argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Langile Transferituak Gatazkan
1986ko otsailaren 09a
Lanpostuaren Homologazioa Dela Eta
Bizkaiko Langile Transferituak Gatazkan
Langileen mugimendu eta protestak ezagutu ditu azken asteetan Bizkaiko Foru Ahaldundiak. Eusko Jaurlaritzatik Bizkaiko Ahaldundira transferituak izan duen langileak, aurretik berton daudenekin parekatu nahi dute lan baldintza eta soldatetan. Eskariak egin, eta Lan Auzitegiaren erabakia dute alde langileek, baina hala ere berdintasunaren jomuga urrun ageri da.
Gai honetaz hitz egiteko Langile Ordezkaritzako partaide duen Amaia Etxebarria eta Aniceto Prietorengana jo dugu bertako egoera azal diezaguten.
ARGIA.–Azken egunotan langile transferituen mobilizapenak bizi izan ditugu. Azal dezakezue arazoaren nondik norakoa?
LANGILE ORDEZKARITZAKOAK.– Azken batetan LHL-an (Lurralde Historikoen Legean) oinarritzen da. Lehenagoko Eusko Jaurlaritza txarra bazen ere behintzat hiru herrialdetako batasuna gordetzen zuen, baina oligarkia konturatu zen horrela ez zuela estuki kontrolatzen gauza, eta LHL-a bultzatu zuen, boterea hurbilagotik eskuratzeko asmoz.
Ingurune honetan, Eusko Jaurlaritzapean geunden langile batzu edo Madrilgo gobernutik zuzenean gentozenak diputazioetan bukatzen dugu. Egoera honetan desfase handia egon da batzokian, hau da Eusko Jaurlaritzan, geneukan soldata eta diputazioetan daudenen artean. Homologazio baten bitartez saiatu ziren konpontzen arazoa, baina oso garestia ateratzen zela.ikusi zutenean praktikara eraman ezina zeritzoten. Honetaz gain prestaketa eta ezagutza eza handia daukate zer eta nor transferitzen zaien jakiteko. Orduan, aterabide bezala beste sasihomologatze bat egiten ari dira, soldatak apur bat igonez langileak kontent edukitzeko, baina sekula ez langile transferituak eta lehendik zeudenak parekatuz.
Gu esaterako, Eusko Jaurlaritzak zuzenean kontratatuak izan ginen, baina gure soldatak ez zegozkien lanpostua betetzeko eskatzen ziguten baldintzei. Hau azaldu diegunean erantzuna beti izan da berbera: lasai, orain soldata txikia daukazue, baina datorren urtean igoko dugu eta laster Diputazioetako langileak izango zaretenez konponduko duzue dena.
A.–Horren txikia da kobratzen duzuen soldata?
L.O.–Gauza bat esango dizut kontura zaitezen, lehendik diputazioan lanean zeudenek guk baino bi aldiz gehiago jasotzen dute lan berbera egite arren. Ahaldundiak % 25-30eko igoera eskaintzen du zenbait kasutan, baina aurretik geneukan soldata horren txikia zenez ba ez gara parekatzera iristen diru pila dela pentsatu arren.
A.– Ze sektoretatik datoz langile transferituak?
L.O.–SEFOCONA-koak basozainak dira, baita bideginak, zerbitzu teknikoak, kultura (kultur egoitzak, ez kultura berez), eta giza ongitasuna. Giza ongitasun barnean INAS eta Adingabeko Auzitegi Zaindarra, baina ez Auzitegi bera, ikastetxeetan lanean ziharduten langileak baizik. Adingabeko Auzitegi Zaindaria Madrilen menpe dago oraindik. epaileak ahalmena du oraindik mutiko bat barneratu edo kalean uzteko.
A.– Esan duzunetik asma daiteke badagoela deserdiratzea baina ez benetako autonomia...
L.O. Hori egia da. Orain aipatu dizudan kasuan epailea eta zaindariak Gobernu zentralaren menpe diraute, eta ez da kasu bakarra, bideginak ere antzera bait daude. Madrilekoek egiten dute errepideen planketa orokorra, eta Ahaldundiak baimena eta oneritzia behar du, osasungintzan gauza bera etab.
Dena den ahalmena daukatenetan ere eskuak garbitzen dituzte. Gure kasuan, haurtzaindegietan esate baterako, eduki badituzte konpetentziak baina ez dute ezer egiten.
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, ez du inongo gogorik lege gatazkatsuak aurrera ateratzeko, ze konpontzeko ezer sormena behar izango lukete, eta gobernu honek ez dauka. Nahiago du lehengo gauzak dauden moduan jagon eta administrariak izatea, besterik gabe.
A.–Aipatzen ari zarete planifikazio falta, eta lehenago aipatu duzu zerbitzuen pribatasunerako joera daukala Ahaldundiak, ezta?
L.O.–Bai. Transferituta hartu dituzten guztiei esan diete nahiago izango zutela transferentziak langile gabe hartzea. Eusko Jaurlaritzari edo Diputazioari merkeago ateratzen zaie lekaimeei eta ikasketak burutu berri dituztenei senide gabeko umeak zaintzeko pisu batzu jartzea haiengandiko menpekotasuna daukaten langileei ordaintzea baino. Harrigarria da ikustea nola Eusko Jaurlaritzak ikertzen duen ume bakoitzeko kostoa urtean zehar, eta nola sekula ez duen planteiatu ordea autobide metroa zenbatean ateratzen zaien. Pertsonen arteko harremanak kosto mailan, planteiatzen dira, eta autobidekoak alderantziz, ez. Agian botoak ematen dituztenak autobide metroak direlako, eta ez pertsona batekin izan ditzakezun harremanak, eta lagun diezaiokezuna.
Dena den transferitu guztiek ez dugu aukera berdina izan. Lehenengo transferitu zituztenak Haziendako langileak ziren, eta hauek lan geldoa egiten hasi zirenean diru biltzen nahikoak ez zituzten egiten. Ahaldundia urduri jarri zen eta sei hilabetetan benetako homologapena egin zieten. 150 pertsona inguru ziren.
Guk ikusitakoa ikusirik gauza bera egin nahi izan genuen, eta gauza horren argi zegoenez, ba epaiketan irabazle atera ginen, eta epaileak zioenez lan berberagaitik soldata berbera ordaindu behar ziguten. Ahaldundiak sekula ez du ezer kontrakorik esan sententzia honen aurrean, ez du aitortu ez duela bete nahi, baina hola da.
A.– Ze mobilizapen egin duzue orain arte?
L.O.–LAB eta CCOO-ek konbokatu zuten batzar batetan homologazio batzordea osatu da, eta astearte 21an bildu ginen. Egun horretan jauregi aurrean bildu eta idazki bat sartu genuen erregistroan, sententzia bete zezaten eskatuz. Horren ondoren jauregian sartzen saiatu ginen dagokigun txartela eta guzti langileei orri batzu banatzeko asmoz eta Bergaretxe, Barne Arazoetarako diputatuarekin elkarrizketa eskatzera. Jauregi aurrean Ertzantza jarri zitzaigun eta launaka besterik ez ziguten sartzen uzten. Azkenean sei ordezkari sartu ginenean Bergaretxeren idazkariak ez zigun bulegora iristen be utzi.
Azken bolaran saiatzen dira ez edukitzen arazo gehiago, eta horretarako jende berriaren hautaketa ondo begiratzen dute, sekula proteitatuko ez duen jende bila dabiltza.
A.–Hori zaila da frogatzeko, ezta?
L.O.–Neurri batetan bakarrik. Azken denboretako nagusien izendatze guztiak errekurriturik daude oinarri legalekin.
Orain erabiltzen duten sistima funtzionari laguntzaile egitearena da. Hilabete batzu barru lehiaketa itxiak egin eta laguntzaile horiek puntuak dituztenez funtzionari ofizialak bilakatzen dira. Francok egiten zuena da, baina apurtxo bat luzeago.
Lakuari Batzoki izena ematen badiote, Ahaldundia batzokiko sukalde litzateke, horra aukeratuak besterik ez bait dira sartzen. Hemen ez zaie kristo ere kolatzen.
I.GOITIOLTZA
Amaia eta Aniceto, langileen ordezkarietako bi.
Bizkaiko Foru Diputazioak Eusko Jaurlaritzatik transferentziaz hartutako langileekin sortu da istilua.
20-21

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakDiputazioak
GaiezEkonomiaSindikalginMobilizazioManifestazi
EgileezGOITIOLTZA1