Aintziart Bergara, lau gizalditako tradizioa jaso duen makilagilea
1985eko ekainaren 23a
Monzonek, De Gaullek, Garaikoetxeak, Aita Sanduak...bere makilak erabili izan dituzte
Aintziart Bergara, lau gizalditako tradizioa jaso duen makilagilea
Larresoron gaude. Ipar Euskal Herriko herri xarmant bezain luzea, isila bezain alaia. Aintziart Bergara mintzo zaigu lapurtera ederrez. Lau gizaldi dira Bergara familia makilgintzan diharduela. Tradizio eta sona handiko familia da artisau lan honetan. Berrogeita hamar bat urteko gizon burusoil eta jakintsu baten aurrean gaude.
ARGIA.–Nondik datorkio Bergara familiari arte hau?
Aintziart Bergara.– Aintzinetako garaietan nere arbasoak Hegoaldeko Bergara izeneko herrian bizi izan ziren, lehendabiziko karlista gerratean hona. Iparraldeko Larresorora herbesteratu zirelarik. Garai hartan euskal makilak egiten zituen Lapurdiko familia baten norbaitekin ezkondu ziren, lanbide honetan buru belarri sartuz. Larresoron aspaldidanik egin izan dira makilak zeren Santiagoko Bideak zeharkaturik baita. Urte guztietako maiatzaren lehenbadiziko egunekin batera izugarrizko erromes jendetza pasatzen zenez, anitz ziren makilen beharrean aurkitzen zirenak.
A.–Noiz hasi zinen eta nola ikasi duzu euskal makilak egiten?
A.B.–Nik uste dut jaio nintzenetik banekiela artisau lan honen gorabehera, nere familian tradizio haundia eduki baitu. Bai, txiki txikitatik ikasi nituen nere aitarengandik sekreto guztiak.
A.–Sekretoak? Hitz egin dezagun horretaz, mesedez.
A.B.– Beno, hasteko nik dakizkidan eta gizaldiz gizaldi trasmititu izan diren sekretoak ezin diezazkizuet errebelatu, jakina. Dena den, ez daukat problemarik gauza batzuk argitzeko.
A.–Ederki. Zerez egindako makilak lantzen dituzu?
A.B.–Mizpiraren egurraz baliatzen naiz. Egurra gaztea denean ebaki egiten dut etxera eraman eta hemen ahaztuta hamabost urtez lehortzen utzi.
A.–Hamabost urtez?
A.B.–Halaxe da. Gaur mozten ditudan mizperek denbora luze horretan zehar itxoin beharko dute nere eskuen fereka senti dezaten arte. Hau da benetazko euskal makilaek pairatu behar duten transizioa. Gaztea nintzela nere aitak bildutako mizpirak erabili izan nituen, berak bere aitarenak erabili zituen bezalaxe.
A.–Denok dakigunez, mizpirak segun eta noiz ebakitzen dituzun usteldu egiten dira, sua egiteko izan ezik deuseztarako balio ez dutelarik.
A.B.–Kontu haundia eduki behar da. Horretarako jakin behar da noiz -eta nola moztu. Nere sekretoa errebelatu ez dizuedan arren, ikas ezazue abendu eta urtarrilaren arteko egunetan moztu behar direla, ilargia ahaztu gabe, ze ilargiak dituen lau posizione horietarik ez dagokion batean dagoen tokitik kentzen baduzu bereak egin du.
A- Eman dezagun zuk esandako epe luze hori pasa zaiola egurrari. Zer egiten duzu gero?
A.B.– Lehendabizi zuritu egiten dut, hau da, azala kentzen diot. Geroxeago zuzendu egiten dut zeren eta mizpira nahiko okerturik hazten da berez. Horretarako behar den berotasuna lortzen dudanean labean sartzen dut, Erabat zuzen dagoenean olioaz igurtzen dut biharamonarte.
A.–Eta gero kolorea emango dion argizaririk egokienaz bustiko duzu, ez da?
A.B.– Ezta pentsatu ere. Gezurra badirudi ere nik ez dut argizaririk erabiltzen. Natura oso jakintsua da eta zuk naturaren lege batzuk nola funtzionatzen duten jakinaren gainean bazaude mirariak egiteko gai izan zaitezke. Ikus dezakezuenez, aurrean dituen ehun bat makila seinalatuz– denak kolore desberdinetakoak dira. Hau dela eta, berdintsuak diren bi makilak ez zaizkit inoiz ateratzen. Nola lortzen dudan hau argituko ba nizue nere familiaren altxor preziatuena bortxatuko nuke, beste batzuk honetaz baliatuko liratekeelarik.
A.–Egurraz aparte beste materialak ere lantzen duzu makilak egiterakoan.
A.B.–Mizpira zuzen eta garbia dagoenean tornoan egiten ez den zizta edo burdinezko laban bat atxikitzen diot goiko aldean, makila hartzen den tokian, kirten batez estaltzen dudalarik. Estalki hau idi eta baso-idien adarrez egindako borobil batek horniturik dago. Goiko alde honi zilarrezko edo urrezko xafla bat jar dakioke, bezeroen gustoen arabera. Zilarraren gainean motibo batzuk grabatzen ditut. Batzutan "lauburuak" bestetan bezeroaren familiaren «armarria» eta abar. Geroxeago horrek eskatutako esaldia edo esaera zaharra edo maitasunezko hitzak grabatzen ditut eskuz eta beti beti euskaraz nahiz eta bezeroa italianoa izan. Nik egiten ditudan makilak euskal makilak dira goitik behera. Bukatzeko makilaren beheko aldeari latoizko pieza bat inguratzen diot, ibiltzerakoan gehien nozitzen duen tokia baita.
A.–Nahiz eta zure makilak artisau lan baten ondorio izan, esan al genezake mendiz mendi ibiltzeko eginak direla?
A.B.–Goi menditarako ez dute balio, pasiatzeko eta mendi xamurretarako batez ere dira erabilgarriak. Bestaldetik gertatzen dena zera da, gure izena hain ezaguna denez jendeak opariak egiteko enkargatzen dizkit eta jakina nik badakit etxe honetatik ateratzen diren makilarik gehienak apain garri gisa erabiltzen direla.
A.– Negozio guztiak mugitzen dituen diruaz hitz egiteko ordua heldu zaigu.
A.B.–Ja ja ja ja!–farre egiten du nerea ez da negozioa, odolean daramadan ondasun preziatua baizik. Begira, bi hilobari irakasten ari natzaie lanbide hau tradizioa nerekin moztu ez dadin. Haiek badakite baita ere ez direla aberastuko makilak egiten baina dagoeneko gozatu dute makila bat bukatzerakoan sentitzen den plazerra. Mundu honetan esperimenta daitekeen orgasmorik sanoena eta iraunkorrena da, benetan. Honek bultzatzen gaitu hurrengo makila egitera eta ez diruak. Horregatik eta sosei buruz hitz egin baino lehenago esango dizuet oren anitz eta izerdi anitz pasa eta isuri ondorengo lan baten ondorio direla, erabat eskuz egiten ditut, inolako makinarik erabiltzen ez dudalarik. Zazpi ordutan eta ezer gutxi edo apaingarririk gabekoek bi mila libera balio dute, apaingarriz beterik direnak lau eta bost mila liberatara irits daitezkeelarik.
A.–Nori saltzen dizkiozu?
A.B.–Nik neuk nahi dudanari. Argi geratu behar da askatasun osoz lan egiten duen horietako bat nauzuela. Hasteko euskaldunek daukate lehentasuna eta gero arrotzak. Makila baten eske datorkidan lagun edo euskaldun honi hemendik hamabost egunetara itzul dadila esaten diot. Arrotza denari, berriz, sei, zortzi edo urtebete pasatzean hitz egingo dugula ihardesten diot.
A.–Eskakizun asko al dituzu?
A.B. Anitz eta anitz. Dena den, itoko ez nauen eskaerari erantzuten diot. Sosak barra barra irabazteko proposamen desitxurosoak egin dizkidate, fabrika batean egindako makilak nik izenda ditzadan esate betetarako. Ez. mila esker. Honestitate gehiago eduki behar dugu iruzurrez beterik dagoen mundu honetan. Jakin, badakit, leku zehatz batzuetan nere sinadura daramatzaten makilak salgai daudela. Nik egiten ditudanak ez dira inon saltzen, nere etxean izan ezik.
A.–Zure aurrean makila bat jarriko banizu "Bergara" den ala ez esan al zeniezadake?
A.B.– Nere ikusmena iristen den mugan bertan jarriko bazenit ere bereiziko nuke nerea dena ez den gezurrezko horretatik. Emakume batek berak erditu izan dituen umeak ezagutzen dituen eran nik ere erraztasun berberarekin antzematen ditut nireak.
A.–Lehen eta elkarrizketa hau hasi baino lehenago esan diguzu joan den astean Monako-ko erregina hemen egon zela zurekin eta makila bat egin zeniezaion eskatu zizula. Zure makilak dituzten beste pertsonaia ezagunik?
A.B.– Aipatzen hasterakoan. Telesforo Monzon jaunak erabiltzen zituenak «Aintziart Bergara» ziren. De Gaulle, Giscard d'Estaing, Juan XXIII, Garaikoetxea lehendakari ohia, Errusiako Zar batzuk, Frantziako biolinistarik famatuena... Gero enteratu nintzen oraingo Aita Santuari Loiolaratzerakoan nik egindako makila opari egin ziotela...
UREDERRA
28-29