argia.eus
INPRIMATU
Txomin Peillen: "Ez Da Jendeaz Trufatu Behar, Erakundeetaz Baizik"
1987ko apirilaren 19a
Txomin Peillen idazleari elkarrizketa
Txomin Peillen: "Ez Da Jendeaz Trufatu Behar, Erakundeetaz Baizik"
Baionako "Libaruaren Festa" delakoa profitatuz ere, Txomin Peillenek bere azken nobela aurkeztu zuen, "Aintza Txerriari" izenekoa. Horratx bere hitzak.
GALDERA.–Txomin, ez genuen zare nobelagile alorra oso ezagutua. Zerk bultzatu zaitu txerriari halako omenaldia egitera?
TXOMIN PEILLEN.–Hau nire laugarren elaberria da, ez da lehena, eta beste behin ere abereak agertzen ziren, "Katu beltza" izenekoan. Gizartea nolakoa den agertzeko askotan alegoria bezala erabiltzen da. Horregatik ere hartu nuen txerria. Zendako txerria? Txerria mespretxatua bait da nahiz eta txerriak dena ona duen, eta horregatik uste dut behar zela aintza egin txerriari. Txerrien minoria ez bait da sekula defendatu eta uste dut txerriek umore piska bat ere badutela. Horregatik txerriak mintzatzen dira nire nobela honetan.
G.–Orduan marjinalizatuen nobela bat dela erran daiteke?
TX.P.–Bai, txerriak bere txerri-bizitza kondatzen baina gisa berean jendea nola ikusten duen erraiten du. Erran nahi bait da, txerri begiekin gizona ez dela gauza polita, txerria baino itsusiago agertzen dela.
G.–Elaberri horretan irudimena da nagusi, edo beste zerbaitek bultzatu zaitu?
TX.P.–Badago irudimena. Saiatu naiz txerri baten larruan sartzen eta zer pentsatzen duen jakiten. Bere begien eta sudurren bitartez nola deskubritzen duen mundua jakiten saiatu naiz. Ainitz asmatu dut eta bestea umorezko lana da, irri egiteko. Herri honetan ez da aise irri egiten, eta irri egiteko beti behar da alegoria bat edo, asmatu. Ezin da gauza bat zuzenki erran euskaldunari, oraino jendea minberegi da, edo euskalduna sekretua da. Orduan piska bat euskaldun guztiez trufatzen naiz, ezkerrekoaz eta eskuinekoaz, erdikoez eta kolore gabekoez.
Umoreaz ere gauza bat errango dut: ez da jendeaz trufatu behar, organizazione edo erkundeetaz trufatu behar da. Urdezaindia, adibidez, edo Urdal Herria. Baina jendeaz zuzenki trufatuz gero, hunkitu egiten da, e? Elaberri honetan gogorki mintzatzen naiz, adibidez, Iruñea eta Baionaren kontra, txerriarengandik hainbeste eskuratu ondore sakonki mespretxatzen bait dute txerria. Bukatzeko, erranen nuke espero dudala egun batean posible izanen dela jendeaz zuzenki mintzatzea eta ez alegorien bitartez.
61

GaiezKulturaEkitaldiakAzokakBaionako li
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakPEILLEN1
PertsonaiazPEILLEN1