argia.eus
INPRIMATU
Koldo Amezketa: Ezin Dugu Gestora Onartu
1984ko ekainaren 24a
PNVko Koldo Amezketari elkarrizketa
Nafarroako PNVk Astinduko Du Alderdia
Koldo Amezketa: Ezin Dugu Gestora Onartu
Azkenean lortu dugu nafartarrekin hitz egitea. Oraindik ere Napar Buru Batzarreko nagusi da Koldo Amezketa Iruñeko Plaza Castilloko batzokian. EBBk antolatu duen gestorak bere prentsaurrekoa hotel batean eman behar izan zuen bitartean. Soseguz eta prudentziaz mintzo da hala ere. Ongi daki ekaitzak are eta gaiztoago jarri behar duela. Nafarroan atzera ez egitea erabaki dute. Bilbon urduri dabiltza. Eta Gasteizen norbait zai dago, edo ari da.
ARGIA.–Joan den larunbatean gestora egon zen Nazionalean eta berak hitz egin zuen. Zuek ez duzue gestora onartzen eta EBBk ez du Nafarroatik proposatutako batzordea aintzakotzat ere hartzen. Gelditzen al da konponbiderik?
Koldo Amezketa.–Ez dakit... ez dakit. Elkarrizketa bat lortzeko urrats asko egin dugu eta hartu dugun erantzun bakarra ateak ixtea da. Nazionalak onartzen duen irtenbide bakarra zera da: behin gestora eraikiz gero, zigortuak ez dauden afiliatuek gestorak eta EBBk erabakitzen dituzten baldintzak onartu ditzatela eta ondoren hasi daitezela berriro antolatzen Alderdia Nafarroan. Baina oraindik ezagutzen ez ditugun baldintzen «leihatilatik» pasako diren alderdikideak gutxi izango direla dirudi.
Gaur egun Nafarroan garen 960 afiliatuetatik 70ek baino gehiagok ez balute emango urrats hori, beste guztiak etxera joango lirateke, oso injustoki tratatu eta engainatu dituztela pentsatuz. Hain afiliatu gutxiz, eta Iruñean bilduak gainera, erakundea erabat desmantelatuta geratuko litzateke. Pentsa berriz eraikitzeko zenbat urte.
Botoemaileei begira, aitortu beharra dago popularitate eta prestigiorik haundiena lortua daukala azken denboretan, azken hilabeteetan egin den hainbeste lanengatik. Parlamentu Foralerako hauteskundeen ondoren eritzi publikoaren aurrean lortu dugun seriotasun irudi guztia galduko genuke.
A.–EBBrekin nola edo hala akordio batera iristeko esperantzaz zeundetela iruditu zaigu. Seguru espero zenutela gestora bat jartzekotan ere beste bat zabalagoa egingo zutela.
K.A.–Ez, ez, oker zaude, ez genuen beste gestorarik espero. Gestora osatzen zuten zazpi izenak jakin nituenean, izen bat bakarrik zen kontatzen ez nuena. Hamabost izen genituen kalkulatuak, hortik aterako zutela gestora, eta asmatu genuen. Esplikazioa erreza da: ez zeukaten gestoran parte hartzeko prest zegoen jende gehiago.
A.–Gestoraren aurkezpenean gehien mintzatu zena, Inneraryti, Opus Dei-koa dela diote.
K.A.–Ez da esaten dutela bakarrik: Opus Dei-koa da. Eta inork ez du ezetzik esan.
A.–Gogorra izan behar du base mallan, Gipuzkoan batez ere, mugimenduak ikusi, batek baino gehiagok zigorrak bigundu beharraz hitz egin, eta azkenean EBBtik jaso duzuen erantzuna jasotzea.
K.A.–Alderdia oso mantso mugitzen dela badakit, eta erreazionatuko duenik ere ez dakit. Baina baietz uste dut, erreazionatuko duela, goiz ez bada beranduxeago. Guk hemen Alderdiaren batasuna militantzia eta organizazioa mantendu egin behar ditugu, erreazio hori emango denean hau alderdi organizatu bat izan dadin eta ez desbarajuste bat.
A.–Non dago Alderdia egoera honetara eraman duen oinarrizko arrazoia?
K.A.–Eskasak kendu eta zentzurik gehien duten arrazoiak bilduz joan garen arren, azkenean bat ez da oso ondo aklaratzen. Hasiera garbi dago: aurretik zegoen hitzarmen bat Nafarroan ez duela bete Alderdiak. Argi eta garbi esanen dut: nere ustez tratu hura ez zen beharrezkoa. Bilbo eta Gasteizko alkategoak eta Arabako Diputazioa Alderdiaren eskutan mantentzea planteatzean. PNVk gehiengoa eduki baina beste alderdi guztiak batuta gehiago zirelako arrisku bat ikusten zen; hala ere guk instituzio horien kontrola galtzekotan beharrezkoa zen beste hiru alderdiek bat egitea.
Hiru alderdiak diot. Herri Batasunaren jarrerarekin ez bait zuen inork kontatu. Beharrezkoa zen beraz instituzioetan PSOE E:E eta APk bat egitea PNVri horien kontrola kentzeko. Elkartze hori bixtan dago oso zaila dela pentsatzeko ere. Esan beharra dago gainera tratu hura zehaztu baino egun batzuk lebenago EEk esan zuela ofizialki ez zutela tratu bat egingo udaletan PSOErekin. Hori 17an, eta maiatzaren 20an prentsaurreko batean CPko buruek esan zuten Bilboko alkatea Robles izango zela, berek ez ziotela sozialistei emango botoa eta berdin beste udaletxe guztietan, 20an bertan Mario Onaindiak garantizatu zion Roman Suduperi ez ziotela udaletan PSOEri emango alkaterik.
Arabako Diputazioa hautatze eguna berriz 29a zen. eta udaletxeetan zer gertatzen zen ikusiz tratuak egiteko sei edo zazpi egun bazeuden. Baina hala ere 22an egin zen tratua, Nafarroakoen borondatearen kontra.
A.–Joan den asteko elkarrizketan Jerardo Bujanda harritzen zen nola jartzen zenuten hainbeste oztopo abstenitzeko orduan eta aldiz eskuinekoen gobernuan sartzeko prest zeundeten.
K.A.–Esplikazio oso garbi bat du horrek. EBBk tratu hori egin baino lehen kontra ginen eta gero ere bai, hori batetik. Joan den urteko uztail eta abuztuan gure abstentzioa negoziatu genuen eskuinarekin, egia da. Arrazoia erreza da: eskuinaren aurrean abstenitu ahal izateko. EBBren erabakia betetzeko beraz, lortu beharra geneukan zenbait kontzesio eskuinaren aldetik Nafarroako gure botoemaileek ulertu zezaten.
Eskuina gobernura iritsi zedin interesik ez genuen. baina sozialistak iritsi zitezen ere ez. Baina gure jarreraren ondorioz bata edo bestea jarriko baziren Nafarroako gobernuan, esplikazio bat zor genien botoemaileei. Eskuinarekin beraz zenbait kontzesio negoziatu genituen. Beren itxitasuna izugarria izan zen. Geroztik, otsail honetan. Tribunal Constitucionalak berriro prozesta martxan jarri zuenean. negoziatzeko egoera oso desberdina zen. Zortzi hilabeteko desgobernua zegoen eta Nafarroako erakundeen desprestijiatzea, eta gainera bai sozialistek edo bai eskuinak, maniobratzeko leku faltaz, gobernu zaila izango zuten.
Ordurako ordea, iraileko Nazional batean erabaki zen asunto guzti hau alde batera. "zanjado" uztea, bai tratua, bai ez betetzea eta dena. Eta orduan, bai sozialistei eta bai eskuinekoei, eskaini genien koalizio Gobernu batean parte hartu ahal izatea, jakinik sozialistek inola ere ez zutela onartuko.
A.–Zergatik sartu orduan eskuinarekin gobernuan?
K.A.–Eskuinarekin egin genitzazkeen tratuak bete gabe geldituko ote ziren ikusten genuen. Bitarte horretan presupostuen eztabaida izan zen eta hor eskuina beti azaldu zen euskal nortasunaren aldeko izan zitekeen subentziorik txikienaren kontra, euskara zela, euskal kulturazko edozer zela... Edozein tratu beteko zela garantia bakarra beraz gobernuan egotea zen. Gu gobernuan egoteak gobernabilitatea batetik eta tratuak betetzea garantizatzen zituen.
Ikusten duzunez, sekula ez gara egon eskuinarekin hitz egitearen kontra. Baina beti utzi dugu garbi: ez geundela eskuinari gure eskuak eta hankak loturik agintea emateko prest. Pentsa ezazu hasiera batean planteatzen zela gu abstenitzea «de principio», jakin gabe ez ze programa ekarriko zuten, ez nor jarri nahiko zuten, igoal Del Burgo berari...
A.–Zer eskatzen zenioten eskuinari EBBk eskatzen zizuen bezala tratua betetzera ez iristeko?
K.A.–Begira, Nafarroako afiliatuak unanimoki zeuden ados gure jarrerarekin. 39 Uri Buru Batzarretatik 38 konforme, eta negoziazio guztien berri eman dugu beti, eskabide guztien berri. Zer eskatzen genuen? Batetik ikastolentzako subentzioak normaltzea eskola pribatu gisa, hau da, beste eskola pribatuei ematen zaiena hera ematea, ez eskatzeagatik hori baino gehiago ez genuen eskatzen. Euskararen koofizialitatea garantzizatzeko jakitunez osatutako batzorde bat osatzea eskatzen genuen bestetik. Eta beste zenbait: esate baterako Del Burgogatik irten zen Nafarroako Diputazioa berriro Eusko Ikaskuntzan sartzea. Gau Eskolei presupostutik laguntzak ematea, ikurriñarekin dabiltzan dantzari taldeei lehen bezala berriro subentzioak ematea. Euskal Telebista ikusi ahal izatea... Horiek ziren bilatzen genituenak Eta horiek lortzea ere ez zen posible izan.
A.–Lehen esan duzunez, eskuinarekin tratua ez zen beharrezkoa, beraz. Horrek komunitate autonomoan PNV barruan dabilen krisira garamatza.
K.A. Ez nahitanahiez behintzat. Ez dakit batetik bestera zein zentzutan pasa daitekeen.
A.–Alegia sektore bat eskuinarekin estatu mallan tratu bat egiteko prest egongo litzatekeela, edo egina duela jadanik, eta beste sektore bat baldintza horiekiko tratu batera ez legokeela prest.
K.A.–Nik dakidala. eta EBBk ofizialki dakiela, bi hitzarmen izan dira eta kojunturalak: martxoan Gasteizko Parlamentua desblokeatzeko egindakoa eta beste hau, denbora eta egoera ezberdinetik eginak. Hori da EBBk ofizialki dakien bakarra,nahiz eta geroztik tratu hura egin zutenetako batek besterik dioen: prentsan deklaratu zuenez, udal hauteskundeen aurretik egin zela dio tratua.Uste dut bere «lapsus» bat izan zela, ez zela gogoratzen juxtu nola izan zen. Ez diet bi tratuei elkarren arteko erlazio zehatz eta def'initua ikusten.
A.–Nola ikusten da PNVren krisia Nafarroatik? Krisia diot alderdi barruko jendeak ere horrela izendatzen duelako.
K.A.–Badago, bai, krisi egoera bat eta neurri batean krisi lojiko bat da, azken urteotan gertatu diren aldaketei lotua. Alderdia erresponsabilitate haundi batzuetara iritsi da erakundeetan. Gasteizko Parlamentuan gehiengo erabatekoa, Jaurlaritza Nafarroako Parlamentuan presentzia, hiru Diputazioen ardura, bi zientotik gora udaletxeren ardura... Baita ere Alderdian klandestinitate denboratik politikaz hobekien heziak zeuden elementuak errespontsabilitate horietara sartu behar izan dira eta behar bada bere barne egituretan nabaritu da, baita bere arduradunen intelektual edo politiko balioan ere.
Alderdiak ez du bere erreglamentucean aldaketarik ezagutu, gaurko dinamikak aldaketa batzuk eskatzen ditu, eta ez dira egin. Gauza bat gogoratu behar da. Joan den urtean hiru Nazional egin ziren aldaketa horiek eztabaidatzeko, eta hiru proposatzen ziren: Alderdiko presidentea, inkonpatibilitate errejimena eta karguen durazioa. Gutaz esaten zuten orduan frenatu baizik ez genuela egiten, iraganean gelditurik geundela. Eta guk zera esaten genuen: aldaketa haiek oso txikiak zirela, funtzionamendua egokitu behar zela, aldaketa sakonagoak egin behar zirela.
A.–Zuen jarrerak une batean Gipuzkoako basearen laguntza edo konprentsioan behinik behin eduki du. Badirudi geroztik horiek ere Alderdiak jan egin dituela eta denak bakean. Nafartar separatisten arazo bat.
K.A.-Arazo guzti honek badu bere .arrazoia. eta erreglamentuez egiten ditugun interpretazio ezberdinak dira. «Konfederazioa» edo "disziplina" nola ulertzen ditugun. Gauza sinesgaitzak gertatzen dira. Gure parlamentariak espultsatu dituzte Alderditik Nazionalak abstenitzeko eman zuen agindua bete ez zutelako. Baina irudi berean, NBBaren agindua zuten ezezko botoa ematea: abstenitu izan bailira. NBBean eskatuko zitzaizkien kontuak. Nazionalera Nafarroatik bidali genituen ordezkariak bi urtetarako utzi dituzte inhabilitaturik beren eginkizuna betetzeagatik: eta bete izan ez balute, Nafarroako Batzarrak eskatuko zizkien kontuak.
Konpondu beharrekoak estatutoak dira, eta horri ekiteko partez zer egin dute. Ondorioetatik hasi. Gurekin gertatu dena gertatu daiteke beste edonorekin, zenbait hitz eta esaldi argitzen ez den bitartean.
A. - «Konfederazio» hitzarekin gertatzen dena, adibidez. Beti esan izan da EAJ alderdi konfederatu bat dela.
K.A.–Lehen ere esan dizut estatutoak gaurkotu beharra dagoela. Eta hori egiteko estatutoek berek ezartzen dute tormula. Baina batzuk zertara jotzen dute? Estatutoak dauden bezala utzi eta «irakurketa» ezberdinak daudela esatera.
Aste honetako «Euzkadi» hartu ezazu eta irakurri Edorta Jimenezen artikulua. Une batean hala dio: "Se puede deducir que se han sentado las bases para que en adelante desaparezcan los'nombres' de la confederación..." eta beste pasarte batean: "La 'confederación', en efecto, podía dar la idea engañosa de la unión de organizaciones soberanas unidas entre sí en pacto confederal...". Nola «idea engañosa»? Estatutoetan Alderdia kontederala dela idatzita dagoen artean konfederala da eta kito. Txuria aldatzeko modua ez da txuria idatzi denean beltza idatzi dela esatea; egin behar dena kolorea aldatzea da.
Baina 1977ko martxoan Iruñean onartutako textoak ez du zalantzarik uzten: "EI Partido Nacionalista Vasco se organiza en régimen de Confederación de Organizaciones Municipales y Regionales soberanas en su ámbito y unidas en pacto confederal". Hori argi egotea ez bada...
A.–Estatutoak aldatu behar direla diozu, baina zuek ezin sartuko zarete honez gero: kanpoan zaudete. Zer gertatuko da, Komunitate Autonomoari ia erabat mugatua geldituko dela PNV ere, eta Nafarroa alderdi barruan bazterreko zerbait gisa geratuko dela?
K.A.–Ez dut uste hori planteatu daitekeenik PNV mailan. Alderdia Nafarroako lana lagatzeko edo hutsik testimonial moduan uzteko prest balego, nazionalista izatea utziko luke... edo «vasco» izatea utziko luke, ez dakit, Partido Nacionalista Vascongado bihurtuko litzateke, baina alderdi bezala ditugun gure oinarriak ukatzen arituko ginateke. Ez da pentsatzekoa PNVk horretan bukatzea.
Askotan esan dut, eta idatzirik ere utzi dut: eskuinarekin tratua egina zegoen bezala onartzeak Nafarroan alderdi testimonial huts bat izatera eramaten gintuen. Urte askotan gure mentsaje politikoa izan denaren erabat kontrakoa egitea izango zen. Horrela pentsatzen genuen joan den urteko ekainean eta horrela jokatu genuen.
Eta orain, zigorraren bidez, ondorio berdinetara garamatzate. Iritsi nahi ez genuen mugara ekarri gaituzte: Nafarroan alderdia desagertzera.
A.–Baina lehengo galdera berriro, zergatik?
K.A. Norbaitek erantzun beharko du ea bukaera hau kontutan hartuz pentsatu zen guztia ala ustekabean gertatu den.
Gainer, ikusten dut, prenisan irakurtzen dut, nola orain dela urte pare bat bildu diren Arromanizko ostatuan Espainiako eskuinaren ordezkariak eta Madrilgo buruek proposatzen zietela Komunitate Autonomoko buruei posibilitate hau aztertu zezatela: zentro-eskuin espazioa PNVri uztea, eskuin espainolak komunitate autonomoan hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez dezan. Eta ez dut gauza bat bestearekin lotu beste erremediorik.
Iñaki ZUBIONDO

PNVtik espultsaturik, Garaikoetxearen kolaboratzaile izaten jarraitzen du.
Iruñeko batzokian Baskongadetako baseen erreazioaren zai jarraitzen dute.
Espultsatu zuten Batzarre nazionalean egin zioten argazki hau.
11-14

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazAMEZKETA1
EgileezUBIONDO1Politika