Josu Naberan « Klarifikaketa Handia Eman Da Egunotan»
1984ko irailaren 16a
AEKko Josu Naberan
Zestoako Mintegian AEK erakundeak ikasturte berria aztertu
Josu Naberan « Klarifikaketa Handia Eman Da Egunotan»
AEKko ehunda berrogei partaide bildu dira joan den asteburuan ostiral arratsetik hasi eta igande iluntzeraino, Zestoako Balnearioan. Gaia, ikasturte berria eta egoeraren azterketa. Bi postura edo hobe, bi jarrera nagusi: Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. HABE legearen markoan baldintza batzurekin jokatzea, gogorrago lehenak, lasaiago besteak. Borrokatzen jarraitu behar dela, aurrenengoek, eta irakaslearen egoera aseguratu, hobetu, eta irakaskuntza ere hobeagoa izango dela besteak. Hitz gogorrak batzuren eta besteen artean. Gipuzkoako arduradunek, Gipuzkoatik eramandako proposamenak aurrera ateratzeko gauza ez zirela izan eta Gipuzkoako asanbladaren esku jarri zuten beren dimisioa. Azkenerako nekatuta eta lan asko eginaren sentsazioaz amaitu zen mintegia. Josu Naberan-ekin hizketan ahalegindu gara punturik garrantzitsuenak jasotzen.
ARGIA.–Zergatik antolatu da 84-85 ikasturte honen hasieran Mintegi hau?
JOSU NABERAN.–Iazko borrokaz eta iazko kanpainaz amaitu zen aurreko kurtsoa. Ikusita borroka horiekin zer lortu zen eta zer ez, lortu zen diru atzeratuak kobratzea, ez zen lortu AEKk administrazioarekin behar zituen negoziaketak aurrera eramatea, oso itxia agertu zen administrazioa une oroz, orduan erabaki zen beharrezkoa zela hurrengo ikasturtean «mintegi» bat antolatzea. Mintegi zabal bat, parte hartu ahal izateko AEKko edozein ikaslek zein irakaslek.
Ikusten da, bai ikasturtea gainean dagoelako eta HABE legeak planteatzen dituen baldintzak ezinezkoak direlako AEKrentzat, urjentea dela erabaki bat hartzea.
Orduan HABE legeaz hitzegiterakoan hitzegiten dugu Habe legeaz eta lege horren azken desarroiloaz, legearen garapenaz. Azken desarroilo honetan AEKk parte hartu nahi izan zuen, enmiendak eta egin zituen, baina enmiendoi ezezkoa eman zitzaien bere orokortasunean, hau da blokean bota zituzten atzera. Orduan atera dute Habe legearen garapena.
Garapen horretan markatzen dira zentro publikoen, homologatuen eta libreen baldintzak, eta bai eta ere deialdi bat zentro publiko eta homologatu horietako irakaslegoaren titulazioari buruz, eta deialdi bat azterketa bat egiteko.
Azterketarako deialdia ikusi zenean orduan, AEKren Batzar batean, ikusi zen onartezinak zirela azterketarako puntuak, hau da, deialdia onartezina zela.
A.–Ze diferentzia dago zentro libre publiko eta homologatuen artean?
J.N.–Euskaltegi publikoak dira HABEkoak, eta euskaltegi publiko izateko kapazidadea orain Udal-euskaltegiek bakarrik daukate. Nahi izanda ere beste zentroek ezin dute publiko izan. Udal-euskaltegiek bakarrik. Izugarrizko muga jartzea da hori publikotasunari.
A.–Beste euskaltegi publikorik ez dutela irekiko ematen du...
J.N. Orain ezin da besterik ireki publiko bezala. Eta beste guziak kondenatuta gaude pribatutasunera. Pribatuen barruan sartzen dira homologatuak eta libreak. Homologatuak dira ikasleko eta orduko libreen doblea kobratzen dutenak subentziotan (70 pe. eta ikasleko eta orduko). Homologatuen bentajak dira titulazioa eskeintzeko eskubidea daukatela: EGA titulua eman dezakete esate baterako, eta beste zenbait bentaja antzekoak.
Zentro libreak berriz eskaleak dira. Funtzionamenduz kondenatuta daude oso medio gutxirekin lan egitera.
A.–Euskaltegian ikasle asko edo gutxi izateak ba al du zerikusirik?
J.N. Bai, homologatu izateko baldintzen artean jartzen dute hainbat ikasletik gora edukitzea, irakasleen titulazioa eskatzen duten bezala.
A.–Baldintza horietan planteatu da AEKren oraingo kezka...
J.N.–Baldintza horiek, AEKren kasuan, aproposak dira AEK eredu ezberdinetan banakatzeko eta desintegratzeko. Bestalde, lehenengo puntua ikutuz, irakasleen titulazioa, ez didaktika aldetik eta ez inondik ere onargarriak ez direla ikusten da. Didaktika aldetik hizkuntz irakaskuntza da gauza bat eta beste bat titulo asko eta handiak edukitzea. Nahikoa da injinierua izan eta EGA aprobatzea horrekin besterik gabe onartua izateko. Orduan AEKk bere planteamenduak dauzka titulazioari buruz, eta aspaldidanik planteatutakoak administrazioari. Labaienen denboran onartuak gainera: titulo horiek reziklaje butzuren bidez lortzea, irakasle eskola baten barruan eta administrazioarekin batera antolatu eta finantziatuta. Geroztik ez zaigu kasorik ere egin ordea. Eta ikastoletan urteak eta urteak pasata egin zena hemen egun batetik bestera egin nahi dute.
A.–Homologatzea eta ez humologatzea. Homologatzeketan zein baldintzatan. Irakasleen titulazioa AEKren arauetara edota HABEren legepera.
J.N.–Batzar hartan deialdia ikusitakoan ezetza eman zitzaion. Unanimea izan zen AEKko irakaslerik deialdi horretara ez presentatzearen erabakia. Erabaki zen gainera, lehen esan dudan bezala, ahalik eta lehenen mintegi bat antolatzea arazoa bere globaltasunean aztertzeko, eta ez bakarrik titulazioaren arazoa. Ea zer jokabide hartu behar zuen AEKk, ez bakarrik HABEri begira, baizik eta Euskal Herri osoari begira, Nafarroa eta Iparraldea kontutan harturik. Asmoa hori izan da, jokabidea aztertzea. Alde batetik instituzioei begira nola jokatu haien aurrean eta bestetik barrura begira. AEKko barne azterketa bat egiteko bai eta ere.
A.–Zertan gelditu da guziau?
J.N.–Bueno ba, txosten bi aurkeztu dira. Bata zen lehendik egina, eskualde guzitan ezaguna eta eztabaidatua jadanik, eta AEKren alternatibari buruz. Une honi buruzko inpresio batzuk ere jasoak zeuden txosten horretan.
Bestea berriz oraingo momentuaz izan da gehien batean, oraingo egoerari erantzuten diona.
Lehenengo txostenean esaterako, AEK erakundea beharrezkoa ikusten da une honetan Helduen Euskalduntze Alfabetatzerako daukan entidadeagatik. Erakundea sendotzen jarraitu behar dela esaten da.
A.–Hori da hain zuzen ere "Epe laburrera taktika" txosten horren gehigarriaren lehenengo puntua, Alternatiba sendotzea.
J.N.–Eta sendotzeko, barne antolaketari begira-eskualde plangintzan oinarritzea planteatzen da. Ez zentro bat erabatera eta bestea bestera ibiltzea maila ezberdinetan. Horrela «berdintasuna» planteatzen da, irakasleen berdintasuna alde batetik, ikasleen matrikulen berdintasuna bestetik eta zentroen berdintasuna azkenik. Eskualde batean euskaltegia eta gau-eskola ez daitezela bakoitza bere aldetik joan. Beste gauza bat ere planteatu da horretarako, «titularidadearena», AEK bere zentro guzien jabe izatea.
Hauekin batera militantzia sendotzea eta ikas-elkarteak dinamizatzea.
A.–Punturik konfliktiboenetako bat irakasleen homologazinarena izan da.
J.N.–Lehendik erabakia zeukan AEKk puntu hori Labaienekin negozitu zenean, horren mekanismoak berriz aurkeztea administrazioari, hori planteatu da: reziklajea, irakasle eskola...
A.–Zentro moeta ere nahiko istilu sortzeko gaia izan da...
J.N.–Udal-euskaltegiei baietz esan zaie. Komeni dela horiek mantentzea. Hori bai, baldintza batzuk betetzen direlarik, AEKk beti esijitzen dituen baldintzak hain zuzen ere: jestio demokratikoa eta autonomia didaktika mailan. HABE legean ageri diren zentro homologatu eta libreei buruz zera: helburua publikotasuna da. Zentro guziak publiko izatea. Bitartean ahalik eta baldintzarik egokienak lortzea zentrotarako. Orduan, ahalik eta zentro homologatu gehienak lortzea baina ezinbestekoaz joaz eskualde plangintza izango dela zentro homologatu eta libreak koordinatuko dituena. Homologatuak izan beharrean zentro aislatu batzuk baldintza ipintzen da zentro horren inguruko libreak adskribatuak izatea.
A.–Horrezaz gain AEKren medio propioak indartzea proposatu da.
J.N.–Eta horren barruan planteatzen da ikasle-irakaslegoaren gehitzea, euskararen alde dagoen edozein indarrekin kontatuz. Hor beharrezkoa dela AEKren onerako EKBn planteatu den kulturgintzako elkartasuna martxan jartzea horrelako plan batetarako. Kanpainak antolatzen badira pentsa ezina da AEKk bakarrik burutuko dituela. Eta alderantziz ere bai, AEK beharrezkoa dela EKBren proposamenak aurrera atera nahi badira
A.–Zer azpimarratuko zenuke mintegi honen gauzarik positiboen bezala?
J.N.–Hainbeste ordutan egindako lana eta egon den klarifikaketa. Talde lanean hainbat kontzeptu eta argitu dira. Publikotasunari buruz eta kontzepto fundamentalei buruzko klarifikaketa. AEK k publikotasuna nahi du. Helburutzat dauka. Homologatuak, libreak eta beste gauza horiek dira beste erremediorik ez dagoelako. AEKk garbi ikusten du instituzioen zeregina Euskal Herriaren Euskalduntze Alfabetatze lanean. Bai eta ere herriaren parte hartu behar ezinbestekoa
I.U.
Josu Naberan
Aurten ere badirudi kalera jo behar izango dela gobernuaren postura itxiari aurre egiteko.
26-28