argia.eus
INPRIMATU
Natxo de Felipe: "Hamabost urte bete ditu Oskorrik euskal kantagintzan"
1986ko azaroaren 30
"Oskorri in fraganti" disko berriarekin hamargarren elepea kaleratzear
Natxo de Felipe: "Hamabost urte bete ditu Oskorrik euskal kantagintzan"
Disko berria dakar Oskorrik bere sorreraren hamabostgarren urtebetetzean. Disko horren izena "In fraganti'' izango da, eta abendurako kalean izango da.
Guk ere 'infranganti' harrapatu nahi izan ditugu beraiek, eta Natxo de Feliperekin berba egiteko parada izan genuen. Berak kontatu digu, 15. urteurrena horrekin batera beste zenbait proiektu ere badituztela eskuartean: kantaldi-espektakulu batzu otsailerako eta ehun abestiz osaturiko liburua.
ARGIA.– Dagoeneko Oskorriren sorreraren hamabost urte bete direla jakin dugu. Nolabait ospatuko al duzue?
NATXO DE FELIPE.–Bai, egia da, honez gero kunplituak ditugu. Gaur egunean musika talde batek hamabost urte betetzea oso normala ez dela iruditzen zaigu, eta nolabait ere ospatzea nahi genuen, nahiz eta oraingoz kontua pixka bat atzeratu egingo den, ze holako ospakizun batek beti ematen du aintzinako edo kutsu zahar bat, arriskutsua gauza berriak egiten ari baldin bazara behintzat. Horrexegatik nahi izan dugu disko berria atera arte atzeratzea.
A.–Noizko aterako da bada diskoa?
N. de F.–Ba, Durangorako bai. Aste honetan bertan agian, elkarrizketa hau kaleratzearekin batera. Gero, otsailean edo, ospakizun bat egiteko asmoa daukagu, hamabost urte hauengatik elkarri belarritik tiratzeko: kantaldi bat egingo dugu. Asmoa zera da, ahal bada, kantaldia zuzeneko disko batean grabatzea eta Telebistarako–edo bestelako telebisio batetarako bestela–imaginak hartzea. Berehala zabalduko den Arriaga teatroan bizpahiru ikuskizun emango genituzke, zenbait antzerki talderen espektakuluekin, beste musiko batzuren errefuertzoarekin... musika kantaldi soil bat izan ez dadin. Ikusiko dugu, oraingoz kaleratzear dagoen diskoa bait da eskuartean daukagun lehen ardura.
A.–Zenbakarren diskora iristen zarete datorren honekin.
N. de F.–Hau hamargarren elepea da, doble bat ere badaukagula kontutan hartuz gero. Honetan berrikuntzarik ba ote dakargun ez gara oso konziente, gauzak egiten ari zaren ahala ez bait duzu antzematen, baina eboluzio musikala agerikoa da.
Diskoaren edukia heterogeneoa da, oraindik ere guk lan monografikoak egiten ditugula uste duen jende bat badagoen arren, aintzina egin genituen bezala. Hura kasualitate bat izan zen, alde batetik Arestirekin kantu mordo bat egin genituelako, eta bizi izan zen bitartean gure letrista izan zelako, eta bera hil ondoren bere kantuekin omenezko diskoa atera genuen. Hurrengoa Etxeparen kantuekin egin genuen, denbora hartan oso interesaturik egon ginela-eta. Bestela heterogeneoak dira kantuok.
A.–Zer ekarriko duen aurreratuko zenuke? Izenburua, abestiak...
N. de F.– Izenak ez du edukiaren zerikusi handirik, azken diskoetan "Adio Kattalin", "Hau hermosuria!" eta horien antzera, kasu hauetan barrukoa definitzea baino zerbait musikalagoa eskeini nahi izan dugularik. Eta "Oskorri in fraganti" deituko da oraingoan. Portada berak ere zertxobait eragin du izena aukeratzerakoan nik uste, taldeak egindako lan konkreturen bat izango balitz erizpidea bestelako izango litzatekeela.
Testuei dagokienez, badira Joxe Austin Arrietarenak, Joseba Sarrionandiarenak, Amurizarekin moldaturikoa, Jon Sarasuarenak, herri kanturen bat eta gure atrebentziaz egindakoak. Musika aldetik ere hoterogeneitate hori mantentzen da, taldeko Bixente Martinez, Antton, Fran edo nik konposaturikoekin; gehi herri kantuak, noski.
A.–Azken aldi hauetan, Oskorri kantaldi eta diskoetara mugatzetik ihesita bestelako kolaboraziotan ere murgildu da.
N. de F.–Zera gertatzen da, euskaldungoaren mundua oso ttikia dela eta askotan nolabait ere besteren proiektuetan parte hartu behar izaten dela. Guk gustora gainera. Ez da lehendabiziko aldiz liatzen eta ligatzen gaituztela. Azken honetan, "Maskarada"rekin. Ezaguna da bestalde, Arestirekiko gure maitasun izugarria, eta adiskidetasun handia izan zela denbora hartan. Hauek beren proiektua azaldu zigutenean... nola ukatu.
A.– "Maskarada"rekin harreman estua duzue.
N. de F.–Bai, aurrekoan ere"Gastibeltzaren karabinak" obrako musika jarri genien. Egia esan, beste zenbait ere etorri zaizkigu gure kolaborazioaren eske, baina ezinezkoa zaigu jadanik. Iaz pare bat pelikulatarako musika egin genuen: "Kalabaza tripontzia" eta oraindik atera ez den Telebistarako serie batetarako. Baina horrek izugarri kentzen digu denbora gure zereginetarako, eta nahiago genuke gure proiektuei dena ematea, daukagun kalendario estua eta guzti. Ez da beraz, besterik posible izango, nahiz eta gustoz hartzen ditugun guztiok.
Eta "Maskarada"rena, ba, "Gastibeltza"rentzako musika egin genuenean, pasatu genien aspaldian guk Arestirekin egindako teatro lanaren gidoia. Guk Arestirekin batera, eta Burgosko juizioa zela-eta, teatro musikal ttiki bat egin genuen, "Oskorrigaitz" deitzen zena. Iaz esan ziguten bazutela, Arestiren heriotzaren hamargarren urtehurrena zio, zerbait taularatzeko asmoa, eta gidoi hura pasatu genien, gero beste bide batetik abiatu diren arren. Eta horretan parte hartzeko proposamenari ere baiezkoa eman genien.
A.–Arestirekin berriz, ze harreman izan zuen Oskorrik.
N. de F.– Nik ez nuen Aresti ezagutzen, baina bere liburuetatik hartutako poesiekin pare bat kantu egin nituen eta bere etxera joan ginen kantatzera. Gustatu egin zitzaion. Jende askok uste zuen hainbat polemika piztu zuen gizon hura zeharo zakarra zela eta nik zer dakit! Keba, aldiz oso gizon atsegina zen horretarako. Eta gogoratzen dut ez ginela bere laguntza eskatzen bakarrak izan. Gu hasi ginen berarekin batera kantuak eta moldatzen, harreman pertsonaleraino heldu ginelarik. Eragin handia izan zuen orduan Arestik gure musikan, gure musika egiteko modua bideratu zuelako nolabait, berari esker jo genuelako euskal kantutegietara, bertsolarienganako interesa sortarazi zigulako.
Beste nonbaitetik esan izandu da modu hortako testuak izkiriatzera behartu genuela eta abar. Eta ez da inola ere egia. Mukitsu batzu ginen gu, esperientziarik gabekoak, eta aldiz, nik uste, berak aurretik bazituela tankerako poesiak. Bera ere konturatu zen desberdina zirela irakurtzeko izkiriatzen zuen poesia eta kantatzekoa, publikoaren aurrean bapatean bota eta harrapatu behar dena. Horregatik zen zuzenagoa gure kantuetarako erabiltzen zuen hizkera, politikoagoa. Behinola gure kantuekin gidoi antzeko bat egiteko proiektu batzu aurkeztu zizkigun, aurrera atera ez zirenak, baina azkenean nahiko landutako bat bidali zigun eta luzatu egin genuen pixka bat: "Oskorrigaitz". Burgosko prozesuaren ondorengoa zen, obra oso zuzena eta gogorra, leku itxitan eta ezkutuki dozena erdi bat aldiz egin genuena.
A.– Oskorrik harrera ona izan du azken urteotan. Musika herrikoia eta folkaren berpizitea ote dator...
N. de F.–Ez dakit. Guk ez dugu nahi gure musika folk etiketa estu horretara mugatu nahi. Etiketa horren azpian oso gauza inbomilista bat bait dabil, betiko gauzak errepikatzen ari den jendea. Baina gure musikaren harrera on hori beste konponente batzu eskeintzen dituelako dela, egoera berezi batean bizi garelako euskaldunok eta gure izakera etengabeki erreibindikatzeko beharra sentitzen dugulako. Eta gainera ahalik eta modurik modernoenean. Espainia mailan nahiko folk puroa egiten dute, eta guk aldiz ez dugu inolako beldurrik izan jazz eta pop-etik hartutako eraginak hartu eta gure estilora egokitzeko.
Gure esperinetziak jakinarazi digu gutaz oso gutxi dakitela kanpoan eta beti ere jakinmina erakusten dute, kreatibo eta estetikoak ez diren beste arazo batzuengatik ere. Pribilegiatu samar izaki, Alemaniara ailegatu gara disko batekin eta baliteke Frantzian beste bat atera ahal izatea.
Elkarrizketa amaitu genuenean beste kontu bat aitatu zigun Natxo de Felipek: beren ehun abesti bilduko dituen liburua kaleratuko dutela datorren urtean, partiturez nola kantuen letrez osatua, alemanera, ingelesera, gaztelera eta frantseserako itzulpenez. Bitxikeria polita!
Gorka ARRESE
46-47

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakOSKORRI
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakDE FELIPE1
PertsonaiazDE FELIPE1
EgileezARRESE1Kultura