Itsasotik mendira, mila txoko polit badu Zarautzek.
1985eko azaroaren 10
Izadi Taldearekin elkarrizketan.
"Zarautz eta bere ingurukoak oinez"
Itsasotik mendira, mila txoko polit badu Zarautzek.
"Zarautz eta bere ingurukoak oinez" izenburuarekin atera berria da kalera liburu interesgarri bat. Pagoeta mendizale elkartearen Izadi taldeko partaideek eginiko liburua, hain zuzen.
Argitalpen honetan, 23 ibilaldi eskaintzen dira eta mapetan horien ibilbideak, luzera eta zehaztasunak ematen. Gaiei dagokienez arlo desberdinak jaso dira, besteak beste: bitxitasunak, lanbideak, bizimoduak; landare eta animali espezieak; geologi sorkuntzak eta baita herriko eta inguruetako historio txikiak ere.
Liburuaren egile nagusi edo lan-ardura eta zama eraman duten Joxe Luis Albizu, Manuel Beloki, Joxean Iruretagoiena eta Juantxo Unzuetarekin honako solasaldi hau eduki dugu.
ARGlA.- Jadanik argitaratu da hainbeste ordutako lanaren emaitza. Esplika ezazue nola sortu zen idei hau.
IZADI TALDEA.– Orain dela urtebete Imanol Murua, gaur egun Diputatu Nagusia, Zarauzko alkate ohiak bilera batera deitu gintuen bere projektuaren berri emateko asmoz: itsaso eta hondartza inguruak nahiko ikusiak eta ezagunak zirenez, komeniko litzatekela beste inguruak jendeari ezagutaraztea. Eta, gai honi buruz, liburu bat egitea proposatu zigun, hots, bertako ibilbideen bitartez Zarautzko auzo eta mendisken azterketa bat egitea.
Lan praktikoarekin Otsailean hasi ginen eta Abuzturarte ihardun gara.
Aldapa gozoko mendiak itsasoari begira
A.- Zein pauso eman zenituzten lan hau hasterakoan?
I.T.–Egia esateko nahiko beldur baginen lan hau hasterakoan guretzat gauza berria bait zen. Bestetik, taldearen helburuekin bat zetorrela kontutan izanik oso interesgarria iruditzen zitzaigun. Orduan, berehala hasi ginen gure ustez egokienak izan zitezkeen ibilbideak markatzen. Ibilaldien argazki zuzenak ateratzeko medioa (abioneta) garestiegia zenez, ibilaldiak oinez egitea erabaki genuen eta mapak eskuz margotzea.
A.-Eskuz egin dituzuen mapa hauek fidagarriak al dira?
I.T.–Geure eritziz mapa hauek jende soilarentzat erabilgarriagoak dira. Ibilbideak maila-kurbazko mapetan azaltzen ditugu, Iparraldea beti behar bezala zehaztuz. Toponimia gaur egun jaso daitekeen egokiena da. Ibilaldi hauek zuriz marrazturik aurkitzen dira eta, orientazio gisa, ibilbide bakoitzak bataz beste dituen kilometroak ere ematen ditu. Era berean, planoaren bebealdean bidearen profila agertzen da, bere desnibelak adieraziz.
lbilaldi guzti hauek zailtasun handirik gabe egin daitezke, halaz ere, luzeenak egiteko nolabait ahalmen fisiko ona beharko litzateke. Gure mendiak dauden tokian daudela, kostatik hurre eta itsasmailatik goiera handirik gabe, irtenaldi hauek edozein sasoitan egin daitezke. Dena den, luzeenetako bat egitekotan, eguraldia kontutan hartu beharko da.
A.- Aipatu duzue ibilaldi hauek zuriz marrazturik agertzen direla, baina beste posibilitaterik ez al dute eskaintzen?
I.T.–Bai, noski. Egin ditugun ibilaldi batzuk, motzak eta errazak, jende arruntarentzat dira, baina beste batzuk, luzeagoak, piska bat mendian ibilitako jendearentzat. Gainera, mapa bakoitzean lekuko bideak errespetatu ditugu jendearen askatasunerako.
A.- Toponimia gaur egun jaso daitekeen egokiena dela esan duzue. Zertan oinarritzen zarete hau adierazterakoan?.
I.T.–Zenbait kasutan polemikoa gertatu bada ere, adierazi behar dugu baserrien izenak ezagutzen den dokumenturik fidagarrienaren arabera jaso ditugula (Foru Diputazioaren 1862ko Zentsua) eta, bestetik, izendegia idaztean Euskaltzaindiaren arauetan oinarritu garela.
Esaterako, baserri batzuren izenak ahoz aho trasmititu eta kontrakzio fonetikoa egitean, denboraren poderioz eraldakuntza hauek sortu dira: «Untzain», «Ountzain» da; «Uespeta» /«Urrezberoeta»; "Saberri"/«Sarobe-Berri»; «Lanberri»/«Lamerriaga»; «Frantseskua»/«Frantzesetxea»...
Altzolatik Oriora eta Aiatik Zumalara 23 ibilbide
A.- Norbaitek eskuratu nahi balu ere, interesgarria litzateke liburuaren xehetasun batzuk esplikatzea: formatoa, prezioa,...
I.T.–Liburu berak «fitxero» formatoa du. Fitxa bakoitzak ibilbide bat esplikatzen du. Fitxaren aurrekaldean lehen aipaturiko mapa agertzen da aurrez adierazitako xehetasunekin: begiratokiak, leizezuloak, karelabeak, trikuharriak, iturriak,trenbideak, Udal-mugapeak, ermitak, errekak, baserriak,... Atzekaldean argazki eta irudien bitartez, lekuko berezitasunak agertzen dira: animaliak (erleak, katagorriak, kakalardoak, amorrainak, txoriak, sugeak,...); lanbideak (artzantza, gaztagintza,...); landareak (San Jose lorea, Indi gaztainondo. Alertze Japoniarra, sagarrondoa,...); sendabelarrak (pas mo-belarra, berbena-belarra,...) eta abar luze bat.
Baina azpimarratu nahi nuke fitxero honen praktikotasuna, irteera bakoitzean guztia erabili beharrik ez bait dago. Beraz nahikoa izango da norberak aukeratzen duen ibilaldiaren fitxa eramatea.
Ale bakoitzak bi mila eta hirurehun pezeta balio izan ditu. Dena dela, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa eta Zarauzko Udalari esker, liburua mila pezetatan egongo da salgai.
A.- Esan duzuenez liburu hau 23 ibilbidez osaturik dago. Ibilbide hauek denak Zarauzko herrira mugatzen al dira?
I.T.–Liburuaren izenburuak dion bezala, «Zarautz eta bere inguruak oinez», Zarauzko udal mugapean eta bere inguruan hogeitahiru ibilaldi egiteko aukera eskaintzen dizuegu, besteren artean, Getaria, Azkizu, Artadi, Zumaia, Aizarnazabal, Sta. Engrazia, Urdaneta, Altzola, Iturriotz, Orio, Aia eta Donostiara oinez ailegatzeko bidea erraztuz.
Bi mila kostatzen den liburua mila pezetatan salgai ra?
A.- Zenbat ale argitaratu dira
I.T.–Lehen edizio honetan hiru mila ale argitaratu dira. Horietatik bi mila euskaraz izan dira eta beste mila erdaraz. Halere, erdaraz argitaratu diren liburuen mapak euskaraz esplikaturik daude. Gainera, kontutan eduki behar dugu Zarautz bisitatzen dutenak asko direla bai aste bukaerak igarotzeko eta, baita ere udarako oporraldiak pasatzera. Beraz, liburu honek denentzat izan nahi du eta ahalegin guztiak jarri ditugu, gure posibilitateen barru, oreka bilatzen.
A.- Liburuan erabiltzen duzuen euskara maila denok ulertzeko modukoa al da?
I.T.–Bai, eta liburuska hau irakurtzerakoan inork ez du arazorik aurkituko gure hizkuntza herrikoian idatzia bait dago. Dena dela eta lehen esan dugun bezala, baserri izen batzuk 1862ko Foru Diputazioaren Zentsutik jaso ditugu.
A.- Zeintzuk eraman duzue kargarik handiena liburu hau egiterakoan?
I.T.–Lehen esan dugun bezala talde lan bat izan da, Pagoeta mendizale elkartearen Izadi taldekoen lana hain zuzen. Halere, beste zenbait jendek ere parte hartu du laguntzaile gisa: Luis Pedro Peña Santiagok ideiak eman zizkigun eta gero kolaboratu ere bai; euskara arloko ardura Nekane Muruarena izan da eta testu batzuk sortzen eta borobiltzen Alejandro Vazquezek lagundu digu; argazkiak geure taldeko Iñigo eta Joxe Luisenak dira.
Haurrei izadia maitatzen erakusteko ekintza saila
A.- Beste lanik ba al duzue momentu hauetan esku artean?
I.T.–Orain «Vista Alegre» auzoko parkearen estudio bat egiten ari gara. Parke hau bakarra da Zarautzen eta oso aberatsa da zuhaitz famili asko bait daude. Gure asmoa lan pedagogiko bat burutzea da. Harremanetan gaude Zarauzko Udalarekin bertan "paseo" moduko zerbait egiteko zuhaitz bakoitzaren ondoan bere xehetasunak jarriaz. Gure lanaren helburu nagusia batez ere eskolei beaira materiala osatzea da eta ikasleengan izadiarekiko ardura eta maitasuna indartzea.
A.- Eskoletako lana aipatu duzue, zerbait gehiago egiten al duzue arlo honetan?
I.T.–Bai. Hamabostean behin, "Haur kulturaren alde"ko taldearen laguntzarekin, haurrekin egiten diren irteerak antolatzen ditugu. Orain artean arrakasta handia izan du iniziatiba honek eta guretzat oso garrantzitsua eta onuragarria da.
Ekintza nagusitzat jotzen duguna urtero egiten dugun Natur Astea dugu. Normalean bizpahiru hitzaldi, diapositibak... eskaintzen ditugu astegunetan. Igandean egiten den erakusketarako perretxikuak biltzeko, bezperan autobusa jartzen da nahi duenak parte har dezan. Erakusketa hau «berdura plaza»n egiten da; azken urteotan ikustera jende gehiegi etortzen denez, goiz eta arratsaldez edukitzen dugu irekita. Orain arte bost erakusketa egin ditugu. Hasieran mitologiakoa izaten zen bakarrik, baina ikastolako irakasleak taldean sartuz, perretxikuak ez ezik zuhaitz-hosto, sendabelar, dunetako zenbait lore, likenak eta geologi arloko fosil eta harriak erakusten dira. Aurtengoan, lehortea dela eta, erakusketa azaroaren 17an egingo da.
Txumai ITURRIA
36-37