Bixente Serrano. Izko, Auzolaneko Buru
"Ez Dakigu Zein Etorkizun Duen Auzolanek"
Ezker Berriko eszisioarekin Euskadiko Ezkerratik aterea, Auzolan izena bera ere neurri handi batean Bixente Serrano Izkori lotua dago. Iruñera jo dugu bere bila.
ARGIA.–Auzolan hasiera batean Nafarroako egoerari egokitutako egitura bat bezala ikusten zen. Baina Komunitate Autonomora ere zabaltzera ausartu zineten.
Bixente Serrano izko.–Aurretik bagenekien oztopoa besterik ez genuela aurkituko. Sozialdemokraziaren ezkerretara dagoen espazio hori Euskadiko Ezkerrak betetzen du han baina ez partidua ezkerretara dagoelako: botoa ematen diotenak konturatu daitezkeena baino askoz PSOE alderago dago Euskadiko Ezkerra.
Baina hala ere zabaldu egin genuen gure asmoa beste hiru herrialdeetara, espazioa ikusten genuelako, baina batez ere Auzolanek euskal nazio projektu izateko bokazioa duelako. Eta urratsa egin genuen
A.– Ez dirudi lanaren fruituak langileak gustora utzi dituenik.
B.S.I.– Neri dagokidanez atera genuena baino askoz gehiago ez nuen espero. Orain dudarik gabe gehiagoren itxaropena zuten askorentzako kolpe gogorra izan zen.
A.–Nazio projektu bat aipatu duzu. Nola definituko zenuke, alboan dituzun taldeetatik pittin bat bereiztearren?
B.S.I.– Dudarik gabe, ezkerreko projektu bezala, eta sozialdemokraziaren ezkerretara. Jende asko ez da horretaz sobera konturatuko, baina ezaugarri hori oso inportantea da Euskadiko Ezkerragandik bereizteko.
Herri Batasunari dagokionez ezberdintasunak ez dira hainbeste ideologikoak baina bai erakunde politiko batek bereganatu behar dituen tresnei buruzkoak. HB gehiegi dago kondizionatua kanpoko zenbait baldintzaz. KAS alternatibaren negoziaketaren planteamentuari lotuegia dago. HBrentzako badirudi alternatiba hori lortu ondoren bakarrik hasi daitekeela erakundeetan parte hartzen, sailez sail organizatzen eta abar.
Gu ere negoziaketaren alde gaude, baina KAS alternatiba ez da bultzatu behar alternatiba politiko eta estrategiko bezala, iruditzen zaigu negoziaketa hobeto bultzako litzateke HB indartuko balitz, beregana erakartzen dituen sektoreak politika aldetik lan egin eraziz. Hori, nere ustez. ez du egiten.
Estrategian daude ezberdintasunak, beraz, Instituzioetan parte hartu behar dela iruditzen zaigu, sektore autonomoak eratu eta desarroilatu behar direla.
A.–Sustraiko arazoak ez al du izena ETA?
B.S.I.–Bai, baina ez zuzen ETAri dagokionez. ETA hor dago, eta errealitate baten fruitua da. Planteamendu politikoetatik soilik konpondu daiteke ETA hor egotea. Baina gure lan politikorako ETA hor egoteak ez digu arazorik sortzen, arazoa sortzen diguna zera da, erakunde horrek hain mediatizatua edukitzea HB.
A.– Baina Auzolan antolatzeko erabakia zertan oinarriturik hartu zen: espazio eta projektu politiko ezberdin bat bazelako, ala espazio elektoral bat ikusten zelako, besteren artean HB instituzioetara ez zihoalako?
B.S.I.- Gauzek gero eraman duten bidearekin. Hego Euskadiko beste herrialdeetan hauteskundeek espazio politikorik eza azpimarratu dutela uste izan da. Esan dizut lehen nere eritzia, ez nuela uste askoz emaitza hobeak izango zirenik. Gauzak hola joan dira, hala ere, eta horregatik ari gara gaur egun Auzolanen eztabaidatzen zer egin behar dugun gaurtik aurrera, ezkerra ezker izaten segi dezan gure aletxoarekin laguntzeko.
Nafarroan, dena den, askoz gehiago sendotu da eta dagoen espazio horrek projektu politikok ezberdin baterako bidea uzten du.
A.– Nola ikusten duzu Auzolan momentu honetan?
B.S.I.–Une kiritiko batean dago orain Auzolan, eta hortik ari gara gauzak planteiatzen, ea zer aportatu behar dugu ezkerak ezker izaten segi dezan. Une kritiko bat da, baita Nafarroan ere. Ez hainbeste Auzolan barruko egoeragatik, edo kanporik ezagatik, garbi dago-eta badagoela. Eta kanpo hori hartu nahian dabiltza beste indar politikoak ere.
Hor dago Euskadiko Ezkerrak erreferendumean bota duen eskaintza, Euskadiren batasunaren aldeko talde eta elermentu nafartarrak bildu daitezen. Kanpo horren bila dabitza "Plataforma Cívica" delakoaren bertsio nafartarra egin nahi dutenak ere. Iglesias estatu mailan egiten ari den operazioaren barruan. Horretan ari da apostuan gogor EKA. alderdi karlista. EE ere plataforma horretan harrapatu nahiz. Eta kanpo horren bila gabiltza gu ere.
A.–Ezker Berri ez duzue talde gisa sendotu.
B.S.I.–Ezker Berri ez da sekula izan zera besterik: politikaz erreflexioak egiten dituen talde bat, eta ahal duena laguntzen duena. Baina sekula ez du partidu bihurtu nahi izan. Korronte politiko bat da soilik, eta organizazio handirik gabe, barne organizaziorik ez bait du eduki nahi gainera, korronte politiko bat Auzolan barruan.
A.–Komunitate Autonomoan behintzat badirudi inork ez duela Auzolanen aldeko aposturik egin nahi. LKI berak ez omen du honez gero bultzatu nahi.
B.S.I– Bueno... ez dakit. LKI Auzolan osatzen duten gainerako indarrak bezala ari da, barruko debateari bere aportazioak eginaz, Hori bai, argi edukiz kanpo politiko bat baden arren, hori hartzeko haina ez dela indartu garbi edukiz. Denon artean biltzarrak, bilerak, konferentziak, egiten ari gara hemendik aurrera nondik jo erabakitzeko.
A.– Ez al duzu definitu nahi Auzolanen etorkizunaz?
B.S.I.–Ez dut definitu nahi, ez.
A.–Zuek Euskadiko Ezkerra ongi ezagutzen duzue. Ez ote zaizkizue tentatzen ari azken eskaintzekin?
B.S.I.–Nafarroan egin duten eskaintza funtsean PNVko espultsatuei eta guri bidali digute mezua. Eta gero baita independiente desartikulatuei.
A.–Eta EEren eskaintza horretan sartzeko posibilitaterik ba al da?
B.S.I.– Aldez aurretik ez dugu ezer haztertzen. Orain, ikusi beharko litzateke, aztertu... Prentsan irakurria bakarrik dakigu oraingoz.
I.Z.
16, 17