18lOeko alkate mozkor, euskaldun gerrilaria berpiztu dute Berriozar-en
'Txolin', pertsonaia berria tradiziorako
Iazkoan ihauteri berriak sortu ziren Iruñerrian, eta horien artetik bitxi eta interesgarriena Berriozarko kasua iruditu zaigu. Han, sekulan ez bazen ihauteririk egin ere, iazkoan berriro martxan jartzea lortu zuten 'Txolin' pertsonaiaren inguruan, 1810.ean alkate mozkor eta euskaldun gerrilari izan zena berpiztuz.
ARGIA.–Nolatan iritsi zineten herrian ihauteri berria sortzeko ideiara?
PERNANDO BARRENA.–Aspalditik genuen Berriozarko herriari ihauteri propioa emateko gogoa; honela, Diputazioko Artxibategia eta zenbait liburu eta izkribu zaharretan mihaka ibili ginen herri honetan aintzina ihauteririk izan zenentz jakin asmoz, eta hainbat saiatu arren ez genuen ohitura propiorik aurkitu. Orduan, herriari ihauteri propioa ematea otu zitzaigun, eta AEK-n Kulturgintza inguruan daramagun bidearekin lotu genezakeela ikusi genuen, eta bai hala egin ere.
A.–Ihauteri berria egiten hasi eta pertsonala ere jarri zenuten. Zergatik 'Txolin'?-Zer ezaugarri ditu pertsonaia honek ihauteriaren ardatz izateko?
P.B.–Aipatu ihauteri propioa, gurea, indartzeko pertsonaia jakin baten inguruan egitea interesgarriago iruditu zitzaigun. Zenbait pertsonaia aztertu ondoren alai eta bitxienarengatik egin genuen apostu. Hau 'Txolin' izengoitiz ezagutu zutena suertatu zen.
Felix Sarasa, hau bait zen bere benetako izena, Berriosuson jaio eta Artikako alkate izan zen 1.810ean. Euskara hutsez hitz egiten zuen, ez bait zekien gazteleraz. Gustoko zuen zurrutean ibiltzea eta horregatik bere borrokakideek 'Txolin' dei egiten zioten. Frantsesek Euskal Herria hartu zutenean Txolinek gerrilari talde bat prestatu zuen hauei aurre egiteko, eta Espoz eta Mina jeneral karlistaren aginduetara ibili zen. Gerrilari ona eta argia omen zen eta hainbat ekintzatan parte hartu ondoren, oso gerrilari arriskutsua zela konturaturik, Nafarroako Gobernadore frantsesak, Reille konteak, prezio jarri zion Txolinen buruari, berarengatik bi mila duro eskeiniz.
A.–Idela AEK-tik sortu da. Nola lortu zenuten herriak bere egitea idela hau?
P.B.–Gure gogoan argi genuen ihauteriak guztiz herritarra behar zuela izan. Hori lortzeko modu egokiena herriko kultur talde zein herri erakundeekin harremanetan jartzea iruditu zitzaigun. Egin eta jendeari gustatu zitzaion, eta herriak bere egin zuen proiektua. Oso ongi onartu zuten denek ere. Horrela, bakoitzak, zegokion ardura hartu zuen lanerako orduan ihauteria aurrera atera zedin.
A.– Noren laguntza zeuenganatu zenuten ihardun honetarako?
P.B.–Montaiak nahiko giro sortu zuen herrian eta jende asko etorri zitzaigun bere laguntza eskeiniz. Prestaketan herriko ia erakunde guztiek parte hartu zuten; beraz, balorazioa ezin positiboagoa. Jadanik Txolinen izena Berriozarko ihauteri propioekin lotzen ari garela uste dugu, eta hori da gure helburua, Lantzen Miel Otxinekin, edo Altsasun Momotxorroekin gertatzen den gisan.
A.–Eta aurtengorako?
P.B.–Prebisioak ezin hobeak dira. Gau-Eskolan lanean hasiak gara, eta erakunde guztiekin harremanetan gaude lanerako. Aurtengo berrikuntza bertako dantzari taldeak iaz sortutako abestiaren inguruan asmatu duen dantza, Txolin-dantza. Dantza hori jende guztiak ikas dezan jadanik martxan dute ikastaro berezi bat. Montaiari erakargarritasun berria emango dio honek. Urtero zer edo zer berri ateratzea espero dugu, ihauteri aberatsa lortu arte. Guzti hau otsailak 13, larunbatean izango da.
AKERBELTZ
Iaz Iruñerrian sortu ziren Ihauteri berrien adibidea dugu Berriozarkoa.
24