Txinotxu bertsolariari elkarrizketa
Txapeldunarekin solasean
Saioa amaitu ondoren, Txinotxu ETBren kamaretatik erreskatatuz, aparte batetara eraman eta galdez hasi gintzaizkion.
ARGIA.–Zergatik aurkeztu zenuen zure burua txapelketa honetara?
TXINOTXU.– Egia esan, nire eskuetan egon balitz agian ez nintzatekeen presentatuko, baina martxoan edo otsailan hartu genuen nolabaiteko konpromisoa, eta pixkanaka pixkanaka animatuz joan gara, Abelek ere izugarrizko eragina izan du horretan, eta azkenean hona agertu gara, eta begira...
A.–Zure ustez bertsolari eskolek eragin handia dute herriarengan?
TX.–Nire experientziaz bakarrik esan behar dizut zenbait jenderengan izugarrizko influentzia daukala, edo eduki dezakeela, batez ere euskaldunberriengan. Ni Algortako eskolan hasi nintzen, batez ere euskara praktikatzearren. Bertsozaletasunik ez neukan orduan, baina hara joan eta berehala hasi zitzaidan bertsozaletasuna. Hori da, dudarik gabe, euskara ikasteko eta euskal giroan murgiltzeko aukera bat, eta nik uste dut oso eragin positiboa eduki dezakeela, batez ere ikasten ari direnengan.
A.– Bertsolari Eskolei euskara artifiziala eta hiritarra, jatorra edo herrikola ez dena, erabiltzen dutela leporatzen zaie. Zer uste duzu horretaz?
TX.–Alde batetik hori egia da. Eskoletan euskaldunberri asko dagoela kontutan hartzen badugu, batez ere. Ni batzutan akonplejatuta sentitzen naiz euskaldun zahar batzuen aurrean, ez euskaldun zahar guztien aurrean, ezta, baina bai sentitzen dut nire euskara ez dela bizia, bueno, gatza edo zerbait falta zaiola. Baina hala ere, beste modurik ez badago, bertsolari eskolen bitartez euskaldundu daiteke herri hau. Esate baterako, Gasteiz honetan, euskaldun kuadrilla bat ez badaukazu, ez dakit non praktika dezakezun euskara. Ez badituzu lagun euskaldunak, hemen ez dago praktikatzerik. Bide bat izan daiteke, euskara praktikatzeko edo euskaldun munduan sartzeko.
A.–Bertsolari eskoletan, batez ere, jende gaztea egoten da. Baina jende hori "mobida"koa da, edo denetarik dago, pasetak, punkiak, euskal girotik kanpo egoten direnak? Eskolek, beste giro horietako jendea heurenganatzea lortu dute?
TX.–Ez, dudarik gabe, ez. Bertsolari Eskoletan dagoen jendea mobidakoa ohi da, batipat, hau da, euskal girokoak, gehienbat. Eta ez dut uste eskola, talde edo ideologia edo izakera berezi batekin identifikatu edo parekatu behar denik. Hala ere, nik uste dut nahiko urrun gaudela punkiak eta sektore marjinal horiek integratzetik. Baina punki batek euskara ikasi nahi baldin badu, bide ederra dauka bertsolari eskoletan ere. Nire ustetan behintzat, ez litzateke marjinatua izango.
A.– Bueno, eta txapelketa hau irabazi ondoren... zer?
TX. Orain, begira, egia esaten badizut, pentsatuta neukan, eta pentsatuta daukat oraindik, erretiratzea. Erretiratu egingo naiz. Trino Azkoitia ezagutzen duzue, nire lehen maisua izan da, Algortan, bertsolaritza kontuan nire aita izan da. Eta nik, berak pentsatzen duen bezala pentsatzen dut. Hau da, bertsolaritza lagunekin gozatzeko, disfrutatzeko eta ondo pasatzeko dela, baina inolaz ere sufritzeko. Eta ni aste bi hauetan ibili naiz flan bat eginda, eta nerbiotan oso gaizki.
L.M.
37
GaiezKulturaBertsolaritTxapelketakAraba-Bizka
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaTXINOTXU1