argia.eus
INPRIMATU
Pako Aristi:"Irene Nobelan Hamarretik Zortzi Gauza Errealak Dira"
1987ko ekainaren 14a
Pako Aristiren "Irene" nobela
"Kcappo"k Hasitako Trilogiak Bigarren Liburua Dauka Honez Kalean: "Irene. Tempo Di Adaggio"
Pako Aristi:"Irene Nobelan Hamarretik Zortzi Gauza Errealak Dira"
Hogeitahiru urteko urrestildar idazle honek bigarren nobela kaleratua digu berriki. Lehenengatik 6.000 ale saldu omen ziren, eta zifra horrek suposatu zuen arrakastak eman zigun bigarrenaz mintzatzeko parada.
ARGIA. "Irene. Tempo di adaggio" trilogia baten bigarren liburua diagu. Nola ikusten duk trilogia hori bigarren liburukia amaitu ondoren?
PAKO ARISTI.–Lehenengo badakik "Kcappo" izan zela, eta hura azkar idatzitako nobela izan huen, erreflexio literario handirik gabekoa. Ordurarte nituen gusto eta irakurketetan oinarritutakoa. Istorio bat aurkitu nian liluratu ninduena, eta piska bat presaka bezala egin nian. Nolabait neure burua konfirmatzeko bezala egin nian, inseguritatea kentzeko. Bigarren honetan, lehenengoarekin konparatuz, askoz lan handiagoa egon duk, dokumentazio aldetik edo idazterakoan, bi bertsio desberdin egon dituk, eta erdian dena aldatu nian. Gero, honetan erreflexio literario gehiago dago, eta azken bi urte hauetan irakurri ditudan liburuak propio irakurri dizkiat nozio literario batzu hartzeko, teknika aldetik egon diren intentoak eta horrela. Hobea edo txarragoa jendeak esango dik, baina niretzat landuagoa behintzat izan duk bigarren hau.
A.–Trilogiaren ideiak zutik segitzen dik, beraz.
P.A.–Bai, trilogiaren hirugarren nobela iadanik bueltaka zebilkiat, folio batzu idatziak dizkiat. Mendea hiru zatitan banatu diat, eta hiru epoka desberdinetako bakoitzean nobela bana kokatu diat. Orduan, hirugarren nobela gaur egunean kokatua izango duk, gaur eguago krimen batzu klabe moduan jarriak, etabar. Niretzat oso inportantea izan duk bigarren hau ere nolabait konfirmatzeko modua izan duk, ea kapaz nintzen hirugarren nobela bat idazteko. Koldo Izagirrek esaten dik nobela zailena bigarrena izaten dela, eta kantari askok ere esaten ditek zailena bigarren diskoa izaten dela. Areago, lehenengo nobelaren arrakastarekin listoia bazegoen, eta nire desafioa zen listoi hori gainetik pasatzea, azpitik pasaz gero tongoa izango litzateke eta.
A.–Trilogia horren barruan lehenengoa idatzi huenetik azkena idatzi arte dezente denbora pasako duk, eta gainerako hire idazle formazioa aski urte inportanteak. Horrek ez al dik arriskurik trilogiaren osotasuna galtzeko?
P.A.–Dudarik ez. Nobela batetatik bestera aldaketa eta salto asko ikusiko dituk. Badik arrisku hori, baina ebitatzeko ezinezkoa duk. Egongo den saltoa mejoratzeko izango dela espero diat. Pertsonak aldatzen joaten gaituk bizitzan zehar eta liburutan ere hori nabaritzen dut erabat.
A.-"Irene" idazteko orduan inbestigazioa aipatu duk. Izan ere, gertaera erreal batzutan oinarritutakoa duk nobela hau, ezta?
P.A.–Bi gertaera zeudek. Krimen bat, Beizamakoa, eta gero Ama Birjinaren agerpena, Ezkion izan zena. Urtetan nahiko hurbil izan hituen, 1926an eta 1931n, eta batu egin dizkiat biak. Alde horretatik, inbestigazio lana handia izan duk, funtsezkoa ikusten bait nuen historiari oinarri erreal bat emateko. Mila detaile zaindu behar nizkian, eta horiek zehazten pasa diat denbora asko eta asko. Hemerotekan ibili izan nauk asko, eta Ezkioko Ama Birjinari buruz ingelesetik itzuli behar izan diat liburu bat. Informazio guzti hori nobelan sartzen joan nauk dosi txikietan. Esan dezagun nobelan hamarretik zortzi errealak dira.
A.–Erreflexio literarioa aipatu duk gorago. Nola isladatzen duk hori nobela honetan?
P.A.–Batez ere egituraren aldetik. Lehenengo nobelari buruz jendeak esaten zidan gauzak gehiegi kontatzen nituela, irakurleari gauzak bandejan ematen nizkiola. Garbi ikusi nian literaturan gehiago sujeritu egin behar zela, plano diferentetan sujeritu, irakurlea motibatzeko eta. Hori izan duk lortu nahi izan dudana.
JOSU LANDA

Jenero beltzaren bertsio ruralean murgildu zaigu Pako Aristi "Irene"rekin.
49

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
PertsonaiazARISTI1
EgileezLANDA2Kultura