argia.eus
INPRIMATU
Mayi Pelotekin elkarrizketan
Mayi Peloten «Biharko oroitzapenak...»
  • Mayi Pelot «idazlesa» gaztea da, gure aldean noski, eta atsegin ematen zuen igande arratsalde famatu batez haren arpegia irri zoriontsu batez hornitua ikusteak: bere lehen liburua, euskarazkoa, eskuartean zeukan, olinpiadetan ardietsi urrezko medaila bat bezala.

Itxaro Borda 2018ko irailaren 25

ARGIA. Mayi Pelot, nor zara...

MAYI PELOT. Talencen sortua naiz, Bordele ondoan. 1947an... Ikasketa klasikoak egin ditut, frantsesa, latina, greka. Gramatikako agregazioa pasatu dut eta Miarritzeko kolegio batean gai horiek erakusten ditut... Gero komunikazioari buruzko entzun-ikus talde batzuetan ibilia naiz... Musika asko gustatzen zait: klasikoa, seriala, gaurkoa, opera eta herri ainitzetako folk musika, Indiakoa bereziki... Egunero Yoga egiten dut, gaizki baina egiten dut. Hinduismoa asko maite dut...

A.- Indian egon al zara nehoiz...

M.P. Ez, nahiko nuke baina... hemendik urruntzea izugarri zaila zait.

A. Euskaldun berria zarela entzun dugu: egia da?

M.P. Hogeitamezortzi urte ditut, eta hogeitahiru urtetan euskaraz ikasi nuen: egin kalkuluak, ez naiz hain berria. Zahartzen ari naizen euskalduna naiz... Betidanik hona, herrira, itzuli nahi nuen, eta noski hemengo mintzaira ikasi... Badakizu, O odolekoa naiz!

A. Euskara ikastetik euskaraz idaztera urrats bat dago, ez?

M.P. Ez dakit... Zerbait egin nahi nuen euskaraz, eta bestalde aspalditik idazten nuen erderaz, uste dut erderaz idatzi baino gehiago idatzi egiten nuela... Baina ez zitzaidan iduritzen euskaraz idazten ahalko nuela. Hitzen bidez esprimitzeko beharra senditzen nuen...

A. Zure lehen liburua kalean dago. Zer sentimendu daukazu?

M.P. Urte askoren lanaren frutua da, neretzat xantza bat, suerte bat dela iduritzen zait, besteentzat idazten dudalakoan...

A. Non argitaratu duzu?

M.P. - «Maiatz»ek duen «Uhargi» sailan argitaratu didate... Luzien aspalditik ezagutzen nuen, eta «Maiatz» errebista lanzatu zutelarik hura etorri zitzaidan testo bila... Horrela hasi nintzen eta orain bilduma...

A. Ipuin bilduma da «Biharko oroitzapenak» hori?

M.P. Bai... Dena dela ez dut gauza luzerik egin nahi, ipuiak nahiago ditut gauza motxak. Begi eta gogo laburra naiz... Gauzak ongi moldatzeko gauza laburrak eginbehar ditut...

A. Erraten dute zientzia fikziozko ipuiak direla, esplikatzen ahal diguzu amini bat...

Geroa nolakoa izanen den asmatzea oso interesgarria zaidalako egiten dut zientzia-fikzioa

M.P. - (Ixilune luze bat: Mayi Pelot erromantikoki Aturri ibaiean hegaldaka pausatzen eta airatzen diren kaio txuriei begira dago...) Alde batetik exotismoa urrikitzen dudalako, lurra ezagunegia iduritzen zait. Bestetik, geroa nolakoa izanen den asmatzea oso interesgarria zaidalako. Geroa egin litezkeen gauzen, ekintzen lekua da, salbu noski kataklismo nuklearrena ez: gertatzen baldin bada gerorik ez da, dena akabo, gu ere... Gaur egun aipatzen diren prolema batzu agerian, bistakoak daude (politikoak etab.) haietaz zientzi-fikzioa mintza daiteke, badu zer erranik, baina ez da horretarako bakarrik nere iritziz. Dena dela beste asko prolema horietaz mintzatuko direlakoan. Beste prolema batzu egunerokoak izanez geroz nahi eta ez, gordetzen dira: adibidez bazter zikintze edo poluzio mota frango... Bai eta ere gizartearen gora behera ttiki batzu. Eta fikzioaren papera zera liteke: prolema horiek beren buruetaraino emendatzea, zer bilakatzen diren asmatzea eta ondorioak aitortzea.

A. Zergatik literatur mota hori hautatu duzu? Orainaren beldurrez Gerora ihes zoazelako edo?

M.P. Ez, ez, ez dut beldurrik. Itxaropenik ez banu ez nuke fikziorik idatziko. Bon, idatziko nuke bai, baina ez fikzio hori.. mundua den bezalakoa dela ez onartzea arras postura zozoa da. Nehor ez da sekula paradisuan bizi. Den bezala ulertu eta onartu ondoan, munduan halere zoriontsu izatea, hori da kontua...

A. Eta zu zoriontsu zara?

M.P. Bai...

A.- Hum, ihardespen laburra... Finitzeko zer dira zure «biharko oroitzapenak?»

M.P. Liburua aipatzea nahi duzu.... Bon, berriz diot, zientzia fikziozko gauza da, gaurko gertakariak aipatzen dituzte nere ipuiek, hemengo prolemei eta munduko prolemei buruz. Gure geroa zer izanen den, Heroic Fantasy estiloaren bidez, planeta berri bat asmatuz nahi dut agertu. Beldurrik ez dut erabiltzen, ez da beraz ipuin bilduma bat fantastikoan klasifika genezakeena...

A. Hala ere zu Mayi Pelot fantastikoa zara...