argia.eus
INPRIMATU
"Bisasti" euskaltegia eta Zumarragaldeko berreuskalduntzea
1986ko urriaren 26a
Sendotuz doan euskaltegi batetako irakasle bi mintzo
"Bisasti" euskaltegia eta Zumarragaldeko berreuskalduntzea
Orain dela hilabete batzuk ireki zuen Zumarragaldeko "Bisasti"k egoitza berria. Ordutik hona egin duten bidea izan dugu mintzagai.
Nahiz eta larria izan inguru hortako euskararen egoera, AEK-ko euskaltegi honen ikaslegoa gehituz doa eta itxaropenez beterik dihardute aurrerantz bertako irakasle eta ikasleak. Horretaz eta beste gauza batzuetaz jardun genuean lehengo batean Joxe Mari Etxaniz eta German Barrena irakasleekin. Lehen lehenik bi etenen ondorio dugun euskaltegiaren historiaz aritu ziren:
BISASTI.– 1980. urtean lehen etena gertatu zen. Gaueskola hartan zebiltzan irakasle gehienek utzi egin zuten euskararen irakaskuntza. Militantismo hutsarekin hautsi zen lehen urtea dugu hau, irakasleak kobratzen hasi ziren eta. Egoera honetan lokal baten beharra planteatu genuen. Udaletxera jo eta baldintza oso kaxkarrak zituen lokal bat eman ziguten.
Hala eta guztiz ere, oraindik gaueskola funtzionamendua gainditu gabe zegoela ikusi zen nahiz eta lokal bat izan. Une honetan sortuko da bigarren etena.
85-86 ikastaroaren haseran, baldintza egokiak eskeiniko zituen lokal baten premia nabaritu genuen. Urte t'erdian erabili dugun lokala aurkitu eta horri esker euskaltegi funtzionamendura pasa ahal izan ginen. Irakasle kopuruaren gehitzea ere ekarri zuen honek: 165 ikasle bilduz euskaltegi funtzionamendua hasi zenetik.
ARGIA.– Irakaslegoaren baldintzak ere aldatu ziren prozesu honetan, ezta?
B.– Irakaslegoari dagokionez, dedikazioa azpimarratu behar da. Egun osoz hasten dira lanean euskaltegian. Nolabait esateko, Gau-eskola dinamika horrekin hautsi eta euskaltegi izatea lortzen da irakaslego fijo batekin.
A.– Funtzionamenduaz ari garenez gero, Eskualdeaz hitz egin beharko genuke.
B.–83-ko Korrikan lortu zen eskualde funtzionamendua. Orduan hasi ginen Legazpiko AEK-rekin koordinatzen Korrika aurrera ateratzeko. Ekintza puntual honen ondorioz, bai eraketa aldetik, bai irakaslego aldetik, eskualde mailan funtzionatzen hasi ginen. Lotura bat lortzea zen helburua. Gaur egun Zumarragaldeko AEK-z hitz egin beharko genuke orokorki.
A.– Aurrerago irakaslegoaz hitz egin dugu, orain ikaslegoari datorkio txanda. Zein motatako ikaslegoa biltzen duzue?
B.– Batzuk diotenez, AEK-k ikaslego berezia du. Guk ez dugu uste hori egia denik. Ez zaigu iruditzen ikasle tipologia bat duenik Bisati euskaltegiak. Behar bada garai batetako militantismo batekin lortzen da AEK-ren izena, baina gaur egun kaleko pertsona arruntena dago euskaltegian, karreradunak, langabetuak, martxosoak, etab. Moeta guztietako jendea dugu.
Dena dela esan beharko genuke langabetuak baduela ikastaro trinkoak hartzeko joera. Hau joan zen otsailan langabetuentzako egindako ikastaroan nabaritu genuen.
A.– Gaia aldatuz, zein da euskararen egoera Zumarraga-Urretxun?
B.– Orain dela hilabete batzuk kaleratutako txostenaren arabera, egoera guztiz kezkagarria da. Hor badago beste eginkizun bat gaur egun AEK-k daraman linea horretan bete beharko genukeena. Ikusi behar dugu euskalduntze prozesua bera nola erabili herria euskalduntzeko. Ez dedila izan klasean, orma artean geratzen den gramatika saio bat.
Gure eskualdean badira beste talde batzuk helburu honekin lanean ari direnak. Legazpin hor dugu HOTS eta bere inguruan sortutako beste taldeak (HOSKA, e.a.) HOTS-ek badu gaur egun funtzio bat Legazpin eta hori onartu egin behar da. Zumarragan ZUEK taldea dugu.
Zera gertatzen da, taldeak hor ari direla lanean bakoitza bere aldetik eta koordinazio baten falta somatzen dela. Bakoitzak euskararen alde egiten duena ikusten du ez dela nahikoa, eta beste taldeekin koordinatu beharreaz konturatzen da.
Dabid ZUAZALDE
42

GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAlfabetatze
GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAEKBesteak
EgileezUAZALDE1Hizkuntza