Luis Pedro Peña Santiago: "Paisaia Erabat Aldatu zaigu Denbora Gutxian"


1987ko otsailaren 15an
Luis Pedro Peña Santiagori elkarrizketa
Luis Pedro Peña Santiago: "Paisaia Erabat Aldatu zaigu Denbora Gutxian"
Edozein bide-zigorretan aurkituko zenuen. Mendian ibiltari alaitsua benetan donosfiar hau. Etxean ikusiko zenituen bere artikuluak bestela. Igandero argitaratzen du erreportaia bat Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian. Ba liteke zure etxeko kalendario batean egotea bere argazkia. "Gorbea" liburuan iragartzen duen kalendario dotorean. Ez ditu alperrik 30 liburu argitara eman gizon honek. Dena dela berarekin egoteko nahikoa duzu guk egindakoa egitea: Donostiako bulebarrean izkina egiten duen "Graphos" dendara jo eta hantxe aurkituko duzu. Hiztuna duzu, solaserako aparta.
GALDERA: Argitara berri dituzun azken liburuak direla eta, harrigarri egiten zaigu hainbat eta hainbat liburu zein artikulo nola egiten dituzun...
ERANTZUNA: Duela urte asko hasi nintzen etnografia mailan lan egiten. Nire lehen bi liburuak etnografiari buruzkoak izan ziren; urte haietan Aranzadi Etnografia Taldeko idazkari nintzen. Joxe Miel de Barandiaran orduan bueltatu zen exiliotik, bera zen lehendakaria. Adina zela eta, etnografia saileko lehendakaritza utzi zuenean neronek hartu nuen lehendakaritza hori.
Dena dela beti izan dut mendirako grina. Duela urte batzuk mendira joatea ez zen gaur egunekoa, autobusak, planoak, argazki kamarak etabar ez bait ziren esistitzen. Gaur egun, komunikabide berriak direla eta, kotxeak, autobusak, bidaia antolatuak... egoera erabat aldatu da. Nik ez dut txartzat hartzen, ez eta gutxiagorik ere, baina orduan zegoena beste gauza bat zen, ezberdina.
GALDERA: Zenbat liburu idatzi dituzu?
ERANTZUNA: Neroni ere harrituta geratu nintzen lehengo egunean liburu kopuruaz ohartu nintzenean. Dagoeneko 28 liburu dauzkat... eta beste hiru inprentan dauzkatenak, hau da, suerte piska batekin 30 izango ditut aurten.
Horrezaz aparte aldizkarietarako kolaborazioak, artikuluak eta beste lan moeta batzuk. Nola egiten den guzti hau? Bada gauza asko alde batera utzita. Zoriontsu sentitzen naiz ordea, ez da inolako sufrimendua.
GALDERA: Nola ikusten dituzu Euskal Herriko mendigoizale taldeak?
ERANTZUNA: Mendiak asko eboluzionatu du teknikoki, ez bakarrik herri honetan Europa osoan baizik. Nahiz eta krisialdia gogorra izan, jendearen "capacidad adquisitiva" delakoa askoz ere handiagoa da. Gaur egungo mendiarekiko kontzeptzioa ezinezkoa zen duela 10-15 bat urte. Jendeak, diru erraztasun handiagoaz gain, independentzia eta teknika askoz handiagoa du gaur egun.
GALDERA: Aurkeztuko al diguzu «Gorbea» liburua?
ERANTZUNA: Lehenengoa «Gorbea» dugu; egia esan "Aralar" liburuaren ondorio bat baino ez da. Izugarrizko arrakasta izan zuen azken honek, eta arrakasta horren eraginez «Aizkorri» liburua idaztera animatu nintzen. «Aizkorri»rekin berdina gertatu zenez gero,azkenean «Gorbea»rekin, trilogia osatzea erabaki nuen.
«Gorbea» liburuak urtebeteko lan ikaragarri bat gordetzen du bere barruan. Oso lan serioa, nere ustez. Kontutan hartu behar dugu mendi hau bere suntsiketaren mugan dagoela. Gaur egungo Gorbea gogorki ez badugu babesten mendirik gabe izango gara laister eta Bizkaiaren puska eder bat galduko dugu. Eta kontutan hartu mendi honek garrantzi eta indar handia duela gure herrian.
GALDERA: Zure azken liburuetako bat "La ruta de los brujos" dugu. Garrantzi handia ematen diezu sorginei. Benetan uste duzu sorginek hainbesteko garrantzia izan dutela Euskal Herrian?
ERANTZUNA: Bai. Garrantzia handia izan dute. Ez bakarrik gure herrian, Europa guztian baizik. Halaz eta guztiz, hemen kontinentean baino indar handiagoa izan zuten. Nere ustez hizkuntzak zerikusi handia izan zuen horretan, hots, inkomunikazioak. Sorginkeria nekazal giroan eman zen eta gizarte hartan benetazko minoria bat zen gaztelera erabiltzen zuena. Inkisizioarekin erabateko inkomunikazioa zegoen. Egon behar zuen. Inkisidoreek ez zituzten ulertu ere egiten nekazari euskaldunak. Oker egongo naiz agian, baina ez dut uste hain erratuta nabilenik. Bestalde lan interesgarria litzateke ikerketa bat egiteko.
GALDERA: Euskal Herriko arte altxorra kontrolaturik eta babesturik dagoela uste duzu?
ERANTZUNA: Orokorki begiratuta esan genezake kontrolaturik dagoela. Azken urte hauetan lan handia egiten ari dira lau diputazioak, gure arte-ondasuna errekuperatzen hain zuzen. Nafarroako diputazioa dugu seguruenik lanik handiena egin duena horretan. Beste hiru diputazioetan berrikiago hasi dira kontu hauek, Autonomiarekin. Halaz eta guztiz ezin esango dugu lehen ez zela lanik egiten. Benetazko abenturak kontatu ahalko genituzke gaur egun gordeta eta babesturik dauden hainbat eta hainbat gauza jasotzeko egin genituenei buruz. Lan gogorra egin izan dugu benetan inolako ekonomi-laguntzarik gabe. Donostiako Miramar jauregia esaterako, bota egin nahi zuten. Edota Legazpiren etxea Zumarragan. Edota Antzuolako gurutzea. Edota Aia herriko kalbarioa... nola salbatu ziren horiek denak eta beste mila? Kontatuko nizkizuke bai!
Lan horiek egiten ibiltzen ginenak minori bat ginen eta erotzat hartzen gintuzten.
GALDERA: Ekologiari buruz hitzegin dezagun. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera? Pinuak esaterako...
ERANTZUNA: Pinuena borroka luzea izan da. Parte handia izan dut borroka horretan,.polemika sortu zenean Aranzadi taldekoa nintzen eta. Ikerketa sakon bat egin genuen gai horri buruz. Nere eritziak liburuska batetan argitaratu nituen. Han esandakoak hantxe daude. Haietxek mantentzen ditut orain ere. Urte luze guzti horiek pasa ondoren ez da erantzun orokor bat egon, bai ala ez moduko erantzunik. Agian ez batak ez besteak zeukaten erabateko arrazoirik, dena dela oso sesio gogorrak izan zituzten batzuk, zein besteek. Beharbada esplotazio moderatu bat izan zitekeen soluzioa; erdibide bat postura kontrajarri haien artean. Ezin dugu ahaztu pinuak eragin izugarria izan duela gure baserrietan industrializazioa gure herrira iritsi zenean. Kontutan hartu behar dugu baserritarra konturatzen hasi zela hiriak 8 orduko lana eskaintzen ziola, oporrak, aste bukaerak libre, pisua, taberna, dibertsiorako erraztasunak... Oso tentazio handia zen guzti hau baserritarrentzat. Noski, sozialki, izugarrizko emigrazioa suposatu zuen honek. Gipuzkoa eta Bizkaia mailan herriak ez ziren abandonaturik utzi baina Araba eta Nafarroako haran hustuketa ikaragarria izan zen.
Garai batean aitonak landatu eta bilobak mozten zituen. Gaur egun berriz, diruari atera nahi zaion errendimentua dela eta, dena egiten da belaunaldi batetan.
Desertizazioarena ere badago bestalde. Ez naiz ni oso aditua horretan baina badirudi uste zen bezainbateko kalterik ere ez dela gertatu.
GALDERA: Dena dela aldaketa handiak eman dira paisaian
ERANTZUNA: Oso gauza garrantzitsu bat zera izan zen, teknikaren iristea mendien esplotaziora. Horrek erabat aldatu zuen paisaiaz geneukan sentidu guztia. Erabat puskatu zen irudi hura. Baserritarrak bizi zireneko ingurunea milaka urtetan bezala zegoen. Mendia, baserria, ura ...Mendizale |izatea erraza zen orduan. Baserritarra ibiltzen zen toki beretsutik ibiltzen ziren. Gauza bera ikusten zenuen. Bat egiten zenuten paisaia horretan. Teknika iristen denean ordea erabat aldatuko da mendia eta ingurune guziko paisaia. Pistak aurrena, telebisioaren errepetidoreak, argindarrerako posteak, telefonoa... Pinua ere errazago sartzen da horrela. Errendimendua atera nahi zaio... Apurtu egin da berehala milaka urtetan modu batean egon dena. Oso denbora gutxian.
Eta horrekin batera aldatu dira ohitura eta bizi-moduak. Iturriotz-eko erromeria esaterako. Kostaldetik Tolosaldea bitarteko guztia joaten zen horra. Ehundaka lagun. Erromeria horietan ezagutzen ziren gero ezkonduko zirenak. Gaur erabat aldatu da hau.
Zer da ekologia? Ekologia bai, baina beti egongo da interes batzuren zerbitzuan. Baserritarra eta bere ingurua... oso polita da, baina honek ikusten duenean 100.000 pezeta atera ditzakela hilean... Edota fabrika handi bat montatzen duenak, ekologia bai, baina ikusten du denbora gutxian egin dezakela bestela askoz ere urte gehiagotan egingo litzatekeena. Hemen instituzioak sartzen dira.
GALDERA: Nola ikusten dituzu antenak?
ERANTZUNA: Antenak? Goazen adibideak jartzera. Nork esango die Amezketakoei ez antenarik jartzeko? Haiek esango dute, zuk antena ez duzula ikusi nahi eta ni telebista ikusi gabe gelditu behar? Radioa entzuten geldituko naiz ni hemen? Kendu dezatela bada irratiaren antena ere bere tokitik! Oso erraza da Donostiatik joan eta hori kritikatzen hastea. Han bizi behar duenak jakin behar du zertan ari den.
Komunikazioetarako jartzen dituzten antenak dira besteak. Instituzioek eta daukate parte horretan. Baina Larrun bezalako mendiak nola utzi dituzten ikusita Ni ez naiz progresoaren kontrakoa, baina uste dut teknika kontrolatu egin behar dela.
GALDERA: Motorretan ibiltzen direnak ere
ERANTZUNA: Motorren kontu horrekin oso gauza bitxia gertatu zitzaidan. Badakizu zenbat mendi ibilaldi idatzi ditudan eta nola astero astero beste bat proposatzen dudan. Bada halako batean hor etorri zitzaizkidan batzuk esanaz mendi ibilaldi horiek asko gustatzen zitzaizkiela, eta esan nahi zidatela etabar. Asko poztu nintzen. «Bai, baina motorrean egiten ditugu. Aurrena Land-Rover batean motorrak eraman eta gero motorrean egiten dugu zuk proposatutako ibilaldia». Zer esango dizut! Gustatu ala ez gustatu hor dagoen errealitate bat da. Total, gero hor ikusiko duzu beste bat irratia tope jarrita mendian gora dihoala. Neri ez zaizkit motorrak gustatzen, baina errealitate sozial bat bezala onartzen ditut.
GALDERA: Ehiza?
ERANTZUNA: Ez dago eskubiderik. "Ehizaren legea" ezagutu gabe ere nola aritu daiteke azken denboraldi honetan bezala ehizean? Gaizki egin duzu! Hori salvajada bat da. Motorren kontuan bezala, ni ez naiz ehiztarien "kontra" bat. Baina edukazio eta kultura piska bat ez da gaizki etortzen. Oreka bilatu behar da. Begira, ekialdeko herrietan, Hungrian esaterako ikaragarri ondo zaintzen dituzte ekologia kontu hauek. Suizan, Austrian, Holandan... hanetan ere bai. Nik uste dut asko daukagula horiengandik ikasteko.
GALDERA: Eta hemen? Zaintzen al da ingurugunea? Nahiko lan egiten al da natura gordetzeko?
ERANTZUNA: Begira, gauzak egiten dira. Ez dakidana da ahal duten guztia egin duten, nahikoa egin duten ala bide onetik ari diren. Ez daukat kargurik, ez dut sekula kargurik izan eta ezin naiz horretan sartu. Gipuzkoan esaterako ez dakit zer ari den egiten parkeak eta zaintzeko. Bailara guztietan, eta krisisarekin ala gabe, progresoaren hondakinak gero eta nabarmenagoak dira. Garapena ezin duzu gelditu, baina ahalik eta minik gutxiena egin dezala, nahiz kapitalista nahiz sozialista izan. Ez bakarrik ikuspegi estetizista batetik begiratuta. Birikak sano edukitzeko ere, garbi, zaindu beharko litzateke.
GALDERA: Energia nuklearraren kontua ere hor dago. Zer iruditzen zaizkizu zentral nuklearrak eta?
ERUNTZUNA: Nik ez dakidana da energia atomikoaren garapenik egon daitekeen behar adinako garantiak gordeaz. Ez dakit. Garbi dagoena da energia iturri berriak bilatu behar direla. Zentral nuklearrak gaur egun ez, baina ikusi beharra dagoena da nondik ateratzen den beharrezkoa den energia hori.
GALDERA: Ekologia aldetik zer dela eta piztuko zenuke alarma gorria?
ERANTZUNA: Batez ere herrien neurririk gabeko hazkundea dela eta. Naturarekiko egon den mespretxua, ondorioz izan diren aldaketa guztiekin, kaltegarria izan da. Industriaren garapen kontrolatu bat egin beharko litzateke. Kontutan hartu natura daukaguna daukagula. Ez dago besterik!
GALDERA: Bukatzeko, ze mendi edo ze ibilaldi gomendatuko zenioke irakurleari?
ERANTZUNA: Hori bai zaila dela! Toki guztitan bait daude ederrak. Esango dizut bat dena dela. Erraz erraza. Zoragarria ordea. Zaldibiatik depositora joan. Han Enerioko galtzadatik igo. Jentilarriko trikuarria ikusi. Enerioko etxolak eta ikusi. Eneriotik Igaratza aldera jo. Irazustako Lepoako bidetik bueltatu. Ganbo eta lugarrain artetik pasa. Enerio lugarrango lepotik jo. Auza-Gaztelu parera jeitsi eta hortik berriz depositora. Ibilaldi merkea benetan. Ordiziaraino trenez. Zaldiblara autobusez. Eta kitto. Ibilaldia Euskal Herrian egin ahal izango den politenetakoa duzu.
Hortik salto egin eta beste paraje bat hautatu beharko banu Nafarroa eta Zuberoa bitarte horretan muga egiten duten mendiak aukeratuko nituzke. Orhy eta inguru horiek. Han dago euskaldunen muga. Handik ekialdera mendi handiak hasten dira.
Mikel MENDIZABAL
27-31

GaiezKirolaMendizaleta
GaiezGizarteaIngurugiroaEkologiaEkologia
PertsonaiazPEÑA1
EgileezMENDIZABAL1Gizartea

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude