argia.eus
INPRIMATU
Joseba Tapia, Soinu Txikiaren Berrikuntzan, Hariari Tiraka
2021eko uztailaren 23a
Joseba Tapia trikitilariari elkarrizketa
Lehendabiziko Diskoa Atera Du Leturiarekin
Joseba Tapia, Soinu Txikiaren Berrikuntzan, Hariari Tiraka
Erabateko trikiti giroko familian hazia, Joseba Tapiak idazten baino lehen ikasi zuen partituraren lehen notak irakurtzen. Sei urterekin, jostailuzko akordeoiarekin "Andre Madalen'' atera.
Hamabost urterekin soinu kromatikoaren bidea utzi eta beti bihotzean izan zuen trikitixa harturik, gaur egun, Kepa Junkerarekin berritzaile nagusi da alor horretan.
ARGIA.–Soinu txikia eskubiz ondo osatua dago. Baina ezkerrez, baxuez, ez al da motz samarra gelditzen.
JOSEBA TAPIA.-Neri gustatuko litzaidakek, esperimentu bezala, baxu gehixeagoko trikitixa probatzea. Horrek ere beharbada progresatu beharko dik, soinu kromatikoak, esate baterako, progresatu duen bezala.
A.–Zenbat baxu erakutsiko hizkioke?
J.T.–Beste lau baxu erantsita, eskala osatuko huke eta menorrez ere gehiago jantziko huke. Hori, esperimentu moduan besterik ez bada egin beharra zegok. Ez diat-esan nahi derrigorrez soinu mota hori ezarri beharko litzatekeenik, baina lehen ere, Elgetak aldatu zuen, eskubiko 21 botoiei beste 2 erantsiz, eta instrumentuari izugarrizko dimentsioa zabalduz edozein pieza jotzeko.
A.–Diskoan bada pieza bat nolabait orain arteko moldeak hausten dituena; akordeoiaren baxua sartuz eta...
J.T. - "Jazzan ezak" kalejira bat duk. Akorde batzuk bilatu eta gero, halako pieza arraro samar bat atera zenez, pixkat betiko klasikotik ateratzea pentsatu genian. Kepari komentatu nioan zer egiteko asmotan nenbilen, eta berak, lagunduko zidala gustora. Horrela, bion artean, pieza osatu genian. Hasieran, baxu elektrikoa edota kontrabaxua sartzea pentsatu bagenuen ere, ikusirik baxu elektrikoa adibidez oso entzuna dagoela, azkenean akordeoiaren baxuak sartu genizkioan, eta oso pozik gainera nere lankide den Goikoetxeak jotzen zuen moduan oso polita geratzen zela ikustean, soinu handiak ere oso gutxi entzunak diren akordeak sartuz.
Dena dela, ez niake nahi soinu txikiari handi baxuak sartzerik ere, bere soinu edo giro berezi hori puska dezaketelako. Nere gustorako behintzat, gordeko niake baxu urritasun hori, baina pixka bat osatuz lehen esaten nuen bezala.
A.–Badira beste zenbait melodia betikoak izan litezkeenak, baina zerbait berria badute.
J.T.–Osabak, Elgetagandik ikasi eta erakutsi zizkidanak, ez nauk gehiegi saiatu aldatzen, dauden bezala asko gustatzen zaizkidalako. Baina aldatu badut pieza orijinal horiei akorde berriak sartuz eta batez ere inprobisatuz izan da.
A.–Zer modutako akordeak edo zer teknika berri erabiltzen dituk?
J.T.–Lehen erabiltzeko ohiturarik ez zegoen eskala kromatikoa erabiliz, doinu horren konpas eta akordeak mantenduz eskubiarekin halako bariazio batzuk-edo egitea. Akorde batzuk sartuz, baina ez dira arraroak ere; baina bai erabili gabeak.
A.–Filarmonika jotzeko era ere imitatzen duk inoizka...
J.T.–Hori, noizpait filarmonika joleren batekin batera jotzea egokitu, eta hari hurbiltzen saiatzetik zetorrek. Ikusi nian auspoa 'pikatuz' eta akorde berdinak mantenduz beste gatz bat ematen zitzaiola, soinu diatonikoak berekin duenaz gain, jendea gehiago bizitzeko.
A.–Zein dituk hire ereduak?
J.T.–Lehenengo eredua neri erakutsi zidan Eleuterio osaba, noski; eta hil zen osaba harengandik gordetzen ditugun zintak. Baina, nere idoloak Laja eta Martin izan dituk, bakoitza bere estiloarekin. Gaur egun ordea Kepa duk, bere eskala kromatikoaren eta abarren erabilpenak, begiak beste mundu berri batera zabaltzeko balio izan didate-eta.
MIEL ARANA

Rock eta country mugimenduen zale aitortzen du bere burua

51

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakTAPIA TA LE
PertsonaiazTAPIA3
EgileezARANA3Kultura