Benito Lertxundi, Folk Musikan Tradizioa Osatzearen Atzetik
1987ko maiatzaren 17a
Laster Grabatzekotan Da Hurrengo Diskoa, Iraila Aldera Kaleratzea Espero Duena
Benito Lertxundi, Folk Musikan Tradizioa Osatzearen Atzetik
Benito Letxundi berriz ere notizia dugu, hurrengo diskoa grabatzen hastekotan bait dago. Irailean izango omen da kalean, eta horretaz gain bere hainbat eritzi biltzeko aukera profitatu dugu.
ARGIA.–Beste diskaren bat prestatzen ari zara ala geldirik zaudela esan dezakegu orain?
BENITO LERTXUNDl.–Aurten maiatzean edo ekainean espero dut grabaketan hastea, ia prestaturik dudan diskoa, eta pentsatzen dut udara erdi erdian zaila izango dela ateratzen, badakizu oporrak eta giroa eta oso bereziak izaten dira, eta pentsatzen dugu iraila aldera aterako dela.
A.–Gaur egun nola ikusten duzu euskal folklorea, musikan, zuk landutako alorrean?
B.L.–Pentsatzen dut zenbait gauza egin direla. Gu hasi baino lehen koruak eta egiten zuten zerbait, nahiko sailkatua, hau da, nahiko lokalizatua zegoen kanta motakin egiten zen: koralen bidez, Euskal kanta zerrenda agertzea. Eta gero beste herrietan, Europan eta, normal egiten zen moduan, folk giro hori sortu zen, kantari bakarkakoekin etab. Hori esan behar da hasi zela orain 21-22 urte. Eta orduan 20-22 urte nik ez dut uste tradizio handiegia denik, behar lukeen desarroiloa emateko. Beste herrietan ikusi da badutela tradizioa, ehunka urte dituzte eta orduan gauzak askoz ere normalago, askoz ere egunerokotasun baten barruan egiten dute.
Hemen hori dena kontzientzi politikoak eragindako militantzi baten inguruan hasi zen, eta hor gauzak pizka bat behartuta egiten dira, ez normaltasun baten barruan beste tokietan egiten den bezala. Nahiz eta gauza batzu egin diren pentsatzen dut denborarekin ikusteko gauza izango litzatekeela, eskola sendoagoa eginik dagoenean etab..
A.–Zure kantak prestatzerakoan zenbait iturri erabiliko dituzu, zeintzu dira gehien bat erabiltzen dituzunak?
B.L.–Hori ere egia esan gero eta zailagoa egiten zait esplikatzea iturburuak non diren, ez báit gara askotan konziente gauzak nondik datozen, nik esan nezakena da egia da, iturri bezala oso gogozkoak zaizkidanak dira batez ere musika herrikoia, ez gure herrian dagoena edo egin dena bakarrik, beste tokietakoa ere. Oso gogozkoa dudana eta iturburu handia dena, Irlanda, Eskozia, Gales, Bretainia, mundu zelta hortan sartu dena, baita Europako Ekialdean eman diren gauzak.
A.–Zuen kantetan ere nabaritzen da arbasoen kantuetan kutsu berezia ematen diozula, nolakoa da kutsu hori?
B.L.–Begira, kasu honetan beti esaten dut, eman niezaioken kutsua, hau da, nik hartzen dut kanta herrikoi bat eta nik kanta horri eman nezaioken kutsua ez da arrazoiaren bidez egina, baizik eta nere izatearen edo nere erroetatik pasatzen denean, nere izaerak badu halako berezitasun bat eta horiek oharkabean ematen dizkiedala uste dut. Adibide bezala jartzen dut batzuetan, kanta herrikoi bat norbaitek kantatzen duenean, nahiz eta ongi kantatua egon, batzutan gertatzen da kanta herrikoi horri egin zaion zerbitzua, kantari horrek egin diona dela; baina beste batzuetan eta segun nork kantatzen duen, esaterako Laboak O Pello Pello! kantatzen duenean, beti esaten dut Mikel dela, zerbitzua O Pello Pello!-k egiten diola Mikeli. Kutsadura horiek askotan zaila dira esplikatzen zer diren. Batek duen sentitzeko modu hori jartzen du eta ez daki ze fenomeno gertatu den, askotan hirugarren batek, kanpotik entzuten duenak gehiago daki.
A.–Egin dituzun kantu guztietatik zein da zuentzat estimatuena?
B.L.–Estimazio kontuan nik uste dut aroak izaten direla. Bolada batean ari zara kanta mota bat egiten, eta multzo horretatik izaten duzu bat maiteago edo gehiago gustatzen zaizuna edo iruditzen zaizu zorrotzago edo behar bada azierto gehiagorekin osatutako kantua dela etab. Baina gero aro hori joaten denean hasten zara beste disko bat prestatzen eta orduan beste aro bat da. Esango nuke, nere oroitzapenetan kanta bat baino gehiago direla gustatzen zaizkidanak. Bolada bat izan nuen, iruditzen zitzaidalako nire isurketarik sendoena edo borobilena izan zela, denbora dexente iraun zidan «Askatasunaren semeak», luzaro estimatu nuen kanta izan zen.
PERU UNTZUETA
Benitok aitortzen duenez, "Askatasanaren semeak" izan zen luzaro estimatu zuen kanta.
50