argia.eus
INPRIMATU
"Bertso Lehiaketa Ez Da Neurgarria"
1986ko otsailaren 02a
Joseba Zulaikarekin "Bertsolarien Jokoa Eta Jolasa" Liburuaz
"Bertso Lehiaketa Ez Da Neurgarria"
Bertsoaren alde teknikoa neurgarria den bezala, grazia, mamia eta beste zenbait arlo neurgaitzak dira Joseba Zulaikarentzat. Eztabaida ugari sortuko dute bere liburuko eritziek.
ARGIA.– Noiz hasi hintzen konturatzen elkarren lehian aritze hori bertsolaritzaren kalterako zela?
JOSEBA ZULAIKA.– Beti egon nauk ni horren kontra, baina Zarautzen «Pernando Amezketarra»ren txapelketa horretan ikusi nuenean txartela ateratzearena eta nota ematearena, iruditu zitzaidan bertsolaritzaren aberrazio bat zela hori. Joserra Gartziari esan nion hura bertsolaritzaren patologia bat zela eta nere puntuak agertzeko artikulu bat idatzik nuela. Horrela hasi ninuan.
A.–Zer diok, labur labur, liburuan?
J.Z.–Nik hor egiten dudana da. izenbaruak dion bezala "Bertsolariaren jokoa eta jolasa", bertsolaritzaz dauden definizio ezberdinak hartu, jokoarena eta jolasarena, eta kontrastatu, ikusteko zenbateraino jolasaren modeloa ez den neurgarria, ez den literala, eta orduan jolas batean nor den irabazle edo galtzaile erabakitzearen zentzugabea. Eta zenbateraino jolasaren modelo hori aplikagarria den neurri handi batetan bertsolaritzari. Oposizioak fortzatuak hartzen dizkiat deliberatuki, kontraste hau ikusteko funtsean Bertan. Jokoa-jolasa, hitz literala-metaforikoa... Horrekin batera zihoak konpetizioaren funtzioa kulturaren baitan ikustea, hori beharrezkoa duk. Baina konpetibitatea, kirol baten neurrian edo joko baten neurrian posible dena, hori aplikatzea bertsoari... guztiz desegokia iruditzen zeidak. Txiste txapelketa bat antolatzea bezala...
A.– Gero zetorrek maila formala gehiago neurtzearena...
J.Z.–Neurtu litekeena alde formala da, errima, erritmoa, etena... Alde tekniko hori izatea bertso bat ona edo txarra den neurtzeko orduan gauzarik nabarmenena ere, aurresuposizio bat duk. Potto bat izan arren bertso bat izan daiteke oso ona. Edo errima hain ona ez izan arren mundialak diren bertsoak izan daitezke.
Alde teknikotik bertsolari hauek ez dute huts handirik egiten. Alde horretatik neurgarria duk. Baina neurgarri ez den hori garrantzizkoago izan daiteke agian bertsoa neurtzeko orduan. Norbaitek esan zezakek grazia hori, alde kualitatibo hori neurtzerik badagoela... Nik uste diat ezetz.
A.–Beraz, uste duzu bertsolaritza barruko desafio eta lehia giro horrek kalte egiten diola bertsolaritzari.
J.Z. Hala duk. Nik esango nikek badagoela lehiaketa bat, baina nota batekin itzultzerik ez dagoen lehiaketa bat. Ez da lehiaketa neurgarria. Beste maila bateko lehiaketa bat duk. Tabernako zirikatzean bazegok norgehiagoka bat, baina ez zegok irabazle-galtzailerik. Posiblea duk enpatea... Tradizioan ere baziren desafioak... baina pittin bat jokoa eta bertsoaren jokoa distingitzeko zentzua zuen jendearentzat. Gaur egungo txapelketak futbol liga bat bezalakoak dituk.
Bestalde, herri mailan, bertsolarien artean, bertsoa ez da normalean joko bat bezala hartzen. Ahalegintzen haiz bertsorik onena botatzen, baina ez zein zein baino hobeagoa den frogatzen. Psikolojikoki bertsolaria ez da jokalaria.
Gero gainera, epaimahaiari ematea errepresentatibidade guztia... Eskulturak neurtzeko igual egokia izango duk epaimahai bat. Bertsoa ordea, euskararen jokoa delarik, denok gaituk gai hori ulertzeko. Nik uste diat ez dagoela epaimahai baten beharrik bertso bat ona den ala ez apaitzeko...
A.–Alderdi honetatik gauza gogorrak bota dituk liburuan. Bueltakoa ere esperoko duk...
J.Z.–Neri, bertsozale bezala, molestatu egiten zidak aukeratu beharrak, zein den hobeagoa, Uztapide ala Basarri, Uztapide ala Xalbador, Amuriza ala... Molestatu egiten zidak. Baina bertsolaritza bera ere gizartearen ispilu duk, eta joku bat bezala ikusten bada hala bizi delako da.
Kontra jasoko dudana? Esango zidatek jokoak bizitasuna ematen diola bertsolaritzari. «Bizitasuna»? Benito jarriko diagu Laboaren kontra, ea zein ateratzen den irabazle... Zentzugabekoa duk.
Iñaki CAMINO
39

GaiezKulturaBertsolaritBesteak
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakULAIKA1
PertsonaiazULAIKA1
EgileezCAMINO1Kultura