Politika ekonomiko nazionalistari uko egin dio PNVk
1985eko maiatzaren 12a
Xabier Olaberria, EEko partaideari elkarrizketa
Euskadiko Ezkerrako Xabier Olaberrirekin
Politika ekonomiko nazionalistari uko egin dio PNVk
Presupostuak edo ekonomi aferak aipatzen direnean izen bat egina dauka Euskadiko Ezkerrako Xabier Olaberri diputatuak. Jelkideen egunkariak Diputazioen kontrako obsesioa egozten zion bere titular batean. Baina Olaberrik aitortzen duenez, diputazioen indar gehiegiaz bera bezain obsesionatuak dauden jelkideek apaperak pasatzen dizkidate ate azpitikĀ». Lehendabiziko galdera pausatu eta ele azkar eta ugariko iturria da Xabier Olaberri.
ARGIA.–Gasteizko parlamentuan eztabaidatzen ari diren presupostuak direla eta zure izena prentsako orrietan gogotik dabil. Zer gertatzen da aurrekontu hauekin?
Xabier Olaberri.–Berezitasun bat badute aurtengo aurrekontuek: Lurralde Historikoen legearen ondotik egiten diren lehendabizikoak direla. LTH hori egon da, PNVren krisi bat ikusi dugu eta herri honetako diruak nola gastatuko diren erreparatzea interesgarria da.
Garrantzizkoak dira aurrekontuak: 250.000 milioi pezeta dira denetara, eta herrian diren diruen ehuneko 14a suposatzen du horrek, hots, hemengo 7 pezetatik bat administraritza autonomoak manejatzen du. Ez da bromakoa. Eta INSALUD pentsioen arazoetan transferitua balego asko igoko litzateke: Barne Produktu Gordinaren % 20tik gora administraritza autonomoak erabiliko luke. Europan gertatzen den estiloaren antza badu horrek; Europan %35 inguruan ibili liteke, egia da, baina autonomia batentzako sos asko dira.
Dirutza horren erabilpena oso inportantea da benetan; areago, ziur nago azken urteotan gure artean egon den ekonomi hazkunde txikia neurri haundi batean presupostuei eskerrak ematen dela. Badirudi pribatu mailan ekonomia geldirik dagoela eta sektore publikoa dela ekonomiaren gorakada bakarra markatzen duena. Diru asko erabiltzen da beraz, eta ikusten dugu lau direla gastatzen duten erakundeak.
A. Diputazioen eta Gobernuaren arteko gorabehera famatua. Joan den urteko krisiaren ondotik, diputazioak indartuta atera ziren.
X.O. Lehendabizi deigarri egiten dena zera da: %55 Jaurlaritzak gastatzen duela eta %45 diputazioek. Jakin behar da diputazioen dirutik ordaintzen dela udaletara doana, 30.000 milioitik gora, eta benetan diputazioena aipatu dugun presupostu hori baino ttikiagoa da. Berehala ikusten da, dena dela, gobernua diruz ahul dagoela, diputazioek pisu haundiegia daukatela.
Bigarren arazoa: konpetentzien arazoa ez dela argitu. Txarra da legea eta trasferentziak okerrago eginak daude. Urbanismoko trasferentziez errekurtso bat sartu genuen, esate baterako, eta egunotan jakin dugu Bizkaiko Diputazioko zerbitzu juridikoak gurea onartzen dutela. Onartze hori gero egitan bete eta berriro trasferentzia egiten hasiko diren ez nago oso ziur, baina hor duzu adibidea.
Erotzeko moduko egoera bat dago. Nekazaritzako Bizkaiko arduradunak ez du bilerarik ere egiten, eta pentsa inportantea dela nekazaritza gure ekonomian. Mendietakoek ez dute biltzeko obligaziorik ere. Hiru erreinu independiente balira bezala. Industrian 3.000 milioi gastatuko dute diputazioek. Merkataritza dela? Araba eta Gipuzkoak Jaurlaritzarena dela diote, eta Bizkaian hainbeste milioi gastatuko dira, potroetan jartzen zaigulako, ala. Zabortegiak Jaurlaritzarenak direla diote Bizkaian, Gipuzkoan aldiz diputazioaren presupostuetan sartzen da. Badirudi konpetentziak telefonoz erabakitzen dituztela, eta bakoitzak nahi duena egiten duela.
A. Baina Garaikoetxea botata, Jaurlaritzaren eta diputazioen arteko harremanak erabakita gelditu direla zirudien.
X.O. Denak foralistak dira, bai, eta elkarren artean guztia konpondua dutela diote; baina egun osoan elkarri mokoka aritzea dela dirudi foralismoa. Dekadentzian sartu da administraritza, erizpide politiko baten arauera funtzionatzeko ahalmena galdu duen neurrian. Bakoitzak berea gastatzen du batere ordenik gabe, joan den urtean potentziatzen ziren sailak aurten erabat eliminatzen dira...
A. Presupostuetan agertzen omen da administraritzaren projektu ekonomikoa.
X.O. Bi errealitateri erreparatzen diogu hori juzgatzeko: Europako Ekonomi Elkartearen afera eta krisi ekonomikoarena. Eta hemen batez ere industria mailan gastatzeko diru asko dagoenez (28.000 milioi daude gastatzeko, proportzioan Madrilgo ministraritzak urrutitik ere ez dauzkanak), errekonbertsioaren prolematikarekin sartzen gara.
Garaikoetxearen gobernuaren erorketak sektore txikiak erabat abandonatzea erakarri du. Makina-erremintarekin zerbait sartuko dira, 1.300 bat milioi emango dizkiete, eta kitto. Enpresa txikiekin ez dute ezer jakin nahi, eta hortik etorri da gobernuaren eta patronalaren arteko istilu bat. Garaikoetxeak dosier bat utzi zuen prestatua, enpresak sailkatuz: laguntzak epe laburrera eta erdi epera hartuko zituztenak eta hasieratik abandonaturik geratzen zirenak. Orain gertatzen da erdi eta epe laburrekoak ere ez direla sartzen.
Orain hasi dira enpresagizonen bilerak, protesta egin nahian, baina beti bezala berandu, eta Garcia Egotxeagaren gobernuak alor hori oso garbi dauka, logika guzti horretatik ateratzen da. Ondorioak? Oso gogorrak. Birmoldaketa basati bat sektore zabaletan, Fabrelec eta horiek baino obrero askoz gehiago harrapatuko dituena.
Promoziorako berriz administraritzak diru asko jaurtitzen du, baina plan alternatiborik ez dago. Eta testuinguru horretan azaltzen da ZUR.
A. ZUR famatu horren inguruan istilu puska bat ibili duzue azken hilabete honetan.
X.O. ZUR ez da eztabaidatu ere egin: badirudi horretan Madrilek esaten duena dela ona, Garcia Egotxeagak Madrilen negoziatu duena besterik ez dagoela eta kitto. Zona de Urgente Reindustrialización horren arazoak? Bi: Zona asistida delakoarekin dituen arazoak eta herrian ZUR hori non izango denak dakarzkienak.
ZURraren helburua kanpotik industria berriak ekartzea izan beharko luke, baina hori gertatzen ari denik ez da inondik ikusten. Cadiz-ko ZURraz irakurtzen duzu eta enteratzen zara han Tabacalerak 12.000 milioi sartu behar dituela; Valenciakoarekin hasten zara eta ez dakit nongo Vidrieras bat omen doala eta projektu pilo bat dituztela.
Hemen aldiz ZUR bai baina izen eta abizenik ez duzu entzuten. Eta jakina, ZUR hori bakarrik egin behar badute Eibarren tailer txiki bat eraiki nahi duena Bilbo aldera joan dadin han laguntza haundiagoak direlako... Hori ez da enplegu berriak sortzea, hori da herri batek beti daukan dinamika ttikia lekuz aldatzea. Eskualdeen arteko oreka ongi aztertu beharreko gauza da, eta hori ez da ikutu ere egin.
A. Baina ZUR horrek harrapatzen ez dituenak ere Zona Asistida izendatuko omen dituzte.
X.O. Espainiako Ley de Incentivos Regionales delakoak garbi dio ZUR hori dela Zona Industrial en Declive, galbidean dagoen industrialdea. Eta benetako zona asistida hori da. Zer dakarkizu zona asistida izendatzeak? Batetik Europatik laguntza. Eta bestetik laguntza maila haundiena. Esplikatuko dizut. Europan laguntza maila ezberdinak dituzu. O mailan bazaude %20rainoko laguntzak ematen ahal dizkizute gehienez ere; eta hola mailaz maila. Eta laugarren maila da zona asistida hori, zure inbertsioen %75eraino eskuratu dezakezularik.
Benetan inportantea da Europan sartzen garenerako maila horietako batean egotea, gero enpresentzako laguntzen topeak ere horiek erabakiko dituzte eta. Beraz, laugarren maila edo zona asistida izateko bi bide daude: herrialde atzeratua izatea, Italiako Mezzogiorno edo Espainiako Extremadura izan daitezkeen bezala, edo bestela Estatu Espainolean ZUR izatea.
Eusko Legebiltzarrak beraz zona asistida komunitate autonomo osoa kontsideratzen du, baina Madrilek ZUR bakarrik, Bilboaldea. Hor zegoen kontraesana lehendik ere aipatzen genuen, baina gure proposamena ez zen plenora azaldu Madrilen sinatu zuteneko biharamuna arte. Eta orduan montatu zen sekulakoa: PNVren talde parlamentarioak abstenitu egin behar izan du.
A. Komunitate Autonomoko beste eskualdeetarako ere plan komarkal batzuez mintzatu da Eusko Jaurlaritza.
X.O. Korrika eta presaka egin dute, baina ez da pezetarik aipatzen, hasiera batean presupostuetan sartu ere ez ziren egiten. Eskualde plan batek ZURraren alternatiba bat izan behar du. Erakunde publikoak beti ere inbertsioaren zati bat ematen dizu, eta horretatik landa kreditu ofizial bat egon behar du; gure ustez 50.000 milioi sartu behar ziren hiru urteri begira aurrezki kutxekin batera kreditu subentzionatuak ugaritzeko.
Baina Garcia Egotxeaga-eta ez dira horretaz ari. Enpresagizona administrazioarekin harremanetan jarri eta laguntza posible guztiak koordinatzeko ofizinatxo batean funtzionari bat jartzeaz ari dira. Ideia hori frogatua da jadanik Busturialdean, nork eta Albisturrek berak gainera, orain gipuzkoarrak isiltzeko atera bait dute berriz ere eskualde plangintzarena. Zer egin da hiru urtez Busturialdean? Urtean bost kilo jasotzen duen jelkide bat jarri bulegotxo batean eta kitto. Ez bait dauka sinadurarik. Zerbait konpondu behar duenak dirua behar du, edo diru hori eskuratzeko agintea. Eta bestela jai dago, Busturialdean ikusi den bezala: 15 milioi gastatuko zituzten, eta ez dute ezta arbola bat aldatu ere.
A. Aizu, baina hainbeste milioiren artean, presupostu osoan, zerbait ona egingo zuten, ez da txarra izango dena...
X.O. Gobernuaren hasieratik nahiko poliki eraman den sail bat bakarra dago aurrekontu guztian ondo samar, ikerketa eta desarroiloarena. Autonomia dugunetik diru asko erabiltzen da horretan, eta aurten ere bide hori sendotzen da. Baina birmoldaketa eta birrindustrialtze mailan ahulezia erabatekoa da.
A. Ze interpretazio ematen diozu zuk politika honi? Ez bait da posible goiz batean kontsellari Garcia Egotxeaga azaldu eta aldaketa batzuk hala baruratu zaizkiolako sartzea.
X.O. Giltza zerean datza: ea zer esanahi daukan Garaikoetxearen erorketak ekonomiaren ikuspegitik. Guk Euskadiko Ezkerran badugu horretaz gure tesia gertatzen ari dena interpretatzerakoan, baina etxerako gordetzen dugu, herri hau oso konplikatua bait da eta ez dugu traidore eta holako etiketak jarriz ibili nahi. Baina bago gauza bat mundu guztiak onartzen duena: Garcia Egotxeaga gobernu honetan elementu klabe bat dela pakto famatuan suposatzen duenaren aurrean.
Badira Garcia Egotxeagaz esaten diren gauzak dinamita direnak baina argitaratu ezinezkoak, frogarik ez dagoelako. Baina Madrilekiko tratuaz eta Garcia Egotxeagaren sarreraz mintzatzen zarenean aurrean duzunak ere gauza horiek badakizki, hark ere frogarik eduki ez arren; eta azkenean sindikatuek bezala enpresarioek edo PNVren bi aldeek baldintza horiek benetakoak balira bezala funtzionatzen dute.
Ofentsiba izugarri bat dago autonomiaren kontra, LOAPA ekonomiko bat. Euskadi Estatu Espainolean arazorik gabe artikulatu behar da, eta LOAPA ekonomiko horretan gizon klabea Garcia Egotxeaga da. Orain zuk galdetzen badidazu ea EBBk zergatik jarraitzen dion horri, ez dakit: izan liteke makiabelismoz, baina ez jakintasunagatik ere izan liteke, hemen txapuzero asko bait da.
A. Bueno, baina PNVn alde guztieteko jendea dago eta honez gero barruan ere kalapitaren bat piztuko zen.
X.O. Joan den egunean Garcia Egotxeaga Donostiara heldu zenean gipuzkoarrek kristorenak esan zizkioten. galtzaile sentitzen direlako. Baina orain, polemika atera denean. Mundu guztiak esaten dizu interes batzuk daudela gobernu honen azpitik eta klan horretakoak ez direnek hartu dezatela popatik: enpresa txiki eta ertainak, larri dabiltzanak...
Interpretazioa galdetu didazu lehen eta esango dizut Círculo de Empresarioseko partaide batek emandako definizioa: Se trata de recuperar para Bilbao el prestigio y el poder que tenía cuando España estaba dominada por tres polos, Madrid, Barcelona y Bilbao. Bilboko enpresa haundiek nola ulertzen dute beren agintea.
Solchaga ministrari sozialistak berak esaten duenean argi eta garbi Garcia Egotxeaga dela tratuaren klabea eta berak ematen diela fidagarritasuna, horrek adierazten du operazio gogor bat dagoela, edo EBBrekin ados jarrita edo EBB enteratu ere egiten ez delako. Politika ekonomikoaren ikuspegi nazionalistari uko egiten zaio eta gora foralismoa: - politikarik onena Madrilen egiten dena da eta harengan eraginik izateko lobbye bat behar da; Eusko Jaurlaritza oso ongi izan daiteke lobbye bat:
A. Orain dela aste pare bat idetzia dugu ARGIAn PNV barruko krisia bukatu dela, Gipuzkoakoek amore ematean eta estrategia ezberdinik ere ez egotean.
X.O. Estrategiaz mintzatzeko ez dugu modurik aurkitu sekula ez Garaikoetxearekin eta ez aparatoarekin. Azkenean gertatzen da batzuek foralistak eta besteak ez izate hori fiktizioa dela. Bistakoa da LTHren interpretazioaz istiluak sortu direla baina hori bezain egia da bi bandoetatik batek ere ez zeukala batere argi. Sekula ez dugu ikusi Garaikoetxea berearen alde a tope borrokan. Nork sartu zuen eskubide historikoena Konstituzioan? Garaikoetxeak Arzalluzekin. Nork eman zuen botoa Konstituzioan autodeterminazio eskubidea sartzearen aurka? Garaikoetxeak Arzalluzekin. Nork aurkeztu zuen LTH, eta Consejo Vasco de Finanzas... Beti kontra zeudela baina sekula ez zuten egin planto.
Baina orain gertatzen ari dena da galtzaileak agertzen direla, interes ekonomikoekin, izen eta abizenekin, lehen eztabaida askoz haizezkoagoa zen bitartean. Orain enpresagizon batzuek ikusten dute gatzen ari direla, Garcia Egotxeaga interes batzuekin dagoela, eta egonezin erreal bat dago. PNV berriz hasi da guztiei dena agintzen, baina ezingo du bete.
- A. PNV barruko krisia benetan mamitu dadin oinarriak jartzen ari dira beraz, zure eritziz.
X.O. Kritiko jendea komentzitu behar dugu mugimendu ideologiko baten buruzagitza hartu dezaten, egonezin huts bat baino gehiago antolatzeko posibilitateak badirela. Baina kritikoen inkoerentzia ere izugarria da: negartiz betetako txalupa bat dirudi, foralistenak sozialdemokratekin nahastuta...
Baina Herri honek merezi dituen agintariak ditu eta azkenean autonomiarentzako hain garrantzitsua den hainbat arazo, ZURen ingurukoa bezala, txiripaz ateratzen da plazara, egoera oso berezi batean EEren mozio bat aurkeztu delako. Borroka hori gertatu dadin arrazoin objetiboak badaude beraz baina falta direnak liderrak dira, beren eginkizunak hartu eta ekintzak ere programa baten arauera eginen dituzten liderrak.
Baina Mario Onandiak ondo deskribatzen du PNV: Jesusen modura asto baten gainetik eskuinera eta ezkerrera bedeinkazioa emanaz doan gizon bat. Navalean greban daudela? PNV aurrean. Peronistak bezala: eskuin muturretik ezker muturrerako posizioak beren barnean erresumitzen dituzte, hauteskunde makina izugarri bat dira eta agintea hartzen dutenean betirako. Herri batentzako kalamitate bat dira.
A. Gauzak zuk diozun bezain beltz egonik harrigarriena dena da inor ez mugitzea.
X.O. Jendea ez da enteratu ere egiten. Eta pentsa gauza akojonanteak gertatzen direla. Turismo mailan, esate baterako. Dekreto bat ateratzen da Madrilen eta Obiols, PSOEkoa, katalana, inkonstituzionala, autonomiaren kontrakoa eta Tribunal Constitucionalera eraman behar dela. Hemen berriz Luis Mari Bandresek oso ona dela eta ados daudela erabat. Duela zazpi egun gertatua da. Zer da hori: ezjakintasuna ala makiabelismoa?
Begira zer gertatu den nekazaritzarekin. Sail horretan konpetentziak Jaurlaritzarenak dira, transferituak daude. Pentsa liteke EEEn sartzen garenez Europa mailako armonizazioan sartu behar dugula guk ere, baina guk Europan, ez dauka horretan Madrilek zer esanik. Ez ordea, Europak ez dakit zer eskatu duela eta Madrilek artikulatzen ditu gauzak Estatu Mailan. Horrela, joan den astean joan da Ormazabal Madrila eta oso ondo, ados jarri dela hangoekin. Baina nola ados jarri dela, konpetentziak gureak badira, zer daukate esateko Madrildik?
A. Bueno, eta orduan nola dago autonomiaren asunto guztia?
X.O. Une honetan LOAPAren gainean bizi bagina bezala. Lehen LOAPA jarri nahi izan zenean mundu guztia mugitu zen erakundeak aurrean zituela eta edonori galdetuz gero erantzun garbia entzungo zenuen: autonomia moztu nahi digute. Orain LOAPA ekonomikoa ezartzen ari zaizkigu, politikoa baino inportanteagoa dena, eta gobernuak ez du protestarik egiten. Eta eritzi publikoa konten.
LTH lehertu egiten da arazo hauekin. Europak gauzak erabakitzerakoan autonomiekin hitzegiteko arazoak baditu, zuk esango didazu diputazioei ze nolako kasua egingo dien. Italian esate baterako, eta hango Auzitegi Konstituzionalaren erabakiz, herrialde autonomoen bidetik aplikatzen dira Europako erabakiak. Guk aldiz diputazioen artean sakabanatu ditugu gure konpetentziak. Europari bizkar emandako LTH bat egin da.
Iñaki ZUBIONDO
Xabier Olaberrik ZUR delakoaren kontura Euskal Herriari adarra jo zaiola sinesten du.
11-14