Ortzadar dantza taldearekin elkarrizketan.
OHITURA ZAHARRAK IKERTUZ FOLKLOREGINTZAN SAKONTZEN
"Ortzadar", dantza taldea: dantza zaharrez gaindi berrikuntza ezinbesteko
Duela 14 urte, frankismo garaian artean, Irañeako -'Ortzadar'' dantza taldea sortu zen, beste talde batzutako jendearekin. Haseratik, folklore munduan baratzen ari duten ikerketa lan sakona dute ezaugarri berezitzat. Horren ondorioz, Nafarroan euskal folklorearen zabalkuntzan egindako ahaleginak txalogarri dira benetan.
ARGIA.–Urteen joanaz sorrera garaletako asmoak bizirik diraute ala zertxobait aldatu dituzue?
ORTZADAR.– Haserako helburuak ez dira aldatu, baina egindako lanaren ondorioz bere eremuak hobetu ditugu. Urte hauetako zenbait lan ikerketari eman dizkiogu, azken urteetan lanak argitaratzen ere hasi gara, eta horiei loturik urtero antolatzen ditugun folklore ihardunaldiak ikusi behar dira.
Bestetik, euskal folklorearen zabalkuntza mailan, talde arruntek egiten dituzten emanaldiak gaindituz, zenbait espektakulu ikusgarri antolatu dugu. Hauetako batzuk ikerketaren ondorio zuzen dira. Horrela, «Erribera» egin genuenean Erriberako "paloteau" delakoak berreskuratu genituen, eta espektakuloan sartu genituen. Ildo beretik, «Tobera» montatzean Behe-Nafarroako antzerki herrikoia egin genuen, dantzak, musika eta kantak elkartuz espektakuloan. Azkenik, «Caueko» da burutu dugun azken ikuskizuna, eta gauza berria sortu asmoz egin genuen.
Honetaz gain, zabalkuntza mailan Iruñeko zenbait kultur ekintza bultzatzen jarraitu dugu: ihauteriak, Agate Deuna, Olentzeroa,... eta baita Sanferminetan txistu eta fanfarrearekin kalera irtenez.
A.–Hiru montaia berezi aipatu dituzue. Apur bat sakon iezazkiguzue.
O.–Bai. «Erribera» egiterakoan zenbait dantza berreskuratu genituen, jantzi, kanta, eta delako "paloteau" funtzioan ematen ziren elementu guztiekin batera. Funtzio hauek aspaldidanik galduak baziren ere pertsonaia eta guzti kaleratu genituen. Guzti hori eszenan jarri genuen, baina aintzinako bertsoak egin ordez, haietan aipatzen ziren gaiak erabiliz, gaurkotasuna eman asmoz guk geuk sortutako bertsoekin antzeztu genuen.
Gure bigarren ikuskizun berezia, «Tobera», berreskurapena izan zen. Behe-Nafarroan egindako ikerketa lanaren ondorioz zenbait aintzinako antzerki testu behatu genituen, eta haietan agertzen ziren pertsonaia guztiak aztertu, hala nola, kantariak, bertsolariak, musikariak eta dantzariak. Elementu horiek kontutan hartuz Aingeru Epalzarengana jo genuen honek testu berri bat presta ziezagun. Antzerki mailan, «Tobera» izan zen Nafarroan euskara hutsez egindako aurrenetariko lana.
«Gaueko», berriz, erabat berria da. Euskal Herriko dantzetan oinarriturik, antzerki tekniketaz baliatuz, kalitatezko ikuskizuna prestatu nahi izan genuen. Batez ere "teatro beltza" eta "txinatar itzaletaz" baliatu ginen. Hauen bitartez ikuslea nolabait aztoratu eta bildur erazi nahi genuen, efektu bereziak erabiliz, bai entzumen zein ikusmen aldetik. Asmoa, dantzak asko aldatu gabe beste modu batez aurkez daitezkeela frogatzea. Arlo honetan berrikuntza, gauzak gaurkotzea, posible dela erakustea gainerako taldeei.
A.– Nola egituraturik dago «Ortzadar» taldea?
O.- 40 eta 60 partaide artean gara. Gehienok denetarik egiten dugu, baina baditugu espezializatuagorik daudenak ere. Adibidez, badugu antolatzen ditugun ihardunaldietaz bakarrik arduratzen den taldetxo bat. Eremu zabaletan mugitzen garenez espezializazioa beharrezko egin zaigu, eta sailetan antolaturik gaude, bestela kalitatezko gauzak egitea ezinezkoa egiten zaigu.
Taldean erabaki guztiak Batzarre Orokorretan hartzen dira, baina hori arintzeko astean behin sail bakoitzeko arduradunen bilera egiten da eguneroko lanak aurrera eramateko. Ez dugu inolako zuzendaririk. Beti talde bat dago zeregin baten atzean eta erabakiak denon artean hartzen dira.
A.–Guzti hori aurrera eramateko, nondik dirua?
O.– Diru gehiena gure emanaldietatik. Inork ez du pezetarik kobratzen taldean, eta diru guztia azpiegituran inbertitzen da. Azken urteotako Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udaletik zertxobait jasotzen hasi gara, baina ez taldeari zuzendutako diru laguntza bezala, zenbait ekintzetan laguntzeko baizik, gauza zehatzetan, adibidez: folklore ihardunaldiak antolatzeko, ikerketak egiteko, "Gaueko" antzesteko...
A.– Aurtengorako zer tan zabiltzate?
O.– "Gaueko" ikuskizun berria denez ez gara beste horrelako batetan hasiko momentuz. Jende gehiago geureganatu eta ohizko egitaraua aurrera eramaten saiatuko gara. Aipatu folklore ihardunaldietan aurtengoan "Ohizko jaiak eta hiriko kultura" gaia jorratuko dugu.
Ikerlari gazteak oro bildu nahi ditugu, unibertsitatean eta gainerako erakundeetan ohizko kulturaz egiten diren ikerketak aurkezteko ez bait dago inolako aukerarik. Gai honetan ikuspegi soziologiko eta antropologikoan sakontzea dugu helburua.
Bestalde, ikerketa lan eta argitaralpenekin jarraituko dugu. Urtero 100-150 pertsona elkarrizketatzen ditugu eta zati nagusiena amaitzeko asmoa dugu lan honetan. Beste ikerketa batzuri heldu behar diegu, adibidez "indumentaria"-ri buruzkoa bat.
Nafarroan museo etnografikorik, folklore kontserbatoriorik edo dantza eskolarik antolatzen ez den artean, hutsune horiek betetzen saiatuko gara, beti ere horrelako erakunde baten antolaketa helburutzat harturik.
Iruñean ohizko kultura zabaltzeko zenbait ikastaro trinko berezi antolatzeko asmoa dugu, ikastaro monografiko gisa enfokaturik.
A.- «Gaueko» zuen lan neketsu eta onenetarikoa da. Obra horrekin aurrera jarraitzekotan?
O.–Ez, «Gaueko» utzi dugu jadanik. Izugarri zail egin zaigu aurrera eramatea, kristoren lana suposatzen du. Jende askok hartzen zuen parte, saiaketan ordu luzeak behar genituen emanaldien aurretik, eta oso garesti ateratzen zitzaigun.
Hala ere, horrelako lanekin jarraituko dugu. Orain beste zenbait gauzatan gabiltza buru-belarri eta ezinezko zaigu, baina hemendik urtebete barru izango dugu beste emanaldi bereziren bat, ikuskizun berria. Argi dago ikuslegoak halako lanak egitea eskatzen duela, baina ez dago talde profesionalik eta lan handia eskatzen dute. Profesionaltasuna lortuz gero askoz errazagoa litzateke horrelakoetan aritzea, baina horretarako merkatua eta dirua behar. Antzerki taldeetan, partaide gutxiago behar direnez, errazago lortzen da helburu hau, baina dantza taldeetan hau zailago suertatzen da, jende asko mugitu beharrean aurkitzen gara eta.
IÑAKI MENDIBE
Antzerki beltza eta hitzal txinatarren teknikak erabili ditu "Ortzadar"ek bere "Gaueko" azken lanean.
"Ortzadar" taldeak gogotik ekin dio beti folklorearen zabalkundeari; argazkian, UEU-ko saio batean egindako emanaldi baten sarrera.
46-47