Estradizioen Lezioa: Fronte Nazionala Behar


1984ko urriaren 14an
Jacques Abeberri, "Enbata" astekariko editorialistari elkarrizketa
«Enbata» -ko Jacques Abeberrirekin
Estradizioen Lezioa: Fronte Nazionala Behar
Sozialistekin tratu batera iritsi ziren abertzale moderatuen artean ezagunenetakoa da Jacques Abeberri. «Enbata» astekariko editorialista ere bera dugu. Estradizioekin sozialista frantsesek hartu duten bidea ilun ikusten du, bai frantses eta bai espainolak eskuin eta ezker euskaldunon aurka elkartzen diren momentuan.
ARGIA.–Estradizioen kateak aurrera jarraituko duela uste al duzu?
JACQUES ABEBERRI.–Inpresio pesimista bat dut. Ez da arazo kojuntural bat. Akordio batera iritsi dira Mitterrand eta Gonzalez, Espainia Europako Ekonomi Elkartean sartzea eta beste hainbat xehetasun ekonomiko zehazten den akordio batera. Eta akordio horretan bakoitzak dituen arriskuak ere onartu dituzte.
EEEn lehendakaritza Frantziak zeukanean aprobetxatu zuten tratu horretara iristeko, lehengo urteko bukaera aldean, Mitterrand eta Gonzalezek elkarrizketa egin zutenean. Hori da nire interpretazioa.
A.–GALek ere bere papera jokatu du hor.
J.A.–Talde parapolizialek Ipar Euskadin lan egitea aspaldikoa da. Baina lehen ez bezala akordio politiko global bat zegoen bi estatuen artean, eta plan horien bidean laguntzaile baliosa izan da GAL.
Tamalez azkenean lortu dute: jendeak ez dezala biolentzia kondenatu; jendeak uste du demokrazia espainolaren izenean ezin dela «santutegi frantsesa» ametitu eta bigarrenik GALekoak asesino batzuk direla baina errefaxiaturik ez balego GALik ez legokeela. Eritzi publikoarentzat, beraz, errefaxiatuak dira errudunak hipotesi guztietan. Hor dituzu Leibaren eta Hendayais-eko hilketak. Talde parapolizialek huts egin zutela? Jendeak dena dela esango dizu errefuxiatuak han ibiltzen zirelako tirokatu zutela Hendayais eta bi herritar hil, errefuxiatuekin lankide zelako akabatu zutela Leiba.
Iparretarren ekintzei ere begiratu: Zuk eta nik badakigu IKk eta ETAk ez dutela elkarrekin zer ikusirik, baina jendeak... «c'est de basques!».
A.–Estatu Espainola demokratatzat jotzeak ba al du garrantziarik frantsesen aldaketan?
J.A.–Ez, egiaz sozialista frantsesek badakite ongi Estatu espainolean egoera zein den. Arrazoin berdinengatik l980an estradizioei ezetza eman zieten. Odolezko delituak omen dituztela eta Espainian demokrazia dagoela esaten da, baina hori bera esan zitekeen 80an ere eta tribunalek aholkatutako estradizioak ukatu egin zituen Pierre Maurois sozialistak. Zer aldatu da? Sozialistak daudela agintean. Arrazoin juridikorik ez denean Internazional Sozialistak inposatzen du bere "real-politik".
Frantsesek beste kalkulu bat ere egin dutela iruditzen zait. Parisen badakite baita ETA suntsitu arren ere, hori kasurik onenean, ez baldin bada euskal arazoa konpontzen beti jarraituko duela zauriak gaizto eta ondorioz errefaxiatuen prolema ere beti izanen dela. Eta Madrilgoek ETA deuseztu nahi luketen bezala Pariskoek negoziaketara eraman nahi dituzte. Estradizioen aferari horrek ere esplikazio ona ematen dio.
A.–lpar Euskal Herria Hegoaldeko iheslarientzat bukatu dela pentsatu behar al da?
J.A.–Politikan ezer ez da definitiboa. Pesimista naiz baina ez dut uste gauza ebidentea denik. Zenbait argigarri badira. Errefaxiatuek berek hizkera oso prudentea erabiltzen dute beren komunikatuetan, eta arriskurik haundienean dabiltzenek hain kontuz jokatzen badute dena galdua ez dela usté duten seinale da.
Parisko gobernuak seguru bazekiela Euskal Herrian erreazioak izanen zirela. Baina ez zuten esperoko erreazioaren zabalera hori. Erantzun gogorrak espero zitezkeen, atentatuak eta beste. Baina afera honetako gertaera funtsezkoena zera izan da, PNVk eta Eusko Jaurlaritzak, taktika politikoz edo benetako sentsibilitatez ez dakit, hartu duten jarrera.
Kontuak atereaz, estradizioek lejitimitate berri bat eman diote ETAri. ETAri eragozpenak sortzen dizkio frantsesen erabaki politiko honek, borroka harmatua beste era batera planteatu beharko du behar bada, eta epe laburrera traba jartzen zaio erakundeari. Baina Franco hilez geroztik zegoeneko estrategia ikusi behar da. Urteotan PNVren estrategia egon da, PSOErekin eraman duena, Autonomi Estatutoarena eta Moncloako tratuena, Konstituzioan eskubide historikoak sartuz eta. ETA hortik alde batera geratzen zen. Estrategia hori impasse batean sartua zegoen.
Paraleloki, ETAren estrategia ere inpasse batera iritsia da. Egia da atzerrian amesten zen Espainia federal hara ikusten duzun errealitate hori bilakatu dela. Baina ETAk zer proposatu behar du, hola jarraitzea guardia civil batzuk hilaz, Madrilen beti «pronunciamiento» arriskua dagoela, beti boto kopuru berdintsua bilduz, ehuneko hamabi, hamabost, hemezortzi nahi baduzu... hola segitzea beste berrogeitamar urtez, ehun urtez? Ez bi aparatoen mailan, baina PNVren eta ETAren impasseetatik ateratzeko eskatzen du herriaren kontzientzia kolektiboak, onartzen ez diguten identitate nazionalarena dela kontraesan nagusia.
A.–Eta zein da horretatik ateratzen duzan lezioa?
J.A.–Frantzian eta Espainian mundu guztia da gure kontra, ezkerrétik eskubira. Fronte nazional espainol bat badago eta fronte nazional frantses bat ere bai, estradizioen alde, autonomia ahalik eta txikiena ematearen alde. Lehen ezkerrekoak gurekin ateratzen ziren kalera eta orain agintean daudenean berdin egiten dute.
Beharko litzateke bi hilabeteotan ekintzetan gertatu den elkarrengana inguratzea politikan ere itzultzea. Konpromezu batera iristea borroka harmatua, borroka erreformista, independentistak, autonomistak. :. Fronte nazional bat sortzea, gure nazio nortasuna defenditieko. Krisi honetatik irtenbide horretatik aterako bagina esango nuke estradizioen afera honek fruitu onoragarriak eman dituela.
A.–Iparraldeko zenbait abertzale sozialistekin presentatu zineten hauteskundeetara.
J.A.– Sozialistekiko aliantza desegina dago. Ni ere horren aldekoa nintzen eta ez zen apostu bat, konpromezu batzuk bazeuden. Seaska administrazioak bere gain hartzea, euskal departamentua eta errefuxiatuentzako estatutoa, horretan geratu ginen. Ez dizut esango eskuinaren berdinak direla, eskuina okerragoa bait da: nor ez da oroitzen Seaskarentzako futbol partidua galerazi zuen Biacabe hartaz, edo errefuxiatuak nola eraman zituzten zuzenean fronterara 1979an? Baina sozialistekin genuen tratua nire ustez hautsia dago.
Abertzaleen reagrupamendutik pasatzen da gure lana, erakunde bat sortzea oinarri garbi bat utziaz: nazio askapen borroka bat eratu behar dela. Nazio askapen borroka. Baina hori argi utzita, esan behar da hauteskundeetara jo behar dugula, enpleguak sortzera, irakaskuntza antolatzera. Jokabide erreformista bat hitz batez, Ipar Euskal Herria birkonkistatu beharra daukagu eta.
A.–Voisinek uste du euskaldanengandik gero eta aparteago zaudetela Iparraldeko abertzaleak.
J.A.–Marjinalizaziotik atera behar dugu abertzaleok, gaur lortuko genukeen ehuneko 5 horretatik igotzeko. Eta horretarako gaur ez dugun erakunde bat sortu behar dugu. Badugu dena dela gainditzen zaila den kontresan bat: Hegoaldea. Hegoalderik gabe gu ez ginateke izango, Bretainian bezala egongo ginen; baina era berean ezin dira hemen aplikatu Hegoaldeko eskemak. Hegoaldeari begira Herri Batasunaren bidean nago, eta frankotan agertu dut nire jarrera. Baina Iparraldeari buruz horiek ere garbi onartu behar dute gure borrokak diferente izan behar duela. Eta Herri Batasunari esan behar zaio ea noiz mintzatu behar duen Ipar Euskadiz, ez dela aski hauteskunde garaian hemengo bi edo hiru testimonial gisa eramatea, edo Hegoaldean Iparraldeko krisiaz mintzatzea.
Ipar Euskal Herriaz isilik egoteko errefuxiatuen trankiliatea aipa zezakeen aitzakiatzat Hegoaldeko ezker abertzaleak, eta arrazoi bat da. Baina gobernu frantsesak ez du gehiago jarraitu nahi komedia horrekin.

Jacques Abeberri pesimista da errefaxiatuen etorkizunaren aurrean.
13-14

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakErbesteaEstradizio
PertsonaiazABEBERRI1

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bretainia
2023-08-16 | Euskal Irratiak
Bretainiako herritarren %8a besterik ez da mintzo bretoieraz

220.000 biztanlek erregularki erabiltzen dute bretaindar hizkuntza. Emaitza aski arranguragarria, jakinez Bretaina historikoan 4 milioi biztanle badirela. Hori da bretaindarraren egoera gaur egun.


Aktibistak kriminalizatzea da justiziaren jolas berria Europan, galdetu Vincenzo Vecchiri

Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege... [+]


2022-05-19 | Leire Artola Arin
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg

Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.


Nantes Revoltée hedabide independentea desegin nahi du Frantziako Gobernuak

Hamar urte daramatza Nantes Revoltéek informatzen, baina urtarrilean hedabidearen disoluzio prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak. Nantes Revoltéek salatu du beren aurkako prozedurak hedabide independente oro eta informazio eskubidea mehatxatzen dituela.


Iberdrolaren ontzi batek 16 kilometroko hidrokarburo isuria eragin du Bretainiako kostan

Aeolus ontziak astelehenean eman zuen isuriaren abisua. Konpondu artean, gertaturikoa ikertzen ari da fiskaltza.


Eguneraketa berriak daude