argia.eus
INPRIMATU
"Hertzainak" Bere Bigarren Lp-Az
1986ko martxoaren 16a
"Hau Dena Aldatu Nahi Nuke" Da Bere Izena
"Hertzainak" Bere Bigarren Lp-Az
"Hau dena aldatu nahi nuke". Izenburu honekin atera berria du "Hertzainak" taldeak bere bigarren diska, eta hori dela eta, haiekin solasaldi bat eduki nahi izan dugu.
Gazteiztar talde honek lehenengo diskan lortutako arrakasta gainditu nahian plazaratu du bigarren hau. Diska honek taldearen indartze eta garapena frogatzen du. Euskal Herriko mugak hautsiz, kanpoan ere ezagutzen hasia da. Urteetan ihardun ondoren, berrikuntzarako joera eta aurrera joateko nahia nabariak dira. Taldean abeslari den Garirekin elkarrizketatu gara, diska berriaz, beraien aurrerantzeko asmoez eta Euskal Herriko musika egoeraz hitz egiteko.
ARGIA.– Bigarren diska honek aldaketarik suposatzen du?
GARI.–Bai, oraingo diskaren ezberdintasunik nabarmenena hauxe izango litzateke, abestien letren aldaketa. Lehenengo diskoan, Euskadin nolako burruka eman zen deskribatzen genuen, baino oraingo honelan istorio ezberdinak erabiltzen ditugu gure letrak egiteko. Adibidez "Egunero" abestian Lord Ingles baten istorioa kontatzen dugu. Baina Euskadin gertatzen diren konfliktoak ere jakin erazten ditugu, letra batzuren bidez, "Eutsi Gogor" abestian "Euskalduna"n gertatutako arazoez kantatzen dugu.
Musika aldetik, berriz, ez da eman aldaketa handirik, nere ustez. Teklatua eta tronpeta sartu dugu taldean, hala ere, linea berberean jarraitzen dugu. Adibidez, "Hil ezazu aita" "Kontrola" abestiaren kutsu berdintsua dauka.
A.–Jendearen ustez diska honek ez du aurrekoaren martxa. Zer deritzozu honi?
G.–Nere ustez hau ez da egia, gertatzen dena da lehenengo diska atera baino lehen bi urte egon ginela jotzen. Gero plazaratu genuen diska, ordurako denek ezagutzen zituzten abesti guztiak. Oraingoan alderantziz jokatu dugu, diska atera baino lehen, zenbait abesti aurkeztu ditugu, baina ez guztiak. Hau dela eta jendeak ez du oraindikan diska berri hau ezagutzen.
Lehenengo diskarekin ere hau egin nahi izan genuen, baina, ezin izan genuen lortu.
A.–Euskal taldeak ez dira askotan Euskal Herritik irtetzen, zure ustez non dago arazoa?
G.– Euskara izan daiteke arazo bat, ez garrantzitsuena. Kanpoko jendearekiko harremanak oso urriak direnez, Euskal taldeek ez dute kanpoko kontzertuetan parte hartzeko aukerarik izaten. Hau bai dela oztopo bat!
A.– Epe laburrera, baduzue kontzerturen bat hemendik kanpo?
G.– Bai, hilabete honetan, martxoan, hiru kontziertutara goaz; lehenengoz Bartzelonara, gero Madrilera eta azkenik Huescara. Ez dira beste munduko kontzertuak izango, baina guk "de puta madre" pasatzen dugu eta bide balez, kanpoko mobida ezagutzeko ere aprobetxatzen dugu.
A.– Orain kontzertuetan, normalean Pottato-rekin jotzen duzue, zergatik?
G.– Zaramarekin edo Polla Records-rekin jotzen genuen bezala oraingo bolada honetan Pottato-rekin gabiltza, gainera,beste arazotxo bat ere badugu. Pottatoko bi partaidek gurekin jotzen dute eta Josu beraiekin, beraz, behartuta gaude elkarrekin jotzera eta oso gustora gainera. Huescan, adibidez, Pottato gabe jo behar dugu hauek Anti OTANeko kontzertu batean egongo bait dira. Honek, jakina, kristoren mugida suposatzen du, ez dugu ez tronpetarik, ez teklaturik izango.
Taldean garbi daukagu aldaketak agertzen direnean hauei aurre egin behar diegula. Tito-ren istripuak taldearentzat aldaketa handi bat suposatzen zuen eta orain teklatuak eta tronpeta sartzeak ere.
A.– Eta diska honen salmentak, zer moduz?
G.–Nahiko ondo, gainera jendea abestiak ezagutu ahala gehiagotu egiten dira.
A.– Noiz arte mobida honetan?
G.–Guk, oraingoz behintzat, jarraitzeko asmoa dugu. Euskadin azkenengo hiru urte hauetan ugaritu egin dira kontzertuak eta jendea mugitzen hari da. Baina infra-estruktura, zirkuito bat egon behar da hemengo taldeek jo dezaten. Etorkizunari begira, iraupena lortu behar da mugimendu trinko bat ziurtatzeko.
Blanca AGIRIANO
43

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakHERTZAINAK
PertsonaiazGARITAONAI1
EgileezAGIRIANO1Kultura