argia.eus
INPRIMATU
Karmelo Landa: "Hau ez da omenaldi bat, lekukoa jaso eta pasatzea baizik"
1986ko urriaren 26a
Karmelo Landa Gabriel Aresti idazleaz
Karmelo Landa: "Hau ez da omenaldi bat, lekukoa jaso eta pasatzea baizik"
"Laster beteko dira hamabi urte Gabriel Aresti hil zenetik, eta gogoan ditut idazleen sakralizazioaz aipatu izan direnak, besteak beste Joseba Sarrionandiak "Ni ez naiz hemengoa"n zioena. Arestiren lana jaso eta prestatzerakoun, guk ez dugu omenaldi bat atondu. Ez diogu aitaren etxeari, inguruko arkitekturarekin homologatua gelditu dadin, ezpal, ertz edo punta zorrotzik leunduko". Hitz hauekin laburtzen du Karmelo Landak Gabriel Arestiren literatur lanen edizioa prestatu duen taldearen asmoa.
Informazio-Zientzien Fakultatean literaturazko irakasle den Karmelo Landa aspaldian ari da Arestiren obra aztertzen; horretan ziharduela ikusi zuen idazle bilbotarraren obra eta alderdi ugari gordetzen zela oraindik itzalpean, publikatu gabe eta hor-hemenka sakabanaturik. Edizio osoaren ideia proiektu bilakatu zen bost pertsonen taldea osatu zutenean, duela jada urte bete.
KARMELO LANDA.–Azken urte honetan Arestiren lana biltzeari ekin diogu: argitaraturik baina hainbat tokitan barreiaturik aurkitzen zena; horrez gain, material berri ugari aurkitu dugu Arestiren Bilboko eta Eako etxeetan, baita biblioteka eta etxe partikularretan.
Lehen momentutik hartu genuen xedetzat edizio guztiz zehatza prestatzea, Arestiren lumatik sortua jatorrizko bertsioan jaso eta modu oso zehatz eta fidagarriz eskaini ahal izateko, horretarako, alde batera utzi ditugu ondoren egindako itzulpen eta moldaketak, eta Arestik berak bertsio desberdinetan eman zituen lanen kasuan, jatorrizkoaren ondoan beste bertsioak ere eskainiko ditugu. Lanen urtea, ingurua, bertsioak...,garrantzizko diren datu guztiak oharren bitartez eskainiko ditugu.
ARGIA.– Zer dago berririk eta zer bereziki aipagarririk moldatu duzuen edizio honetan?
K.L.– Nahikotxo izango da orain arte argitaragabe zegoen materiala. Poesian, aipagarrienak akaso "Zuzenbide Debekatua"ren bertsio osoa, edo "Bizkaitarra" berriak, baita azken poesien artean doazenak, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak ere. Narratiban, hiru kondakera inedito doaz. Itzulpenetan berriz, Valle-Inclann-en "Divinas Palabras" euskaratua, Neruda, Brecht eta beste.
Baina literatur lan espezifikoez gain, nolabait esatearren, azpimarratu nahi nuke artikuluek, hitzaldiek eta gutunek duten interesa, guzti hauek balio handikoak baitira, ez soilik Arsetiren irudi-nahiko-hautsia osatzeko, baita eztabaida, motibo eta kultur-gai bizi ugari ukitzen dutelako, eta beti ere Atestik zuen ikuspegi eta jarrera txit bizkor eta kritikotik. Neu behintzat txundituta gelditu nainz hitzaldiak irakurtzerakoan... oso aberatsak dira, oso sujerigarriak. Gainera, une oso esanguratsuetan gertatu ziren: hor daude Hernanin, Tolosan eta Ondarroan emandakoak, Baionakoa, Bartzelonako Unibertsitatean emana, eta beste asko.
Baina azken finean gure ahalegina guzti hori modurik egokienean jende aurrean jartzera bideratzen da. Gero, irakurri eta jendeak izango du hitza.
A.– Noizko eta nola izango dira liburuak kalean?
K.L.– Taldea osatu eta edizioaren proiektua bururatu zitzaigunean, SUSAn argitaratzea erabaki genuen. Arazoa zera da, euskal kulturaren transmisioa egiterakoan, Unibertsitateak eta bestelako erakunde ofizialek, dituzten baldintzak eta mugak medio, ez dutela betebehar hori modu egokian betetzen. Lan hori euskal gizarteko beste taldeen eginkizun geratzen da. Gaur egun, nire ustez, SUSA da talde horietako bat lehenago–Arestiren garaian– Kriselu edo Lur izan ziren bezala. Talde honek egin du posible gure kasuan edizio hau (10 liburu, ia 3.000 orrialde) modu eskuragarri eta egoki batez kaleratzea, gainera Arestiren famelia lagunduz eta, batez ere, Arestiren lan osoa, ezer kendu gabe, herriari eskainiz. Horri esker, beraz, ez da transmisio kulturala eten, eta Aresti bere osotasunean ezagutu ahalko da. Abendurako izango dira kalean liburu guztiak.
39

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakARESTI1
GaiezKulturaEkitaldiakOmenaldiak
PertsonaiazARESTI1
PertsonaiazLANDA3