Lekeitioko Zinema Bilera, zortzigarren urratsa ematekotan
1985eko ekainaren 16a
Lekeitioko Zinema Bileran filmea aurkeztu duten 15-16 urteko neska talde bati elkarrizketa
15 urtetako neska zinegile talde batek bere eritzia ematen digu
Lekeitioko Zinema Bilera, zortzigarren urratsa ematekotan
Ekainean buru belarri sartuak gaude Iberonek suposatzen duen guztiarekin: eguraldi hobea, jaiak, Ekain gaua eta suak. Sasoi honetan ere izaten dira Lekeitioko Zinema Bilerak.
Egunotan (ekainean eta uztailean) agertzen dira ARGIAn Lekeitiori dagozkion artikulu bakarrak. Baten batek pentsatuko du argiak pizten zaizkigula edo eguzki indartsuagoaren eraginez; baina kia, beroaldia edo piztualdia duela 8 urte eman zen, harrez gero dena da inertzia kontua. Jakina da, euskaldunon artean, lehen bultzada indartsua izaten dela eta beroren eraginez urrun heltzea lortzen dutela askok eta askok.
Sei egunetako programa mamitsua
Lekeition halakoren bat gertatu izan da. 1978. urtean izandako beroaldiaren ondorioz sortu zen Lekeitioko Euskal Amateur Zinema Bilera eta aurten ematen hasi da 8. urratsa. Berau astroak leku egokian daudelako izan da posible iaz esan bezala, nahiz eta iaz esandakoaren aurka leku egokian legote hau Jainkoak erabaki ez. Aspaldiko txaskarriloek diotenez honen azken erantzukizuna Reagan eta Gorvachov-ek daukate.
Baina azken finean garrantzia daukana zera da: VIII. Zinema Bilera martxoan dagoela eta antolatzaileek egitarau mamitsua prestatu digutela:
–Ekainak: 24, 25: Galizia-ko filmeak.
–Ekainak: 26: Azken 5 «Ikuska»k.
–Ekainak: 27.28 eta 29: Euskal Zinema Amateur bilera.
83an eta 84an Murcia eta Catalunyako filmeak ikusteko aukera izan genuen «izan ere egiteaz gain ikusiaz ere ikasten baita filmegintzan zinema, eta beste inguru kultural batetakoak badira hobe». Aurten bideari ekinez Galiziatik datozkigu filmeak 5-8 eta 16 mmtan, eta ikuste soil hau sakontzeko azken 5. «Ikuska»k ikusteko aukera ere izango dugu.
Euskal Zinemarako, epea oraindik zabalik
Bilerari berari dagokionez oraingoz ezer gutxi esan dezakegu filme bilketarako epea bukatu gabe baitago. Hori bai, Bilera denetik, Lekeition zinemagile ugaltzea nabaria izan da: urtero berriren bat agertzen da. Aurgengoa 15-16 urtetako neska talde bat dugu.
Bilera girotu nahian edo beranengana jo dugu irudiz diotenetik aparte ezer kontatzekorik daukaten galdetuz.
TALDEA.–Zer kontaturik daukagun? Txo, 16 urte dauzkagu gero, eta ez badakizu entzun: adin honetan jakin nahia haundia izaten bada ere jakituria ez da txikiago izaten. Zuk zer pentsatzen zenuen ba?
ARGIA.–Bueno neskak lasai, ez ernegatu ez da horrenbesterako izan eta, konta egiguzue zergatik sartu zareten zinemaren mundu honetan, zergatik egin duzuen filmea.
T.–Filmeak egiteko teknika ezagutu nahi genuen baina, batez ere esperientzia polita litzatekeela iruditzen zitzaigulako eta jakina ziurtatu egin behar. Emaitza hor duzu, 15 minututako filmea.
A.–Eta zenbat pertsona behar izan dituzue zuen susmo hori ziurtatzeko?
T. Zer esan nahi duzu? Elkarrizketa bukatu aurretik mutil hau jipoitu beharrean izango gara. Jakin gidoia guk geuk asmatu dugula eta geuk aukeratu ditugula filmaketa egiteko lekuak. Gustua taldea osotzen dugun bost neskok: Mare, Marian, Mireia, Miren eta Gurende. Guztitara 46 urte.
A.–Bueno baina laguntzaren bat edo beste... Esaterako Tramano Pickurs-eko zuzendaria, Koldo, Mareren neba da eta honek zer ikusia izango du, ezta?
T.- Bai. Katxondeoa, adar jotzea eta ribalitatea. Ikusiko dute horiek pelikulak azaltzen direnean. Aho bete hezurrez geratuko dira. Gainera ez badakizu ere gu aberatsak gara, filme hau 14.000 pta. kostatu zaigu eta. Diru kopuru honetan estrak sartzen direlarik: Koldito, Jon Martin (Tajadas) eta Ramon (Rubero). Egia esan harrokeriaz ari gara estrek debalde egin zuten lana (gu pozik beraiekin egoteaz), Jon-ek (Pastelero) eta Amias-ek filmaketa egin zuten kamarak beraiek jarriz eta Loibekoek baserria utzi ziguten. Baina Tramana Pickurs-i ez diogu ezer eskertu behar. Besteei, ostera, eskerrak bihotzez.
A.–Gidoia zuek egin duzuela esan duzue zertaz da? Non dago girotua? Nor da lehen aktorea?
T.–Aktoresa, txotxo, aktoresa. Aktoreak estrak dira. Gure protagonista Mireia da. Filmea Nafarroan eta Lekeition girotua dago misteriozkoa izanik.
A.–Kontatu haria gutxienez.
T.–Esan dizugu, misteriozkoa dela eta hariak misterioa izaten jarraituko du harik eta Bileran azaldu arte.
A.–Eta Lekeitioko panorama nola ikusten duzue?
T.–Nahiko ondo. 8 urte dauzkagu atzetik bultzaka eta horrek zerbaitetarako balioko du, ezta? Hala ere, zoritxarrez, neska gutxi daude roilo honetan. Gu izan gara Lekeition lehenak.
A.–Zuek M. Jesus Fonbellidan bidean zabiltzate...
T.–Bai, estilu eta gai ezberdinak erabiliz baina azken helburua berdintsua da.
A.–Ah, bai! zuen asmoa saltoa ematea da, eh! Hemendik Hollywoodera, Zer, bidea leuntzeko desnudua erabiltzeko prest? Plafl! Ay! (Eman neskak!)
T.–Nabari da mutila zarena. Beti pentsatzen duzue neskak tartean daudenean halako gauzak agertu behar direla. Ba ez! Gu ez gara objetuak. Guk ere ideiak ditugu eta argi frogatzen dugu filmean. Halako gauzak ikustekotan doana kanpoan gera dadila.
A.–Bukatzeko... Asmo berririk!
T.–Mordoa. Bigarren filmea prestatzen ari gara baina hori hurrengo batetan kontatutko dizugu.
SABIÑO
Gazte-gaztetik hasi ohi da Euskal Herrian zinema egiten
35