argia.eus
INPRIMATU
B. Bakaikoa: "Unibertsitate ofizialaren desmadreak jo egin gaitu"
1986ko uztailaren 13a
Baleren Bakaikoa solasean UEUz
Baikor agertzen da, halere, UEUren etorkizunaz
B. Bakaikoa: "Unibertsitate ofizialaren desmadreak jo egin gaitu"
Balere Bakaikoak argi adierazi digu UEUren egoera zein den, zein eragina duen euskal unibertsitaterako bidean. Elkarrizketa ezin argigarriagoa.
Gutxi falta da UEUk hilaren 14ean bere ateak zabaldu ditzan Iruñeako saioari dagokionez. Aukera egokia UEUko buruzagia den Balere Bakaikoarekin hitz erdi bat edukitzeko.
ARGIA.–Hamalau urte pasa ondoren, UEUk nolabaiteko estabilizazioa lortu duela esan al daiteke?
B. BAKAIKOA.– Bai, esan daiteke baietz, baina dena dela hor badaude sail batzu erdi zintzilik, eta urtetik urtera beti berri batzu sortzen dira. Ikasle eta irakasleen artean urtero eta egunero egiten den lan hori ematen den bitartean, beti egongo da gorabeherarik urte batetatik bestera, baina funtsean esan daiteke UEU estabilizazio maila haundi batetara heldu dela. Estabilizazio hori, gainera, ez dagokie sailei bakarrik, helburuen eta eritzien aldetik ere batasun eta tinkotasun haundi batetara heldu garela esan daiteke. Non lan egin behar, zertan, zertarako, zein espazio bete behar duen... iadanik nahikoa argi daukagu.
A.–Goiak jo al du?
B.B.–Ez, ez du jo. Gure historia ikusten badugu argi dago asko aurreratu dela baina baita askoz gehiago aurreratu daitekeela ere Duela hamalau urte zer egiten zen UEUn eta orain zer egiten den ikusiz gero aldaketa begibistakoa da, baina etorkizunaz gauza bera esan daiteke. Ez, UEU ez du oraindik goiak jo. Bideak eta posibilitateak baditugu aurrera jotzeko.
A.– Errepikatzearen edota egunerokotasunaren arriskurik somatu al duzue?
B.B.– Arrisku haundia dauka beti gauza beraren inguruan ibiltzeak, baina pentsatu behar dugu herri honetan murgildurik gaudela, eta herri honek baduela dinamika berezi bat. Dinamika horrek ez dizu lotan gelditzen uzten, arrisku hori gutxiagotu egiten da, behartzen zaitu gauza berrietara jotzen. Burokrazian erortzeko arriskua beti dago, pertsona konkretu batzu ezinbestekotzat bilakatzea, baina orain arte ongi ihes egin dugu arrisku horretatik. Orain arte salbatu egin dugu burokratizazioaren arriskua.
Gero ere kontutan hartu behar da nahiz eta UEU urtean zehar egin Iruñea dela gure biltoki nagusia, hamabost egun horietan ematen dela kontaktorik estuena, eta horrek ere lagundu egiten du zentzu txarreko estibilizazio horretan ez jausten. ahalik eta euskara gehiena izan dadin tresna bat izatea nahi genuke UEU. Lehen urrats bezela, eta Euskal Herri osoan, unibertsitate elebidun bat lortzea da gure helburua.
A.– UEUren zirikatze hori nabaritzen al da unibertsitate desberdinetan?
B.B.–Nik uste dut baietz unibertsitate ofizialetan batik bat. Zenbait fakultatetan lehen zikloa euskaraz ematen da, eta hor UEUko jendea dabil planifikatzen. Euskararen Kontseiluan ere gehiengoa beti UEUko jendea izan da. Orain Barberáren ekipoan dagoen Euskararako Erretoreordea ere UEUko kidea dugu. Begibistakoa da eragin edo zirikatze hori. UEUren inportantzia nabaria da.
A.–Edade aldetik ba al dago erleborik UEU barruan, ikasle nahiz irakasle mailan?
B.B.–Ikasleen artean klaroenik ematen da. Gure bezeriaren parterik haundiena BBBeko 3.a, UBI eta Unibertsitateko lehen kurtsoetan dago. Nik esango nuke bi urtetik bi urtera guztiz aldatzen dela ikasleen panorama. Oso jende guxti dago urtetik urtera joaten segitzen duena. Irakasleen aldetik ez da hainbesterako baina hor ere ematen da nolabaiteko erleborik. Esate batera, aurten Historia Sailaren ardura eraman duena 5. kurtsoko bat da. Hori inportantea dela iruditzen zait.
A.–Azken galdera: zer berri dagor aurtengoari begira? Nola dibujatzen ari da panorama?
B.B.– Kalitatez uste dut iazkoa baino hobexeagoa dela, eduki aldetik esan nahi dut. Gertatzen da unibertsitate ofizialean egon den desmadre itzelak gertutik jo gaituela, fakultateak itxita egon dira eta azterketak pilo bat atzeratu dira. Hori matrikulazio aldetik asko nabaritu dugu. Adibidez gu hilaren 14ean hasten gara, eta fakultateetan 20an eta 24ean ere badira azterketak. Jendea oraindik azterketekin dabil, burua horretan dauka, eta hori nabaritu egingo dugu, dudarik ez dago.
Josu LANDA
43

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaUEU
PertsonaiazBAKAIKOA1
EgileezLANDA2Gizartea