Igandeak 24, Etxarri Aranatzen Nafarroako Ikastolen Eguna
1987ko maiatzaren 24a
Haurrentzako Festa Egunean, Erreibindikazioa Ezin Ahantziz
Igandeak 24, Etxarri Aranatzen Nafarroako Ikastolen Eguna
Jolas eta festa giroa espero dira Nafarroan urtero egiten den Ikastolen Egunerako. Etxarrin izanen da jaia; bat baino gehiago oroituko da aurten ikastola honek izandako arazoez.
ARGIA.–Zein da Sakanako ikastolen egoera gaur egun?
PEDRO MARI ARTIEDA.–Ume kopuruaren aldetik oso ona, gehiago dira ikastolara doazenak eskola nazionaletara doazenak baino. Alde horretatik herriaren erantzuna ona da. Bestalde ekonomi arazo handiak daude, Nafarroako Gobernuak ez duelako guk uste dugun moduko laguntzarik ematen. Berek araudi bat bete behar dutela diote, haur kopuru bat kunplitu beharra dagoela, eta gu momentuz ez gaude haur kopuru hori osatzeko, gure jokatzeko modua gainera diferentea da, ekonomi aldeko sakrifizioa eginez, eskolaurreko haurrak herrian bertan uztea da gure helburua eta horretan gaude, ta jakina, zenbait gela subentziorik gabe daukagu.
A.–Lokal aldetik eta?
P.M.A.–Oso gaizki, momentuz ez dugu soluziorik. Orain Etxarri Aranatzen dugun ikastola, guk ontzat hartzen duguna, garai batean eskola nazionalak ziren eta haiek txarrak zirelakoan utzi egin zituzten. Berendako ona ez dena guretako hoberena da. Dirurik balego etxe berria eginen genuke, baina ezin.
A.–Aurtengo udaberrian lokalak zirela ta Etxarriko San Donato eskola publikoarekin izandako istiluez zer?
P.M.A.–Ez dut nik uste ikastolak San Donatorekin zuzenean istilurik izan duenik, eta uste dut gainera horrek zehaztapen bat merezi lukeela. Lekurik ez genuela ta, Etxarriko udaletxera jo genuen eske, ta udaletxeak etxe bateko pisu batzu utzi zizkigun, garai batean Ministerio de Educación y Cienciak maisuendako egindako etxe batzu. Etxe horiek hutsik zeuden eta bertan toki ederra zegoen. Hiru pisu okupaturik, beste hiru hutsik, baina bizi ez zen inor bizi. Udaletxeak okupatua zuten eskola nazionaletako hiru irakasleei galdetu zien eta erantzuna eskolako klaustro osoarena izan zen, berek Junta Superior de Educación en eskutan uzten zuten arazoa. Momentuz beraz udaletxeak baimena eman zigun libre zeudenak erabiltzeko, ta horixe egin genuen. Ikastolako bi gela beraz hortxe egin ditugu aurten. Legez oraindik Nafarroako Diputazioak ez digu baiezko edo ezezkorik eman. Badakigu Junta Superiorrek ezezkoa eman ziola desafekzioari, hau da etxea MECen eskutatik Udaletxera pasatzeari. Ta halaxe gaude, esan daiteke beraz, San Donato eskola publikoarekin ikastolak ez duela istilurik izan, nahastu egin da hau.
A.–Zein da Sakanako ikastolen historia?
P.M.A.–Duela 19 urte sortu ziren hainbat guraso eta gazteri esker. Etxarrin izan zen aurrena, gero pixkana inguruko herriak. Gela bat izan zen hasieran oso eskola zahar batean, apezek utzi ziguten lekua gero 74.ean. Nafarroako Caja de Ahorrosek kreditu bat eman zigun, esan behar da Urmeneta izan zela horren bultzatzaile eta atzenean barkatu egin zigun milioi erdia, ta eskerrak horri.
A.–Kopurutan eta nola zabiltzate eskolaren aldean?
P.M.A.–Hemen Etxarrin eskolaurean 74 eta OHOn 306. Aurten hasi gara BUPen Altsasun, guk Lakuntzako eskola batean nahi genuen, gazte gehienak Etxarrikoak baitira, baina Gobernuak Altsasura eraman gaitu, talde erdaldunarekin eskola berean. Eskola Publikoek haur guti jasotzen dute eskolaurrerako, urtean 2 edo 3.
INAKI CAMINO
Egundalako festa izanen al dute nafar haurrek igandekoan!
49