Imanol kantariari elkarrizketa
Disko Bikoitza Kaleratzear Dauka
Imanol, Erromantzetan Ahotsaren Poderioz
«Erromantzeak» deritzon disko bikoitza astebete barru kalean izango da, Imanol kantariaren aitatasunaz eta IZ diskaetxearen arduraz. Hemezortzi kantuetan zehar, hamaika istorio, hamaika detaile... gehiegi hain lerro gutxitan argitu ahal izateko.
ARGIA.–Aspaldiko ideia al zenuen erromantzeen hau?
IMANOL.– Erromantzeen ideia batez ere duela bi urtetik dator. Duela hiru urte institutuetan eta horrela errezitalak emanez hasi nintzen, eta nola ikusten nuen ikastetxe haietan euskal literatura ez zegoela batere sarturik, ordutik etorri zitzai dan hiru ziklo prestatzeko asmoa: bata egin nuen bi Etxahunekin, beste orain Erromantzeekin, eta azken gerra ondorengo poesia musikatuaz osaturikoa.
Horretaz aparte, kantu zaharren historia betidanik interesatu zait, eta institutoetara prestatua neukan material pilo hartatik erromantzeez osaturiko disko bat grabatzea pentsatu nuen eta IZkoei proposatu.
A.–Halere, diru aldetik nahiko projektu defizitarioa izango da kantu horiekin album bikoitza argitaratzea. Eragozpenik jarri al zizuten?
I.– Noski, erromantzeen asunto hori nahiko bitxia da eta hasiera batetan behintzat ez da batere komertziala, eta orduan pentsatu nuen Diputaziora projektu bat presentaturik igual hortik sor zitekeen laguntzarekin egitea posible izango litzatekeela. Eta beno, laguntza eman zuten eta horretan sartu naiz lau hilabetetan. Bestela ezinezkoa izango litzateke.
A.–Beraz, zuk azken lan hau aurreko biekin erlazio estuan ikusten duzu?
I.–Nik uste dut baietz, Etxahunenarekin batez ere. Beharbada "Iratze okre geldiak" bestelako lana da. Esate batera, orain lan hau bukatu ondoren bestelako materiala prestatzen ari naiz, Mirande eta Juan Mari Lekuonaren poemekin. Bestalde, beste diskoak argitaratutakoan beti egin izan ditut errezitalak aurkezpen gisa, baina honekin ez dut horrelako asmorik.
A.–Honelako disko batekin, estudioko lana baino dexente haundiagoa izango da aurretik egin beharrekoa, ezta?
I.–Bai, inbestigazio lana batez ere. Kontutan hartu behar duzu erromantze bakoitzak lau modu desberdin dituela joan izan ahal izateko. Posibilitate asko daude, eta nik horietatik bat aukeratu dut: kontatzen den historia bere horretan errespetatuz, instrumentuak eta ahotsaren bidez beste hari bat, beste koerentzia bat bilatu.
A.– Dauden erromantze mordo horretatik, nola egin duzu aukera? Gainera, kontutan hartuz zuk ankeratutako asko dagoeneko bertsio desberdinetan disko atuak daudela.
I.– Hor problema haundia sortu zen: erromantze ezezagunak aukeratu edota nahiz eta ezagunak izan gehien gustatzen zitzaizkidanak hartu eta neure gisara moldatzea. Azken honen alde deliberatu nintzen, eta nire ustez egoki zitzaien moduan ematen saiatu naiz.
A.–Azkenik, noren laguntzaz hornitu zara disko bikoitz honetarako?
I.–Laguntzarik nabarmenena Carlos Jimenezena, jakina, edo hobe esanda laguntzaz baino elkar-lanaz mintzatu behar ginateke. Izan ere, ezinezkoa gertatzen da bereiztea disko honetan dauden gauzak noraino diren neureak eta noraino Carlosenak. Horrezaz gain, Beñat Axeari, Iñaki Eizmendi eta Amaiaren ahotsen kolaborazioa ere jaso dut. Azkenik, musikatresnei dagokienez, Pascalen kitarra eta baita oboe eta txelorako bi katedratikoen eskuhartzea.
David ZUAZALDE
33