argia.eus
INPRIMATU
"PNVk Jarrera Abertzaleak Elkar Lana Posible Litzateke"
1987ko abenduaren 06a
Karlos Garaikoetxea, EAko buruari elkarrizketa
Karlos Garaikoetxearekin, Hitzarmenez
"PNVk Jarrera Abertzaleak Elkar Lana Posible Litzateke"
Zaila da minutu bat ohostea Karlos Garaikostxeari, zango bat Europako Parlamentuan, beste zangoa hemen nonbait. PNVko aparatoarekin haserretu zenean, bere heriotze politikoa sinatu zuela zirudien, baina–karrera luzeetako korrikalaria izaki–hemen dabil eta hirugarren bide bat irekitzeko eginahaletan segitzen du. HBk Ardantzarekiko elkarrizketak eten baino lehen egin genion elkarrizketa EAko buruari.
ARGIA.–Uste al duzu barkatuko dizutela Madrilgo hitzarmen antiterrorista ez firmatu izana?
Karlos Garaikoetxea.–Beraiek jakin badakite abertzaleak garela, eta gure jarrera betidanik garenarekin bat datorrela. Beraz, barkatuko ez luketena geure abertzaletasuna litzateke. Ez dut uste Madrilen, ezagutzen gaituztenak, gehiegi harrituko direnik. Borondate oneko jende asko, ordea, gure aurkako propaganda eta erasoaldi informatiboaren eragin pozointsuaren pean egon daiteke.
PSOEri Txeke Bat Zuri
A.– Madrilen proposatzen zen akordioaren mamiari dagozkion arrazoinengatik ez duzula firmatu esan duzu, eta aldiz gure arteko komunikabideetan behin eta beraz esaten da arrazoin horiek formazko hotsak direla. Aurrera begira, hitzarmen honek partidu euskaldunentzako tranparen bat ote deukan sujeritu duzu.
K.G.–Argi eta garbi, eta besterik gabe, honako hauxe esaten dugu: indarkeria gaitzetsi behar baldin bada, ezar iezaiozue baldintza honi euskaldunon gehiengoak onartu duguna onetsi egin behar dela Madrilen. Eta hauxe da onartu ez dutena, PNVk eta EEk dakiten moduan, engainotsua den espresio bat erabiliz: «Aho-batezko akordioetan bat etortzeko borondatea.,.. Nahikoa izango litzateke PSOEk edo eta APk «betoa» ezartzea, Euskadin ahobatezko hitzarmenak ezinezkoak ezinezko, gutartean ehuneko 70ak gauza bera onartuko balu ere. Bestalde, «bat etortzeko borondatea, eta «errespetatzeko konpromezua» ez dira gauza bera.
A.–Madrilgo akordioarekin sortu den dinamika berrian zerk kezkatzen zaitu gehien?
K.G.–Nire ustez, PSOEren gobernuari eskaini zaion «txeke zuria» izan da, nonahi erakuts dezan. Horretaz kanpo, ez dago ezer berririk.
A.–Asko poztu dira Herri Batasunan Eusko Alkartasunak akordioa ez firmatzearekin.
K.G.–Ez dakit, baina, beti bezala, gure jarreraren irakurketa arraroak egingo dituen jende bihurririk ere izango dela pentsatzen dut. Ez dugu inoiz esker onik jasotzen, ez eta espero ere. Gure uste sendoz jokatzen dugu.
Hirugarren Bidea
A.- Jose Antonio Ardantzaren gidaritzapean beste elkarrizketa bati eman zaio hasiera. Itsaropentsu al zaude horietatik atera daitekeen fruituaz?
K.G.–Orain eta hemen, bi eskenatoki bereizi behar direla uste dut. Bi hauen arteko harreman ohen araberakoak izango dira fruituak. Argi dago bestela, Gasteizen ez dela uninimitaterik edo aho-batezko erabakirik izango.
A.–Aljerian ETA eta Madrillgo Gobernua negoziatzen edo gutxienik elkarrizketan ari direla aitortzen du mundu guztiak. Desioak alde batera utzita, horietatik ezer mesedegarri eta zehatzik aterako dela iruditzen al zaizu?
K.G.–Badirudi serio antzean ari direla hitzegiten, baina nik ez dakit zertan dabiltzan han Barne Ministeritzako jaunak.
A.–Zu Gasteizen lehendakari zinela martxan jarri nahikan zenuen Bakearen aldeko mahaiak baino arrakasta handiagoa dutela dirudi oraingo saioek. Zer aldatu da? Giroa, bataren edo bestearen eskaintzak, urjentzia...
K.G.–Espainiako Gobernuak berehalako garaipen polizialak emango liokeen indarrarekin negoziatzen duela uste du, eta ETAk, jaso dituen zigorren ondoren, hitz egin beharrean dagoela ikusterazi nahi du.
A.–Eusko Alkartasunak halako hirugarren bide bat izan nahi duela entzun eta irakurri dugu. Zertan zehazten da duen bidea, alde batetik PNVk edo bestetik HBk markatu ditzaketenetatik?
K.G.– Guk ez dugu indarkeriaren erabilpena onartzen. Ez eta, ordea, Estatuaren arduradunek Euskal Herriaren borondate gehiengoko eta `pakezalea ez onartzea ere. Gure jarrera, aurreko erantzunean akordioa ez sinatze honen arrazoinak laburbiltzen saiatu nauzenean aurkeztu dizudana da.
A.–PNVtik zenbait–Amatiño Alderdi Egunean "Deia" egunkaritik, kasu baterako–hasiak dituzue keinuak egiten: aurrera begira berriro elkartzeko bidean, adostasun batera iritsi behar duzuela esanaz.
K.G.–Zenbaitzuk ez dute kontutan hartu nahi EA beste alderdi bat denik Biltzar nagusi batetan onartutako ideario propioak ezarri dizkion berezitasun eta diferentziak dituen alderdia. Hauetako hainbat diferentzia, gure alderdikide asko PNVtik kanporatuak izatea justifikatu zuten diferentziak baino askoz ere garrantzitsuagoak dira. Beste gauza bat, bi alderdiak elkar-lanerako gauza izatea litzateke, PNVk jarrera abertzaleak izango balitu eta Euskadin oraingoz etorkizuna den hitzarmen batek hala eskatuko balu.
Gehiengo Abertzalea
A.–Sekula baino konplikatuagoa ageri da Hego Euskal Herriko panorama politikoa, eta hori gutxi balitz Garaikoetxeak dio Estatutoa hondoa jota dagoela eta orain dela egun gutxi berriz hamar urte hauetako prozesoaren errekapitulazio bat egin behar dela. Zein oinarriren gainean eraiki daiteke?
K.G.– Berrindartu edo berrikusten ez bada, Estatutoarenak egin duela esan dut. Gaur eguneko desegiteak, Estatutoaren zati bakar bat aprobetxatu dela esan nahi duela ere adierazi dut eman dituen fruituak Euskadunentzat oso garrantzitsuak izan badira ere.
Hau argitu ondoren, hamar urteren buruan guztiok erreflexio eta autokritika saio bat egitearen beharra azpimarratu nahi izan dut, norberaren ikuspuntuak eztabaidatu eta pakeari aukera bat eman nahirik. Esana dut eztabaida horretatik kanpo ez dudala ezer uzten, eta autodeterminazioari buruz hitzegitearen aldekoa naizela (ahalbide hau Konstituzioan sartzeko moratoria antzekoren bat onartu beharko bagenu ere), Nafarroarekiko harremanetan formula «ia-konfederal»en bati buruz hitz egin beharko genukeela.... Baina hauek ideak baizik ez dira, aurre-baldintzarik jarri gabe.
A.–Zerk sortzen dizu momentu honetan aurrera begira itxaropen handiena eta zerk ematen dizu beldurrik handiena?
K.G.–HB eta ETAk Euskal Herrian osatuko litzatekeen mahai bati buruz egin genuen proposamena ez onartzeak, kezkatu egiten nau. Sentitzen badut ere, ulertzen dut PNVren ezezkoa, PSOEk asko baldintzapetzen bait du, ez bait dute sozialistek ETA(m)rentzako ETA(pm)rentzako prestatu zen irtenbidea baizik onartzen. Teorian, Euskal Herriko negoziazio mahai batetan, ehuneko 70a abertzalea izango litzateke. Zergatik eman dute ezezkoa alderdi abertzale hauek? Herri honen gehiengo abertzalearengan daukat itxaropena jarrita, zenbait buruzagiren buru-gogorkeria edo eta epelkeriaren gainetik.
Iñaki ZUBIONDO
14-15

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEA
PertsonaiazGARAIKOETX1
EgileezUBIONDO1Politika