Txomin Hegi abeslariari elkarrizketa
Azkenengo Kantu Xapelketa irabazi du Iparraldean
Txomin Hegi: "Kantatzea, nonbait, nere baitan delako"
Txomin Hegi gehiago ezagutua da antzerkiaren munduan, baina badu bizpabiru urte kantuz ere ari dela. Horretaz mintzatzera jo dugu.
Bere "carriere" delakoa aipatu ditugun bizpabiru urte baino luzeago ere izan liteke "Urrakoa" taldearen garaietara jotzen badugu. Gisa horretan badirake bospasei urte kantagintzari lotua dela.
ARGIA.– Zerk eraman zintuen kantatzera?
TXOMIN HEGI.– Ez horrela, carriere bat finkatzeko eta ixtorio, baina kantatzea, nonbait, nere baitan delako, eta hori behar dudalako hain segur. Hori da nere arrazoin bakarra... Ez dut batere pentsatu: "Zergatik kantatzen duk?" eta hola, hori maite dudalako, hamar mila aldiz adiskideekin kantatu dudalako, edo mahain baten inguruan nere familian etab... Hara, kantatzea, nonbait nere parte bat delako, eta bai, beraz, taula gainean, hori behar baldin bada aipatu bon, gauza batzu agertu ditudala... Behar bada, "Urrakoa" izan da neretzat memento berezi bat...
A.– "Urrakoa" bai, geroxeago aztertuko dugu; ezagun bilakatu zara kantagintzan, Jojo eta Bernadette Bordagarai bikotea, kitarraz laguntzen atrebitu zinenean...
TX.H.– Arrazoin duzu, eta beraz, ez du bost urterik gure aferak, badu gehiago, arrunt bitxi da hori, gogotik ateratua zitzaidan. Hori ere bitxiki hasi zen: orduan Gabadin nintzen erakasle, eta bon, gazte horiek Ospital eta Carreren kantu batzu abesten zituzten,eta nik, kitarrarekin, zenbait bram-bram egiten nituen, akort. Eskatu zidaten, heian laguntzan ahal nituen, eta hola hasi zen. Egia erran, beraz, beste kantu batzurekin abiatu ginen, eta galdeak eta galdeak izan, eta bon, gazte horientzat izanen zela interesanta zerbait bereziren egitea, eta lehen kantuak moldatu nituen. Neretzat, ez dut uste orduan, jadanik kanturik eginik nuenik, horientzat zerbait egin nahi nuen, berek ere gauza batzu idazten zituzten. Horrela, zazpi-zortzi kanturekilako ikusgarri bat antolatu ginuen, kantaldietarako. Urte betez. Lan horrek disko bat ere eman zuen; nik lan guti egin nuen hortaz: ez niz formatua, ez dakit arreglatzen, konpontzen. Lan hori ELKARekoek egin zuten..
A.–Gero, beste urrats bat, hain zuen URRAKOA espektakuluarekin, zuk eta Peio Serbielek moldatu zenutena. Esplika pixkat...
TX.H.–Hori izan zen gure lehen esperientzia pertsonal bat, bon, Peiorekin aspalditik pentsatzen genuen, eta asmatzen ari ginen zerbaiten ondorioa izan zen. Gero, taldea beste hiru lagunez osatu zen, bost izan ginen orduan. Gure nahia zen, ikusgarri doi bat berezia ateratzea, kantu pertsonalago batzuekin eta hola. Behar bada, orduan hainbeste ohidura ez zen kantu molde batekin, edo galdua zen tradizio bati jarraikiz, pentsatzen baitut hori izan dela Euskal Herrian, baina badakizue militantismo huts eta borroka hutsaren kantagintza egiten zen orduan, hortarik nahi ginuen pixkat ateratu eta nahi ginuen zerbait pertsonalago, barnekoago edo ez dakit pretenzione hori bazuenez, eskaini. Denbora hartan ere, ni antzerkian jadanik lanean ari nintzen, eta nahi nuen doi bat antzerki hutsetik hautsi eta kantua aurkitu ere nonbait. Horrelako lotura bat egin genuen. Hor bazen antzerkia, kantuak lehentasuna zuen, baziren Itxaro Bordaren texto batzu ere, hori biziki inportanta zen, gure textu batzu, argazkiak eta argiak ere landu ginituen; erran nahi baita ikus
A.– Orain, ez zaitugu hainbeste ikusten tauladetan, ordea diferenki kantatzen segitzen duzu...
TX.H.– Bai, ez hainbeste... Nere gostuko sobera ikusten naute tauladetan, biltzarretan... Biltzar eta historio, hori ere taulagain eder bat da, ez da uste izan behar. Antzerkian berriz hasi naiz karraskan, Bordaxuri taldearekin.
A.–Bukatzeko: zure lehen LPa noizko?
TX.H.–(irriz) Bon, batzutan galdera hori egiten dautate. Eztut momentuan, inoiz ere pentsatu holako gauzarik egitea. Eztut enbeiarik ere. Ezta prolema bat neretzat. Behar bada egun batez enbeia hori ukanen dut, eta orduan eginen dut... Hara...
Itxaro BORDA
40