Alberto Ormaetxea: "Hemen, entrenatzaile onak eta konpetenteak daude"


1986ko azaroaren 09an
Alberto Ormaetxea futbol entrenatzaileari elkarrizketa
Alberto Ormaetxea: "Hemen, entrenatzaile onak eta konpetenteak daude"
Alberto Ormoetxea eibartarra oso ezaguna dugu euskal kirol munduan, Errealeko jokalari eta entrenatzaile izana bait da. Bera ezagutzen duen edonork badaki ondo gizon honen kategoriaz. Hitz gutxiko gizona, serioa baina, aldi berean, atsegina eta umila. Bere urterik onenak Errealean igaro omen ditu eta, honexegatik, etxekoa sentitzen dela aitortu digu. Orain dela bi urte Erreala utzi beharrean aurkitu zen, bere ordez atzerriko entrenatzaile bat kontratatu zutelarik. Alicanteko Hercules ekipoan denboralditxo bat pasa ondoren Donostiako Antiguo auzoan topatu dugu eta elkarrizketa hau duzue horren lekuko.
GALDERA:Noiz eta non sartu zinen futbol giroan?
ERANTZUNA:Ni Eibarren hasi nintzen jokatzen jubenil mailan 15 urterekin. Gero Urkora pasa ninduten, 18 urterekin, regionalean jokatzen hasi nintzelarik gero Eibar ekipora pasatzeko. Hogei urterekin Donostiara etorri nintzen baina berriro ere Eibarrera zeditu ninduten soldaduzka garaian. Ondoren Sansen bi urtez ibili eta Errealera pasa ninduten, hamaika urtez jokatu dudalarik. Gutxi gora-behera 23 urtekin hasi nintzen Errealean jokatzen, bigarrengo dibisiora jeitsi zenean hain zuzen.
Egia esanda, neretzat jokalari bezala, pozik handiena bigarren dibisiotik lehenengora igotzerakoan izan nuen. Ordutik, gora-behera handiekin baina, lehenengo dibisioan mantendu da.
GALDERA: Hamaika urtez txuri-urdin kamiseta jantzi ondoren, nola izan zen entrenatzaile izateko eman behar izan zenuen saltoa?
ERANTZUNA: Bueno, orduan Andoni Elizondo zegoen errealeko entrenadore eta bigarren entrenadore izatea proposatu zidatenean baietz erantzun nuen. Horrela bost urte egin nituen tartean Iriondo eta Irulegi entrenatzaileak pasa zirelarik. Irulegik kontratoa bukatu zuenean neri esan zidaten ia ekipoa hartu nahi nuen eta baietz. Horrela, lehenengo entrenatzaile bezala, zazpi urte egin ditut.
Oso desberdina da bigarren entrenadore izatea edota lehenengoa. Ni bigarren entrenadore egon nintzen Elizondo, Iriondo eta Irulegirekin eta orduan ez nuen errespontsabilitate haundirik, lasai zaude. Lehenengo entrenadore bezala jarri nindutenean beldur pixkat sentitu nuen nigan erortzen zen errespontsabilitateagatik, baina garbi neukan Errealeko entrenatzailea izan nahi nuela eta huraxe zen nire oportunidadea.
GALDERA: Entrenatzaile hasi zinenenan, hasieran, lehenagoko eskemekin jarraitu beharko zenuen, ezta?
ERANTZUNA: Ez da izaten lehengo entrenatzailearen eskemak jarraitu ala ez, ekipoak zer eskatzen duen baizik. Ordurarte Errealak normalean atze xamarrean jokatzen zuen baina ez zen Errealaren jokatzeko modua bakarrik, besteek ere berdin egiten bai zuten. Guregatik asko esan da baina jendea ez da konturatzen ekipo gehienek berdintsu jokatu izan dutela.
Nigatik aurrera begira jokatu beharrean atzera begira jokatzen genuela ere esan dute, baina ez da egia. Ekipo guztiek kanpoan jokatzen dutenean atzean jokatzen dute kontraerasoaren zai. Guk ere horrela jokatu izan dugu. Etxean aldiz guk nahiko aurrera jokatu dugu, askotan ekipo guztia besteen area barruan sartuta egon eta golik sartu ez. Atzera begira ezin da jokatu, jokatu behar da beti irabaztera eta guk irabazi egiten genuen. Azkenengo urtean puntu asko galdu genituen etxean eta halere zazpigarren atera ginen. Kanpaina oso ona izan zen baina txarra izan zela diote. Iaz zazpigarren atera zen Erreala eta kanpaina oso ona izan zela diote denek, zer esan bebar duzu...
Entrenatzaile bezala, nire lehenengo urtean gaizki hasi ginen baina laugarren atera ginen. Gero, bigarren urtean bigarren ateratzea lortu genuen, 32 partidu galdu gabe pasa ondoren lehenengoa Sevillan galdu genuelarik. Benetan pena bat izan zen eta jendeak ulertu zuen. Hirugarren eta laugarren urteetan irabaztea lortu genuen, Errealaren historian ordurarte lortu gabekoa. Ezin da hitz batzurekin kontatu orduko sentimendua. Hura gehiegia izan zen. Bosgarren urtean zazpigarren atera ginela uste dut, seigarren urtean seigarren eta zazpigarrenean zazpigarren.
GALDERA: Bi txapelketa eta bigarren postu bat jarraian. Entrenatzailearen eragina hain handia al da ekipo baten funtzionamenduan?
ERANTZUNA: Ni jokalari oso onekin aurkitu nintzen ekipoa hartzean. Dena dela, hemen gertatzen dena zera da, kanpoko entrenadore bat etortzen bada eta partidoak irabazten badute eta txapelketa lortu, esaten dute entrenadorea oso ona dela, baina etxekoa baldin bazara ekipoa ondo dihoanean jokalariei esker da eta entrenatzailearen errua gaizki baldin badoa.
Nik ez dut uste horrela denik. Ekipo baten martxan jokalariek erantzukizun zuzena dute baina entrenatzailearen eragina ere handia da, jokalariek berak markatutako taktika jarraitu behar bait dute azken finean.
GALDERA: Gero beherakada. Zeintzuk izan ziren faktore nagusiak?
ERANTZUNA: Urte haietan gure jokalariek partido asko jokatzen zuten. Ligako partidoak jokatuz gain Europako ekipoen aurka ere jokatzen genuen. Bestetik, ekipo erdiak selekzioan jokatzen zuen. Guzti honek desgaste handia suposatu zuen ekipoarentzat. Ekipo handietan jokalariak desgastatzen diren neurrian berriak fitxatzen dituzte, baina jokalari oso onak. Horrela ekipo hauek ez dira resentitzen eta txapelketa berriro lortzeko posibilitateak mantentzen dituzte. Hemen ezin dugu horrelakorik egin eta horregatik izaten ditugu horrelako gora-beherak. Orain eduki dezakegu ekipo ona eta gertatu daiteke, baita ere, hemendik urte batzuetara hain ekipo ona ez izatea. Bolarak izaten dira etxeko jokalariekin bakarrik kontatu nahi baduzu. Nik ez dut esan nahi politika honen aurka nagoenik, alderantziz.
Nik ez dut uste taktikaren eboluzioak eraginik izan duenik. Futbolean kontua ez da bi edo hiru jokalari aurrean edukitzea, baloia besteak daukanean baloia gureganatu eta gola sartzen intentatzea baizik. Berdin da bi, hiru, lau edo bost baldin badira. Gaur egun ia jokalari guztiek jokatu dezakete posizio desberdinetan. Gertatzen dena da batzuk besteak baino hobeak direla eta, nik momentu haietan jokalari onenak nituen.
GALDERA: Beste urte beterako kontratoa zenuela entrenatzaile lana utzi beharrean aurkitu zinen. Zergatik?
ERANTZUNA:... Ni etxekoa sentitzen nintzen, 26 bat urte bait neraman ordurako. Horregatik direktiba nigana zuzendu zenean, nik esan nien ekipoaren zerbitzura nengoela eta beraien ustez entrenatzailearen aldaketa beharrezkoa baldin bazen nik beste postu bat beteko nuela. Horrela lehenengo dibisioko ekipoen ikuskatzaile bezala jarri ninduten kontratoa bukatu arte.
Nik ez dut esango prentsak orkestatutako zerbait izan zenik. Zuek ni baino hobeto dakizue prentsaren eragina demassa dela. Prentsak, eta komunikabideak orokorrean, ekipoaren onerako edo kalterako asko egin dezake. Prentsak laguntzen badu beste lasaitasun batekin ateratzen da ekipoa zelaira. Indibidualki gehiago nabarmentzen da.
Halere, horrelako postu bat hartzen duzunean jakin behar duzu aurretik komunikabideek kritikatuko zaituztela. Hau normala da, batzutan kritikak onak izango dira eta besteetan txarrak. Ni, dena dela, neure bideari eusten eta jarraitzen saiatu nintzen kanpoko eraginei kasurik egin gabe.
Urte beteko kontrato hori ikuskatzaile lanetan pasa nuen. Errealak jokatu behar zituen partidoen aurretik, ni informe zehatzak pasatzen saiatzen nintzen aurretik beste ekipoek jokatzen zituzten partidoak ondo estudiatu ondoren. Lan hau beharrezkoa da nahiz eta ekipoak elkar ezagutu. Aste batetik bestera aurreko ekipoak jokaldi berriak entrena ditzake eta horren berri edukitzea komenigarria da. Lan honek zuen txarrena bidai pila bat egin bebarra zen.
GALDERA: Errealak utzi zintuenean Alicanteko Hercules taldeko entrenatzaile izatera pasa zinen. Kontatu eiguzu hango gogoetak.
ERANTZUNA: Jokalariekin ez dut inolako prolemarik eduki. Entrenamenduak hemengo aldean motzak izaten ziren hango beroarekin jendea lehenago izerditu eta nekatzen bait zen. Egia esan jokalariak ondo portatu ziren, saiatzen ziren. Normala da bestetik bigarren dibisioko ekipo batetan lehenengo dibisiokoan baino teknika gutxiagoko jokalariak aurkitzea. Honengatik izan daiteke nire eskemak behar bezala ez funtzionatzea.
Direktiba ugaria zen, hamazazpi hemezortzi bat. Ekipo barruko prolemak kaleratu egiten zituzten, hango jendearen ohitura izango zen nonbait. Nire ustez ekipo batetan sortzen diren prolemak barruan konpondu behar dira. Horrela gertatzen zen Errealean eta pentsatzen dut horrela jarraituko duela. Nirekin ondo portatu dira.
Eskema eta taktika aldetik ez dago desberdintasun handirik lehenengo eta bigarren dibisioen artean. Kalitate gutxiago bai, hori nabarmentzen da baina fisiko aldetik jende guztia ondo dabil. Guk suerte txarra izan genuen lehenengo partidoetan, okasio ugari sortu baina azken orduan golik sartu ez. Urduritasuna sartzen joan zen eta horrela ezin da ekipo bat aurrera atera.
Euskal Herritik kanpora egoteak nahi gabe ere izan du eragina niregan. Gogorra egiten da kolpetik lehenago zenituen adiskiderik gabe aurkitzea, lehen edukitako aholkularirik gabe aurkitzea, txokotik kanpo bizi beharra.
GALDERA: Zer diozu kanterako politikaz, bai jokalari eta bai entrenatzaile aldetik?
ERANTZUNA: Ni beti politika honen alde agertu naiz kontsekuentzi guztiekin. Kantera kontuan, nik uste dut lana ondo egiten ari dela lehen bezala. Baina hemen gertatzen dena zera da jendeak ez duela ulertzen kantera onena eduki arren jokalari onenak ez edukitzea. Lehen esan dudan bezala beste ekipo batzuk atzerriko eta estatuko jokalari onenak fitxatzeko aukera dute. Ekipo hauek beti edukiko dute goi mailako jokalariak eta txapelketa irabazteko aukera. Bestalde, nahiz eta kantera onenakin kontatu, urte batetik bestera gora-behera asko izaten da, aurtengo sagarrak eta hurrengo urtekoak berdinak izango ez diren bezala. Beraz, Errealak beti gora-behera handiekin ibili beharko du hemengo jokalariez ornitzen jarraitzen badu.
Kontu honekin jarraituz, nigatik asko esan izan ohi da jokalaririk ez nuela aldatzen ekipoan, beti ekipo berdina ateratzen nuela zelaira alegia. Gaur egun, bi urte betetzen direnean utzi nuenetik, oraindik ekipoa ez da aldatu. Lehen Sansen jokatzen zuten jokalari batzuk noizean behin partido bat edo beste jokatzen dute baina ez zaie jarraipenik ematen. Nik Mujika igo nuen Sansetik Errealera eta titular bezala jarri. Orain ere bera bakarrik ari da lehengoko Sansetik titular jokatzen. Non daude orduko kritikoak? Zer aldatu da ba? Garbi dago jokalari batek partidoak behar dituela konfidantza hartzeko eta hori igandero jokatuz lortzen bat edo beste jokatuz.
Entrenatzaileei dagokienean, nik uste dut hemen entrenatzaile onak daudela eta konpetenteak. Ez dago historia piska bat egin besterik euskal entrenatzaileek mantendu duten goi-mailaz konturatzeko. Ez dakit zergatik ekarri behar den kanpotik entrenatzaile bat hemengoak nahikoak baldin badira. Nik behintzat honela pentsatzen dut.
GALDERA: Entrenatzaileak zeren bila joaten zarete, espektakuloa ematera, puntoak lortzera...
ERANTZUNA: Espektakuloa entrenatzaile eta ekipo guztiek eman nahi dute. Zer gertatzen da? Zuk etxean jokatzen duzunean espektakuloa eman nahi duzu baina kanpotik datozenak beste taktika bat erabiltzen dute, ahaleginak egiten dituzte zuri espektakuloa galerazteko. Norgehiagoka horretan garaile ateratzen denak definitzen du partidoaren bilakaera. Denok jokatzen dugu espektakuloa ematera, irabaztera, puntoak lortzera... Indarrak parekatsuak ez direnean, normalean, indarrik handiena duena gaindituko zaio besteari. Indarrak parekatsuak direnean zailago izango da bakoitzak nahi duen futbola praktikatzea eta, aldi berean, espektakuloa eskaintzea.
GALDERA: Araudi berri honekin kantera zaintzen duten ekipoak ahulago sentituko dira ezta?
ERANTZUNA: Garbi dago horrelako araudi bat kanteraren alde diharduten ekipoen galerarako joango dela. Araudi honetaz aprobetxatuko direnak ekipo handiak izango dira, diru asko dutenak alegia. Araudi berri honen arabera kontratoa bukatzen duen edozein jokalari libre geratzen da beste edozein ekiporekin fitxatu ahal izateko zenbait asunto kontutan eduki gabe. Ni ez nago jokalarien eskubideen aurka, alderantziz baino. Halere uste dut lehentasunak eskaini behar direla kantera defendatzen saiatzen diren ekipoei. Bestela gertatu daiteke jokalari batek asko destakatzea jubenil mailan eta ekipo handi batek fitxatzea zure lanaren erdian, Lopetegirena kasu.
Ekipo handiek, araudi hau atera ondoren, diru gutxiago eskainiko diote beraien kantera bultzatzeari, ez bait dute behar izango.
T. ITURRIA
27-31

Gaiez\Kirola\Futbola\Entrenatzai
Gaiez\Kirola\Futbola\Taldeak\Real Socied
Pertsonaiaz\ORMAETXEA2
Egileez\ITURRIA2\Kirola

Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Eguneraketa berriak daude