Nafarroako Komite Ekologistak: "Mobilizazioek izan dute eraginik"
ARGIA.–Egiatan eritzi publikoa aintzat hartzeari zor al zaio Urralburuk Perdon egin ez eta Lizarrako koartela Aintzoaina eramango dela aditzera ematea? Sinets al daiteke behingoz herriari jaramon egin diotela?
: KOMITE EKOLOGISTAK.– Deus ere ez dago garbi, pentsaemazu militarren aferak arras ezkutukoak izaten direla beti, eta horrek dena zaildu besterik ez duela egiten. Dena dela kontutan hartzekoa da Urralburu noiz mintzatu den, manifestaldi gaitzak egin eta berehala, hain zuzen aldameneko hiru herrialdeetan hauteskundeak direlarik eta Nafarroako legebiltzarrerako hauteskundeetarako guti falta denean, nik uste jarrera elektoralista dela, berak eskuak garbitu eta beste legebiltzar bat heldu denean ikusiko da zer egin.
Beharbada Nafarroako Gobernuak informazio gehiago balu zabalduko luke, agian berek ere ez dakite gehiegi, gai honi buruz dagoen iluntasun hori ez da batere lasaigarria. Gero gainera ezin da ahaztu eritzi publikoa arras indartsua gertatu dela, ez direla lau lagun, 32 udaletxe bildu direla.
Bestaldetik kontutan hartzekoa da beren argumentazioa kontraesanez blai dagoela: Lizarrako koartela erdigunetik urrutiegi dagoen atxakiaz kendu nahi dute, horregatik Perdonera. Atzeneko deklarazioetan Aintzoaina eramango dutela: hori erdigunetik hurbil dago bai, baina urrun mendialdetik.
A.– Eduki al dezake loturarik Perdoneko koartelaren inguruan izan den presak Espainia Otan-en sartzeko izan ziren hauteskundeen emaitzarekin?
K.E.– Begira, ejertzitoak bazuen, berek diotenez bederen, berregituratzeko eta modernizatzeko premia, horretan zeramatzan urte batzu. Gauzak horrela begiratuta normala da Perdonen dezenteko koartel bat eraiki nahia, baina gauza hauetan ezin da jakin, hasieran esan ziguten ez gintuztela OTANen sartuko, gero hor bai baina egitura militarrean ez ginela sartuko, eta hezurretaraino sarturik omen gaude egitura horretan, ezin zara jende horrekin fio izan, usteekin jokatu beharra duzu. OTANen sartzeak ere azkartuko zuen dudarik gabe koartelen itxuraldatze eta egokitzea, eta Perdon ere hor sartuko da beharbada.
A,– Perdon atsegin-gune izan dadin erreibindikatzen duzue.
K.E.- Egia esan, nahikoa deuseztutako ingurunea duzu Perdon. Azken urtean pistak egin dira igandeetan jendea joan dadin, pinua franko sartu dute eta telebistarako zutoinak ere badira. Ameztia eta artedia da jabe han, Iruñeko sakaneko mendi baju horietakoa duzu. Kontutan hartuz Iruñeako inguruan ale edo labore sartzen baso eta arbola guztiak kendu direla eta Perdon honela hondatu gabeko bakarra dela kontserbatu egin beharko litzateke. Nafarroako Gobernuak egin lan batean Perdongo mendikatea urbanizatu ezineko lurra da araudiaren arabera, atsedengune gisa gorde beharrekoa, eta gaur egun Perdonen jende asko ibiltzen da igandeetan: kometekin dela, perretxiko bila edo delta hegan dabiltzanak, horregatik horiek legedi bat behar dute Perdon atsedengune deklara dezaten, ehiztariendako leku estrategikoak eraiki dira, alferrikako pistak ireki e.a. honez gero galtzen hasia da eta zaindu egin behar da. Artediak gainera ekosistema gisa egundoko aberastasuna du txori nahiz gisa guztietako pizti eta zomorroetan: harrapariak, fuñak, basurdeak, satitsuak... Baita ameztia, artzantzak e.a. ikaragarri zigortutakoa, Iruñea inguruan hain errea dagoen lurra indartzeko balio duena, emankortasun handikoa egiten duena. Gero bertako basoak dituzu, aziendarentzat beharrezkoak, bordak e.a., leku horrek gaur badu funtziorik dagoen bezala.
A.–Zertan zarete beraz?
K.E.–Orain komitekoak zain gaude,Urralbururen deklarazioek itxaropen amiñi bat utzi dute, kalera irtetekoak gara Perdon atsedengune gisa erreibindikatzera, ez dakigu Urralbururen deklarazioen motiboa garbi zein den, baina guk itxaropena dugu. Udaberrian etengabeko akanpadak eginen dira Perdongo Frankoandian. Garbi dagoena da kalean egin diren mobilizazioek izan dutela nola edo halako eraginik Urralburuk deklarazio horiek egiteko. Auskalo goitik eman ordena izan den, planteamendu elektorala, estrategia kontua edo...badakizu lur legetan eta ezein legetan badirela salbuespen batzu ejertzitoa tartean denean, haren aldekoak noski. Gure burruka ez da bukatu, Perdon aurrera atera beharra dago, aldi berean Aintzoaingoa eta edonolako projektu militarren aurka joanik.
Iñaki Camino
26
GaiezGizarteaIngurugiroaEkologiaMobilizazio
GaiezGizarteaIngurugiroaEkologiaMugimenduakBesteak
EgileezCAMINO1Gizartea