Josega Egibar-ekin elkarrizketan.
PNV-EAJ, Joseba Egibar
"Eguneroko Aberrigintzan"
–Zein da aurtengo Aberri Egunarako EAJk hartu duen lema?
–Aurtengorako lema «Eguneroko Aberrigintzan", da, eta erdaraz «Hacemos nación dia a dia» jarri dugu. Guk Bilbon ospatuko dugu, Erakustazokan, ekitaldi politiko batez, nahiz eta egunean zehar bakoitzak bere herrian ospatu.
–Zergatik lema hau, zer da adierazi nahi duzuena?
–Guk Aberri Eguna festa eguna bezala hartzen dugu, baina gure lemak dioen bezala, aberria egunez egun egiten da, eta bereziki ahalegin honetan dabiltzan abertzale guztiak zoriondu nahi ditugu eta bide horretatik jarraitzen animatu. Gure ikuspuntutik garbi bidea pausuz pausu egiten dela eta aberria egunez egun.
–Zer eritzi duzue beste alderdien lema eta kombokatoriaz?
–Nik ezagutzen dudan bakarra EAkoa da «Herria Eraikitzen» da, eta Tolosan egiten dutela. Ez dut esango gure lema eta hori berdinak direnik, baina zentzu berekoak bai, aberria egunez egun egitea aberria eraikitzea da. Lema egokia topatzen dut. Aberriarenganako maitasuna edo zaletasuna bakoitzak bere modura azaltzen du, eta kasu honetan badago berdintasun minimo bat.
–Zergatik ez da aurten alderdi guztien Aberri Egun unitariorik egin?
–Zorionez edo zoritxarrez demokraziak ekarri duen ondorio bat izan da herri honetako mapa elektoralaren zatiketa, alderdi politiko gehiegi, beharbada, gaude area berdinean. Joku berri honek ondorio batzu baditu eta bat zoritxarrezko zatiketa da. Garbi dago bestalde abertzale bezala halako erreflexio bat egin beharko genukeela alderdi politiko guztiek, ikusiz eta bilatuz zein diren batutzen gaituzten puntuak. Edo beste era batera esanda, zein puntutan dagoen oinarrizko batasun bat, eta nolabait ahaztu zein gauzak aldentzen edo urruntzen gaituen. Eta nik uste dut hori dela hamar urte hauen gorabeheren ondorio bat. Ez dut esango tamalez bakoitzak bere Aberri Eguna egiten duela, bide desberdinak daude, eta bide desberdin horiek plazaratzeko aukera daukagun neurrian aberria badirudi era desberdinetan sentitzen dela. Nik uste dut garai bat iritsiko dela Aberri Egun bat berriro ere denak batera ospatzeko.
–Zer izan daiteke alderdi guztiak batu ditzakeen oinarrizko puntua, edo bestera esanda, zein baldintzapean egingo zenukete zuek Aberri Egun unitario bat?
–Nik esango nuke alderdikeriak alde batera utzi eta aberria alderdien gainetik atera. Beste baldintza bat izango litzateke herri honetan komeni zaigula eta behar-beharrezko dugula ahalegin berezi bat egitea, ez bakarrik Bazko egun horretan bakarrik baizik eta urtean zehar gizarte orekatu bat bilatzea. Nik pertsonalki beti esan dut ez daukagula gizarte orekatu bat, erregela minimo batzu konbibentzia antolatzeko. Hori litzateke gizarteak berez dituen kontradikzioak gainditzeko modu bakarra. Guk gizarte orekatu bat egingo bagenu, askoz ere errazago izango zen denon artean Aberri Egun bat elkarrekin ospatzea. Hau gehiegi teorizatzea da? Nik uste dut hor dagoela koska, alderdi politikoek heuren dialektika bakarrik errespetatu ez, baizik eta herri honen herritar guztiak errespetatu ditzagun erregela minimo batzu.
–Paradoxikotzat jo liteke koalizio berean dauden bi alderdiak ez konbokatzea Aberri Eguna, eta aldiz, boterean zein oposizioan dauden alderdiak bat etortzea egun bat ospatzeko orduan.
–Ez dakit hori paradoxa den. Ez dut ikusten alderdi sozialista Aberri Egun bat ospatu dezakeenik. Espainian tentazioak izan dituzte beren Dia de la Hispanidad ospatzeko. Bakoitzak berea ospatzen du. Hori argi daukat. Alderdi biak koalizio batean baldin badaude ere, bi indar politiko desberdinak dira. Gu batzen gaituen gauza bakarra gobernu programa da, idatzia eta argitora emandakoa. Nik ez diet ezkatzen abertzale egiteko, eta beraiek guri ere ez espaiñol eta ez sozialista egiteko.
Eta oposizioari buruz, zera esan boterean egote hori, edo instituzioetan, obligatuta etorri dela. Hemen ezinbesteko lanak daude, eta partidu politiko guztiak maila desberdinetan, instituzioetan daude, konbinazio bariatuaz. Bakoitzat bere araua jarri du instituzio horietan gobernabilidade bat lortu ahal izateko. Gehiengo nagusi bat ez dagoen bitartean, alderdi politiko guztiak elkarrekin ulertu beharrean gaude.
18