Antton Arka: "HB herriaren alternatiba aurrera ateratzen saiatuko da"
1985eko urtarrilaren 13a
Astigarraga Donostiatik desanexionatu dela eta HBko Antton Arkazari elkarrizketa
Astigarraga, Independentzia berreskuratu duen herri bat
Antton Arka: "HB herriaren alternatiba aurrera ateratzen saiatuko da"
Beste zenbait hiri bezala Donostia ere hazteko gogoz ibili zen gerra zibila amaitu eta segituan. Altza anexionatu zuten. Pasaia ere nahi zuten eta Astigarraga 1943. Urtean anexionatu zuten. Trukean frontoi bat egin zuen Astigarragan Donostiako udaletxeak gainontzeko aginduak bete gabe geratu zirelarik. Abenduaren 30ean berriz bozketa bat egin zen Astigarragan eta honek Donostiatik aparte bizi nahi zuela baieztatu zuen. Donostiako udaletxean HBko eta Astigarragako zinegotzia dugun Antton Arkarekin hitzegin dugu herri baten kapitulu eder bezain interesgarri honetaz.
Ezer baino lehen esan dezagun Astigarraga Donostiatik 7 kilometrotara dagoela Hernaniko bidean. Hiru mila eta berrehun biztanle dauzka horietarik laurdena baino gehiago delarik 14 urtetik beherakoa. Ehuneko 63 bertakoak dira eta etorkinak gehienak Euskal Herritik etorritakoak (hala ere ehuneko 17 Espainiatik etorritakoak dira). Gehienak euskaldunak dira eta biztanleko diru sarrerak beste zenbait herritan baino (Zizurkil, Orio esatebaterako) haundiagoak dituzte. Orain aukera izango dute bera dena beraiek administratu ahal izateko.
Antton Arka.- Tomas Alba zenarekin hasi ziren Astigarraga Donostiatik desanexionatzeko lanak. Tomas Albak eta HBko zinegotziek batzorde bat osatu zuten, ez Astigarraga bakarrik, bai eta ere Igeldo eta Altza bezalako beste zenbait herriren desanexioa ikusteko edota behintzat administral autonomia bat eskeintzeko gutxienik.
ARGIA.- Eta horretan gelditu zen gauza korporazio berria etorri arte...
A.A.- Bai, korporazio berri hau sartutakoan Herri Batasuna hasi zen asuntua mugitzen. Hain zuzen ere gorabeherak 1983.eko Abenduaren 30ean hasi ziren alkateak SIADECOri estudio bat eskatzea proposatutakoan. Denak onartu zuten hori. Guk esan genuen ez zela nahikoa. Kontutan hartu behar zela Astigarragaren anexioa egin zenean 1943. Urtean Donostiako udaletxeak konpromisu batzuk hartu zituela eta horiek oraindik ere bete gabe jarraitzen dutela; uholdeen aurkako neurriak, bideak eta espaloiak, zerbitzu batzuk eskaintzea... Horien truke egin zen anexioa eta oraindik ere ez da holakorik egin Astigarragan.
A.-84.eko urtarrilean mozio bat aurkeztu zenuten udaletxean puntu horiek betetzea eskatuz, zerbitzu minimo batzuk eskatuaz Astigarragarako eta batzorde bat sortzea Astigarragako jendearekin desanexioa bideratzeko. Urtebete honetan eta bozketa aurretik nola eman dira pausuak?
A.A.- Guk denbora guztian borroka egin dugu herri taldeek parte har zezaten desanexio kontu hauetan eta ez zedin gerta beti bezala erabaki sektorial bat. SIADECOk bere lana ekainean aurkeztu zuen bitarte horretan batzorde bat lanean aritu zelarik zerbitzuak eta eskuratzeko Astigarragak.
SIADECOren "preavance de datos" horretan argi eta garbi ikusten zen biablea zela Astigarragak bere udaletxea edukitzea. Uztailaren hamabian proposatu genuen Urrian egin behar zela kontsulta bat Astigarragan desanexioa erabakitzeko. Enmienda a la totalidad bat egin zuten besteek eta 13 laguneko batzorde bat egin behar zela proposatu zuten (7 PNV, 5 HB, 1 PSOE, Astigarragan hauteskundeetan emandako kopuruen arauera).
A.- Zer egin zuen batzorde horrek?
A.A.- Urriaren 25ean hasi zen martxan benetazko batzordea. Udaletxean aurkeztu zuten zer nolako informazioa eta kanpaina egingo zen. Baina Donostiako udaletxean fuera del orden aurkeztu izan da beti Astigarragako gaia. Presupostu bat egin zuen batzordeak eta aurkeztu zen udaletxean. Batzorde hau ordea prentsan eta esaten hasi zen bozketa abenduaren 30ean izango zela. Eta hori ez zen posible. Permanenteak onartu beharra zeukan fetxa bat.
A.- Noiz onartu zen hori?
A.A.- Batzordearen lana abenduaren 19an aurkeztu zen permanentera, bileratik kanpo hau ere. Proposatu zuten 30ean egitea bozketa. Permanenteak esan zuen oso denbora gutxi zela 19an planteatu eta 30ean egitea. Ez zegoen zensoa prestatua eta gainera pleno batean onartu beharra zegoen. Plenoa 28an ospatu zen bitartean PNV prentsan eta ibilia zelarik aurretik kontsulta 30ean izango zela esanez. Gu kontsultaren alde geunden baina esaten genuen teknikoki ez zela posible fetxa horretan egitea.
A.- Desanexioaren alde berriz denak agertu zarete, bai PNV, bai HB...
A.A.- Bai, bai. Gertatzen dena da PNVk ez duela bere burua busti nahi beste gauzetan eta guk alternatiba bat eman nahi diogu herriari. Orain bertan esatebatera, badago plan partzial bat eta PNV ez da aklaratzen oraindik horrekin. Guk lehen bait lehen onartzea nahi dugu zehatz mehatz jakiteko zein izango diren Astigarragako etxe-lurrak edota industri-lurrak etabar. Ez dugu nahi orain derrepentean etxeak eraikitzen has daitezen. Horrekin batera nahi dugu Donostiak Astigarragan inbertitu ez zituen guztiak inbertitzea.
A.- Ze ezaugarri dauzka Astigarragako herriak?
A.A.- SIADECOren ikerketan argi eta garbi ikusten da Astigarragak mantendu egin duela bere nortasuna. Ez da gertatu inmigrazio haundirik. Egon da inmigrazioa baina parte haundi bat Gipuzkoako beste zenbait tokitatik etorritakoa eta oso ondo integratutakoa dugu. Ehuneko 65 euskalduna da. Ohiturak eta gorde egin dira. Nekazaritzak ere garrantzia haundia du Astigarragan nahiz eta lagun dexente gehiago aritu industrian eta zerbitzutan.
A.- Botoa eman behar zuten 2.250 lagunetatik 1.335 lagunek eman zuten desanexioaren alde ehuneko 54 agertu zirelarik. Astigarraga udaletxe bezala funtzionatzen hasi bitartean nola geldituko da orain?
A.A.- Sekretarioak datuak jaso eta alkateak esango du ados dagoela desanexioa egiteko. Junta Generalei eskatu behar zaie pausuak ematea Astigarraga independientea izateko. Hauek Diputazioari benetako espediente bat eskatuko diote (hainbesteko zerga, hainbesteko patrimonioa...). Junta Generalek onartu beharko dute azkenean guziori ikusita. Prestaketa hauek datozen udal hauteskundeak baino sei hilabete lehenago prest baldin badaude jestora bat osatuko da hamaika kontzejalez osatutakoa. Jestorak hauteskundeak egin arte funtzionatuko luke. Hortik aurrera beste edozein herrik bezala funtzionatuko du.
20-21