argia.eus
INPRIMATU
"Hernanin antzerki bokazio haundia dago"
1985eko martxoaren 03a
Udal Antzerki Lantegikoekin
"Hernanin antzerki bokazio haundia dago"
Duela hiru bat aste hasi zen martxan Hernaniko Udal Antzerki Lantegia. Datorren urtean herri horretan martxan hasiko den Kultur Etxe baten atala izango denak jadanik eman ditu lehen urratsak Biten izeneko lokaletan daukaten areto batetan. «TTanttaka» antzerki taldea da projektu horren gidari, Hernanin bizi den antzerki zaletasunaren erakusgarri. Lantegikoekin hitzegin dugu xehetasun gehiago jakitearren.
ARGIA.–Nondik ateratzen da udal antzerki tailerra muntatzearen asmoa?
Lantegia. Hernanin antzerkia egiteko bokazio haundia dago, mundu guztiak nahi du antzerkia egin. Gure ustez hori da egin behar dena. Talde asko egotea, jendeak antzerkia egitea. Ttanttaka eta Titirikoko taldekoen artean hasi ginen udaletxearekin kontraprestazio moduko zerbait egiten, guk klaseak eta horrelakoak eskeini, eta udaletxeak lokalak uzten zizkigun guri han lan egiteko. Udaletxeak onartu egin zuen antzerki lantegi bat muntatzeko aurkeztu genuen projektua. Hori da hasiera. Lantegia da nolabait gure ideiala; guk ez dakigu asko, baina hau da guk herriari aportatzen dioguna, gure-lana. Oso lan soila da...
A.–Eta orain dela gutxi hasi zarete lanean...
L.–Duela bi astetik hona hasi gara lantegi moduan funtzionatzen. Hiru talde dauzkagu, haurren taldea, institutokoena eta haundiena. Bestalde, badago antzerkiaren inguruan projektu globalago bat, hau da, hilabetero antzerki talde bat ekartzea Hernanira. Oraingoz, haurrentzat egiten da programazio hori hamabostean behin. Programazio horri apirilean egingo dugun astebeteko programazioarekin hasiko dugu.
A.–Lantegia martxan ari den hiru aste hauetan zer ikusi duzue?
L.–Bueno, guretzat oso ongi egon da. Umeen taldea daramagunok lehendik ezagutzen genituen haurrak. Beraiek antzerkia bakarrik egin nahi dute: montaia bat. Gidoia hartu eta benga, gorputz espresioa eta horrelakoak ez dituzte maite. Beste taldetan hastapenak lantzen ditugu: erritmoa, gorputz ariketak, eta horrelakoak, hauek ez dute espektakulurik egin nahi, antzerkiaren inguruko gauzak ezagutu baizik. Gorputza erabili apurtxo bat.
A.–Eta teoriarik baduzue zuen lanaren inguruan?
L.–Bai, badugu, baina oso etxetik ibiltzekoa da... Dena dela, horrela egin behar dela pentsatzen dut... Donostian oso zaila da horrelako ezer egitea, oso inpertsonala bait da; baina. Hernani gure etxea balitz bezala da, elkar ezagutzen dugu, ezagutzen gaituzte, eta antzerkia asko maite dutenez, guretzat ilusio bat da antzerkia egitea horrelako giro batetan. Bestalde, harrobia landu behar dela pentsatzen dugu.
A.–Baina harrobia zertarako, gero taldeak sortzeko?
L.–Ez, gero norberak nabi duena egiteko... Bizitzan baliogarri izan daiteke, musika edo beste edozer bezala. Baina guk antzerkia lantzen dugu, eta hori lantzen ari gara.
A.–Gisa honetako beste esperientziarik ezagutzen al duzue?
L.–Ermuan badago horrelako lantegi bat baina ez dugu hango esperientzia hurbiletik ezagutzen; Zumaian ere badagoela uste.dut... Nik uste dut jendeak zerbait egin nahi duela, horren adierazgarri izan daiteke Hernanin haundien taldea izatea jendetsuena...
A.–Ze dinamika daramazue talde bakoitzarekin?
L.–Hasteko, txikien taldean hamabi dira, baina ia egunero agertzen da berriren bat ikusi eta gustatzen bazaio bertan gelditzeko asmoz. Institutokoak hamabost dira, gero Instituto bertako taldean jende gehiago dago, han orain dela sei hilabete beste esperientzia bat hasi bait genuen; helduenen taldean hogeitabost inguru dabiltza. Talde guztiak astelehen eta ostegunetan aritzen dira, bakoitzak ordu tterdiz, txikiekin bost t'erditan hasi eta hamar t'erdiak arte hirugarren taldearekin bukatzen dugunean. Guk lan egiten dugun modua erakusten dugu. Berek ikus dezaten nola egiten dugun, nola pentsatzen dugun guk egin beharko litzatekeela. Entrenamenduarekin hasi, haurrekin jolasak izaten dira, gero maila gutxiko akrobaziarekin, eta gero ipuin bat hartu eta muntaia batekin hasi behar gara. Haundiekin beste modu batera egiten dugu lan, beste programa bat da, entrenamendua, erritmoko jolasak, interpretazioko gauza txikiak, inprobisazioak. Denbora gutxi eta jende asko.
A.–Ze tratu klase dago udaletxearekin?
L.–Datorren ikasturtetik aurrera Biterin kultur etxea hasteko projektua dago; oraingoz badago plastikako lantegia. Bi tailer hauek kultur etxean sartuko dira. Gu gara nolabait pioneroak. Bestalde jendea berez udaletxean apuntatu beharko litzateke, baina guztiak Biterira etortzen dira zuzenean.
M.A.
37



GaiezKulturaAntzerkiaBesteak