argia.eus
INPRIMATU
Azkar Ibili Behar Da Iparraldean
1984ko uztailaren 08a
Betti Bidart eta Xan Koskarat kazetariei elkarrizketa
Betti Bidart eta Xan Koskaratetin Baigorrin
Azkar Ibili Behar Da Iparraldean
Kalean dira jadanik Betti Bidart, Xan Koskarat, Joanes Borda eta Alain Mateo. Herri taldeetako militanteak, Iparretarrekin prentsaurreko bat egiteko kazetariak furgonetan zeramazkitela arrestatu zituzten. Barruan utzi dute Gabi Mouesca, furgonetan ez zen bakarra, hogeitamar hilabeteko zigorrez, Janpol Hiribarrenekin. Irtenberriak izaki, sekula baino maitasun haundiagoa hartzen diote Baigorriko soro eta belardiei. Eta Bettiren etxe atariko lore alaiei. Zuti bat behar da, eta azkar, Ipar Euskal Herriko abertzaleen artean.
ARGIA.–Lehendik ere Ipar Euskal Herriko abertzaleen artean ezagunak bazineten, prentsaurreko hartan eskua erantsi zizuetenetik ospetsu egin zarete.
BAIGORRITARRAK.–Gure detentzioa nahiko ongi esplikatu dute komunikabideek. Kazetariak hartu eta prentsaurrekora gindoazela, berehala konturatu ginen segituak ginela. Buelta bat eman genuen eta bik ihes egin nahi izan zuten. Bata Filip zela Iruditu zitzaien eta tiro egin zuten, gizonaren alturan, hiltzeko asmoz. Gero poliziek berek aitortu zuten Betti Filiperekin tronpatu zutela.
A.–Pentsa liteke Filip bizirik harrapatzea interesatzen zaiela.
B.–Poliziek garbi argi aski esan Ziguten: «On va á la chasse». Ihizira goaz eta ahal badugu garbituko dugu, armak erakutsiz. Partikularki Filiperi buruz. Mehatxu giro horretan bizi dira eta ez dute ezer diskutatu nahi. Horrela hitz egin zioten Mouescaren amari ere. Bere semeak sasia hartu zuelarik klandestinitatea. Poliziek esan zioten: «Esaiozu zure semeari, edo etortzen da edo bestenaz guk tiratzen dugu».
A.–Gero berrogeitazortzi ordu komisaldegian pasata, gartzelara, bi Pauera eta beste biak Baionan. Eta gose greban sartu zineten.
B.–Txarrena gose greban hotza izan zen eta bakartasuna. Hara iritsi ginelarik funtzionariak ez ziren gurekin mintzatzen pentsatzen zuten frantsesik ez genekiela, batzuetan espainolez ere mintzatzen zitzaizkigun. Beti bakarrik ginen, isolaturik, zeldan bakarrik, dutxan bakarrik, bixita genuelarik ere berezirik uzten gintuzten. Juezak zioen ez genuela elkarrekin komunikatu behar. Baina Parisera eraman gintuztenean, hamabost ordu pasa genituen elkarrekin kamioiean.
Fresnes-era osasunagatik eraman gintuzten, gose greban ginenez han medikuek eta infirmiertsek zainduko gintuztela. Badakizue nola zaindu gintuzten? Astean bitan etortzen zen infirmiertsa eta tentsioa hartzen zigun. Medikua astean behin etortzen zen eta esaten zuen: «Ca va?», eta ongi, eta joaten zen. Hotz genuela esaten genuelarik, beti erantzuten ziguten «etxea zaharra dago eta haizea sartzen da leiho artekatik...»
A.- Eta hogeitahamabi eguneko gose greba utzirik, berriz Baionara, kilo pila bat galduta.
B. Baionara heldu ginen egunean izan zen eskuindarren manitestaldia, bortizkeriaren kontrakoa. Egun hartan genuen entzun Inchauspé euskaraz mintzatzen, «anfin» esanez, gaizki.
A.–Jujamendua izan zen ondoren, eta zuek Iparretarrak erakundeko partaide zaretela frogatutzat eman dute.
B.–IK gaixtagin elkarte omen denez, gu horren partaide garela egotzi digute, eta elkarte horren ekintza bat izan dela guk prentsaurrekoarekin egin duguna. Guk beti esan dugu ez garela erakundekoak, ez digute aurkitu ez armarik, ez paperik ez ezer.
Gero Cousteaux juezak gure dossierrean sartu zuen Gabi Mouesca, martxoaren lehenean arrestatuta. Didier Lafitte hil zuten hartan. Eta oso gauza grabea da hori.
A.–Cousteaux-k liberal itxura bat eman nahi izaten du, bada.
B.–Esan genion, bai. Liberal aurpegi baten gibelean errepresioa baizik ez duela bilatzen. Eta ez du maitatu.
Gure auzia benetan bitxia da. Dretxoan, delito bat egin behar duzu preso hartu zaitzaten. Gure kasuan, kamioia ez zen ebatsia, ezta gordea ere, zenbakia ez zuen aldatua, armarik ez genuen, paperik ere ez, ezer ez. Normalki ez genuen sekula preso izan behar.
Bigarren gauza. Gabi Mouescarena. IKkoa dela aitortu omen zuela eta gure auziari lotu zuten, prentsaurrekoarekin beraz. Ze delito egin du Mouescak? Ezer ez. Prentsaurrekorik ez zen izan, ez zen kamioiean... Lege aldetik ez da konprenitzen ez zergatik jujatu duten eta are gatxiago zergatik duten kondenatu. Erantzun batzuk badira. Laster juradu baten aintzinean pasatuko da, prokuradoreak lehendik kondenatua izan dela adieraziko du eta gogorkiago joko dute.
Ez da eskubiderik Mouescari egin diotena egiteko, eta apelazio bat sartua da berehala.
A.–Ez dirudi justizia frantsesarekin oso pozik zaudetenik.
B.–Konpara ezazu gurekin egin dutena eta GALekoekin egin dutena eta Frantziako justizia zer den ulertuko duzu. Gu hain egoera eznormalean gartzelan atxiki gaituzten bitartean, gu harrapatu eta berehala hartu zituzten GALekoak libre utzi dituzte. Presondegian gurekin ziren heste presoak ere eta ez dira politikoak, ez zuten ulertzen.
Auzian Cousteaux juezaren jokamoldea salatu dugu. Cousteaux ez zen bakarrik ari, bazituen bultzatzaileak. Estatuaren ordezkariek esango zioten gu barruan atxikitzeko. Esan genion berari ere, eta ez zuen ondo hartu.
Azkenean. IKkoak garela frogatutzat ematen dute baina libre uzten gaituzte, ezer txarrik egin dugunetz nahiko froga ez omen dutelako.
A.–Libre utzi zaituzte, baina fiskalak ere apelazina egin duenez, posible izanen litzateke berriro udazkenean barrura joatea.
B. Baionako tribunalak erabaki du ez genuela zigortuak izan hehar, ez garela deusetan hobendun. Gaixtagin elkarte batekoa izatea ez bait da aski zigortua izateko delitu edo krimen bat egin edo antolatu behar da horretarako. Horrek esan nahi du egin ditugun host hilabete eta bi egunak soberakinak direla, ezertarako.
Horren ondotik Estatuaren ordezkariak, prokuradoreak, fiskalak, ez du onartu erabakia eta apelazio bat egin du. Beste auzi bat izanen dugu, beraz Pauen heldu den irail aldean, baina Baionako erabakia hor dago. Guk ere, ordea, apelazio bat egin dugu. Hastapenetik erabakia genuen edozein zigor ezartzen zigutela ere salatuko genuela. Gero Gabi Monescari egin diotena ikusiz... Bi urte t'erdiko zigorra izugarria da. Gu libratu gaitu eta Mouesca izorratu dute.
Apelazioa egiteko beste arrazoin batzuk ere izan dira. Esate baterako, «fiagrant delit» (delitua egin eta berehala harrapatzea) kontsideratzeko plazoetan prezedente batzuk jarri nahi dira gure auziarekin eta hori ere salatu behar da.
A.–Auzian euskaraz mintzatu zinetelarik, interpretea ospetsu egin da.
B.–Guretzat oso garrantzizkoa zen auzian euskaraz mintzatzea, eta hala egin dugu. Orduan interpretearen lana penagarria izan da. Tribunalak badu bere interprete ofiziala, oraindik ere bai bait dira euskara baizik mintzatzen ez dutenak. Eman dezagun ohointza gauzak, lurrak, kontrabando istorioak...
Pertsona bezala ez dugu juzkatuko, baina hargin bati eskatzen bazaio murrua untsa egin dezan, interpreteari eskatu behar zaio gauzak untsa itzuli ditzan. Hitzak ia banaka itzuli nahi zituen eta ezin zen esplikatu. Eta gero... Penisa, hatean aipatu zen "Guk" taldea (Joanes Bordak han kantatzen du) eta itzuli zuen «Nous le group».
A.–Euskararen inguruan da bart kontatu zeniguten polizia istorio hura ere.
B. A. bon. Normala da, hemen polizia euskaldunak ez bait dira gutxi. Hasteko, Koko Abeberri abokatua hitz egiten ari zenean esan zidan ondoan eserita nuen poliziak: "To aise mintzo duk hori". Baina gero interpretearen lana ikusitakoan hala zioen: «Hobe zenuten Roger Idiart hartzea interprete bezala».
Gero berriz, guk espero genuen auziaren egun berean emanen zutela erabakia ere, baina hurrengo asterako uzten zutela ikusiz protestan hasi ginen. jendea ere bai "Presoak kalera" oihuka, eta azkenean borrokan poliziekin. Bagenekien behera eramandakoan zanpatuko gintuztela, eta azkena nindoalarik batek papotik heldu eta «Hi, urde astapitoa» hasten zait. Berotuak ginen eta eman nion kolpe bat.,«hi hiz pito guria, urdea erroraino»...
A.–Imajinatzen zaila egiten zaigu Hegoaldekoan holako egoera bat.
B. Iparraldean errez aurkitzen dituzu polizia euskaldunak, ezagunak ere bai. Baina Hegoaldean ere badituzue. e! Neri behin bederen egokitu zait bat Hendaiako mugan, autobusean goazela. Ea euskaldunak ginen galdetu zigun eta bera ere euskalduna zela eta abar.
A.–Auziak auzi, asuntoa da irten zaretela.
B. Bost hilabeteetan mogimendu azkarra izan da kalean. Presoen aldeko komiteak sortu dira hainbat herritan. Baigorrin, Donapaleun, Maulen... Afitxak jarri dira, pintaketak, kantaldiak, mitinak. Makeako mitinetik hasita, kanpaina ongi eraman dute eta barrutik izugarri gustora hartzen genuen. Horri esker eraman genuen frango aise Pariseko egonaldia. Ikusi behar da baita ere nola pasatu diren Baigorriko Kultur Astea. Nafarroa Eguna, Herri Urrats. Kanpoan mugitzen direla ikusiz hartzen du indarra presoak.
Kanpora ateratakoan? Hasieran jende artean galduak hainbeste egun bakarrik egon ondoan. Gero. bazkaltzera gentozela, gauza bat maitatu dugu izigarri: belarraren usaina, goxoa.
A.–Zuek barruan zinetean pasatu da IKren eta borroka armatuaren inguruko debatean unerik beroena.
B.–Eztabaida frango izan da, bai. Presoen sostengu taldeetan eztabaidatu da, ea presoak defenditzean erakundea defenditzen zenetz, ELBk bere jarrera hartu zuen, komunikabideetan ere eztabaidak izan dira... Gero Eñaut Etxamendiren gutun horiek egon dira. Etxamendik gutaz esaten zuen zenbait gauza guretzat onartezinak ziren eta horregatik eman dugu erantzuna. Gogorra zela eta pertsonala? Ez zen batere helburu horrekin egina.
Baina gauza batzuk salatu nahi ditugu. Abertzale mota bat ari da esaten IKkoen jokamoldea desesperatu batzuen jokamoldea dela, eta hori salatu egin behar da. Janpol batek, kasu baterako, bazuen bere lana eta bizimoldea egina. Eta nahiago izan dute beren bizimoldea utzi eta borrokari lotzea, itxaropenez beterik nik uste. Horiek prest dira bururaino heltzeko.
A.–Iparraldean estrategia eztabaidatzea da arazo bat eta bestea berriz Hegoaldeko errefuxiatuekin dituzuen harremanak. Hobetu al dira batere?
B.–Gure artikuluan garbi esan genuen: etsaia zein den garbi ikusi behar dela. Hegoaldeko edo Iparraldeko militanteak joak direlarik, hor ez da gure arteko eztabaidarik. Gudariak defenditu behar dira, zakutik ala zorrotik. Hegoaldekoak ala Iparraldekoak. Eta hori are eta latzago ikusten da errefuxiatuen kontrako eraso guztia gertatzen denean. Zaila dago horri kontra egitea, azkenean jendeak ahul erreazionatzen du, eta erantzuteko indar haundia behar da.
Gero badira estrateji arazoak. Mementuz alde bakoitza berean dago, eta ez dago zubirik. Nahi edo ez egin beharko dugu hori, zeren eta hola ez dugu segitzen ahal. Egia da estrateji ezberdintasunak ikusten direla baina sortu beharko da berriro elgarrekilako lotura bat. Jadanik ez da Burgosko prozesuaren garaian bezala? ezta 1980an bezala. Frantses partiduen jokamoldea garbi agertzen da. PSren jokamoldea garbia erizen da. Destradek esan die hemengo abertzaleei: «Errefuxiatu estatutoa. ha!. ez duzue hortaz printzipio arazo bat eginen, ezta?».
A.–Eztabaidatzen dena badirudi beti gauza bera dela. Zenbait gauza, eta garrantzizkoenak; behar bada, ezin atera kanpora, eta besteak berriz... Ipar Euskal Herrian euskaltasuna dagoen moduan ezin dela azkarregi eta gogorregi joan adibidez.
B.–Horretan ez gaude ados. Erreibindikazio batzuk lortzen badira batzuk asko urrun doazelako eta aski gogor egiten dutelako da. Kontradizioak azkarrak dira, e!. eta edozein estatuk ez digu ezer emanen, borrokari esker bilduko dugu.
Begira nola den guzti hau flikatua (poliziaz betea) alde guztietatik kontrolatuz, miatuz... Turismoari buruz zer egin behar da, mintzatu? Gauza bat da eztabaidatzea lana ongi egiten den ala ez, baina ez baldin badugu zerbait eta azkar egiten hemen hogei urteren buruan ez da deus egonen. Begira Urepele. Emakume batek haurra egiteko hirurogei kilometro egin behar ditu autoz; gasolinaren ukaiteko, hogei kilometrotara joan behar du. Dena hustutzen ari da. Baina memento berean Urepelen bertan, pilota plaza bat egin dute ezker pareta, estalia! Ikusten duk nola inbertitzen den Iparraldean? Ura-latzeko lantegi baten projektua ere bazen baina...
Ezker paretez eta tenis kanpoz betetzen dira eskualde guztiak. Iholdin gertatzen dena, kasu baterako: duela urte batzuk laku edo urtegi bat egin zuten hor protesta haundien artean eta orain polikiroldegi bat eraiki dute. Norentzat, etengabe beheititzen ari den eskualde bat baldin bada? Helburua da emeki-emeki turismoarentzako azpiegitura bat egitea. Eta egunen batean esango dute: hara, azpiegitura baduzue, bortxatuak zarete turismora. Hori barnekaldeaz ari garela, pentsa kostaldean.
Egoera oso larria da eta borrokatu behar da nola edo hala. Hutsak egin dira eta eginen ditugula ere segurra da. Baina borroka aintzinatu beharko dugu. Bestela, Ipar Euskal Herria hil da.
Iñaki ZUBIONDO
11-13, 14

GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzHizkuntz poIpar EH
GaiezGizarteaIdeologiakAbertzaleta
GaiezKomunikabidKazetariak
PertsonaiazBIDART1
PertsonaiazKOSKARAT1
EgileezUBIONDO1Gizartea