eskutan dauden instituzioetan euskara ezinbestez beharrezko izan gabe alferrik dira kanpaina guztiak. Eta funtsean prolema politikoa dela esango dute. Konklusio horretara iritsiko ginateke, eta ez da hain zuzen sorpresa bat...
A.–Bestalde, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolen laguntzeko kanpainaren helburua dela-eta, egingo zenuke ikastolen egungo egoeraren diagnosi bat?
TX.–Diagnosi horiek egitekotan, nik uste dut aztertu beharko litzatekeela ea hizkuntza noraino den normalizatua alor batean zein bestean. Nafarroan, dudarik gabe, euskara ez dago normalizatua inondik ere, eta bistan da hangoen aldeko denon laguntza eta bultzadaren beharra, han gauzak beharbada sentidu gehienetan Baskongadetan baino askoz okerrago daudelako.
Hala ere ez dut ahaztuko Baskongadetan hizkuntzari buruz eta arazo soziolinguistikoei buruz dagoen ezjakintasun osoa, harrokeria eta segurkeria. 'Hemen ez dago prolemarik, gauzak oso ondo doaz' eta holako guztiak entzuten ikusita, ez dakit noraino dauden egoerak hain diferente. Baskongadetan gauzak hobeto daude zentzu batzutan, baina jendeak ez du sinetsi nahi gauzak oso gaizki doazela.
45
GaiezHizkuntzaEuskaraErakundeakBateginik
GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzKanpainak
PertsonaiazTXILLARDEGI