Floren Aoiz, Jarraiko Arduradun Politikoa
"Irakaskuntzan Erdietsitakoa Lorpen Handia Da"
Aurreko larunbatean Jarraik ospaturiko kongresuan, arduradun politikoa hautatua izan den Floren Aoiz tafallarrarekin elkarrizketatxo bat egiteko aukera izan dugu. Korrika eta presaka baina Jarrai izan da mintzagai eta bide batez, gazteria eta honen ingurunea.
ARGIA.– Zergatik sortu duzue arduradun politikoaren irudia?
FLOREN AOIZ.– Hau bi alderditik ikusi behar da. Barne ikuspegitik zuzendaritza batzordea jende kopuru batez osatua dago eta batzorde honi nolabaiteko bizitasuna edo ta, herrialdeka egin beharrean nazional maila eman nahi diogulako, bilerak prestatzeko eta batzorde honek benetako funtzionaltasuna izan dezan pertsona bat honen arduran hautatu da.
Kanpo ikuspegitik, berriz, komunikabidetan ateratzeko, eskuarki, arazo mordo bat izaten dugu eta hortik aparte iruditzen zaigu zama guztia aurpegi batetan zentratzeak aukera gehiago emango digula, Jarrairen bozeramailea, azken finean.
A.–Nolako agintea izango da zurea?
F.– Nik aginterik ez dut. Nire lana gehien batean, bederen, bilerak prestatzea izango da. Nire lana ez da idazkari orokor batena izango.
A.–Kongresuari lotuaz, nolakoa izan da?
F.–Beti esan ohi den bezalaxe, oso positiboa. Nondik nora gindoazen aztertu dugu eta ikusten genituen akatsak zuzendu eta sortu dugun egiturarekin gauz zehatzetara jo dugu. Lorpen handia irakaskuntzan lortutakoa izan da. Ikastetxe mailan aurrerapen handiak izan ditugu.
A.–Udeletxei begiratuz, zein da zuen jarrera?
F.–Gure nahia udal hauteskundetan HBren eskutik zinegotzi gazteak lortzea izango da. Ez itxura puzteko, baizik eta gazteok udaletan, benetako partizipazioa izateko. Gure ustez, kaleko borroka udaletxeko borrokarekin lotu behar da. Gazte talde batek udaletxetik azpiegitura bat lortzen badu, hobeto baina horrek ez du esan nahi udaletxearen hatzaparretan erori behar duenik. Bata bestearekin loturik doa.
Zinegotzi gazte bat ateraz gero, ez du gazte sektore baten defentsa soila egingo, gazteria bere osotasunean hartu beharko du. Zinegotzi honen bidez, kale mailan mugitzen diren gazteen eskakizunak udaletxean aurkeztu eta defendatuko dira.
A.–Eta Gazte Asanbladak zer?
F.– Izugarrizko garrantzia dutelakoan gaude. Gaur egun bizi garen ingurunea ikusirik, gazteoi gelditzen zaigun aukera bakarra antolatzea da. Bakoitzak ikusiko du zein eratan antolatu baina antolaketa dagoen unetik indarra nabaria izango da. Badakigu, gurekin identifikatzen ez den gazte sektore borrokatzaile bat badagoela, baina antolatu eta mogitzen den bitatartean, izugarri deritzogu. Animatu besterik, ezin diegu egin.
A.–Eta bukatzeko, nola egin da zure aukeraketa?
F.– 40 lagunez osaturiko Batzorde Nazionalak izen bat proposatzen du eta gero militantzia osoak bere onespena emango dio. Batzorde honen kopuru handiak ahal den jende gehienaren partizipazioa adierazten du eta dauden azpi batzorde guztiei nolabaiteko gain begirada emango zaie, funtzionaltasun zorrotzenez ari daitezen.
X.L.
Floren Aoiz, Jarraiko arduradun politiko hautatu berria.
35