Legazpiko "Hots" taldeari elkarrizketa
Legazpin Sortu Zen Taldea, Euskara Bizkortzeko Asmoz
« Hots», Aldizkaria Baino Askoz Gehiago
Herrietan euskara nola bultzatu ez dakienak Legazpi aldean badauka zer ikasirik. Izan ere, herri honetan duela urte eta pikotik hona - Hots izeneko aldizkariaren inguruan muntatutako taldeak izugarrizko kemena eta gogoa Legazpin euskerak presentzia errealago eta indartsuagoa izan dezan, horretarako aldizkariaz gain, irratitxo bat, argazkinobelak eta beste hainbat kultur ekintzak antolatzen jo eta ke aritu direlarik.
ARGIA.–Agian zuengadik gehien ezagutzen dugun alderdia aldizkaria bera izango da, baina hori besterik ez al da zuena?
HOTS.–Ez, inondik ere ez, hala gertatzea ez genuke nahi behintzat. Egia da urtean hamar aldizkari kaleratuta normala dela jendeak batez ere horregatik ezagutzea, baina gure taldea beste asmo batzurekin sortu zen. Zehazki, eta modu sinplean esanda, euskararen alde lan egiteko asmoz pentsatu genuen zenbait pertsona bil gintezkeela eta elkarren artean mintzatu ondoren zer egin zitekeen ikusi genuen. Hasieran, nonbaitetik hasi egin behar eta "Hots"ek aldizkari bat eman zuen argitara. Hilerokoa izateko asmoz, dagoeneko hamaika ale kaleratu ditu. Argazkinobela ere egina daukagu eta zenbait irratsaio ere egin izan ditugu. Horrezaz gain...
Talde Oso Bat Aldizkariaren Inguruan
A.–E, e, e!! Goazen partez parte. Esan duzue hamaika ale kaleratu dituzuela urtebete pasean. Horrek esan nahi behin edo besterik ez duzuela hutsegin. Nola lortu duzue hori hain fin aurrera ateratzea?
H.–Pisu eta meritu handiena bildu garen taldearena izan da. Izan ere, gaur egun « Hots»en inguruan ez gabiltza lau katu, astero lanean eta aldizkari bakoitzerako bere laguntza eskaintzen dutenak hogei baino dexente gehiago bait gara. Egia da batzu besteok baino sartuago gaudela baino talde-lana eta bakoitzak ahal duena egin dezan da guk gehien baloratzen duguna.
A.–Aldez aurretik ez al dirudi zaila horrelako lantegi batetan horrelako talde handia biltzea?
H–Ez pentsa, guk hasiera batetan ez genuen hain garbi ikusten horrelako arrakasta jasoko zuenik, baina lehen aleekin batera ikusi genuen jende gehiago ari zitzaigula inguratzen aldizkariaren mugida honekin, aldizkariak eskatzen dituen milaka lan txiki horiek ere jendeari tira egiteko bidea ematen zigula alegia.
Izan ere, gurea bezalako aldizkari bat egiteak izkutuan dauden mila lan eskatzen ditu, eta horrek jendeari non inplikatu ere eskaintzen dio. Zer esango nuke... titularrak letra setarekin banan banan egin, marrazkiak, textuak makina elektrikoz idatzi, inprimategiko kontuak, banatzea, saltzea... beharbada ez dira ikusten aldizkaria eskuartean hartzerakoan baina hor jendeak ordu asko sartu behar ditu.
A.–Eta zer modutan antolatzen duzue lana hain puntualki iristeko?
H.–Bakoitza bere airera, baina larunbatetan, adibidez, guztiok elkartzen gara eta iana ordenatu egiten dugu. Orduan ikusten dugu zer falta den, zer egin behar den azkarrago edota nor xixatu beharra dagoen... gainera azken hilabete honetatik lokala ere badugu, hermanoen ikastetxean gela bat utzi bait digute eta pentsatzen dugu horrek ere bidea apur bat erraztuko digula hemendik aurre
Argazkinobelaren Mugida Zoragarria
A.–Zuen aldizkaria egiteko moduagatik artesanala dela esan liteke, baina produktu aldetik oso gauza itxurosoa da, horrek dakerren gainkarga ekonomikoarekin jakina. Nola konpontzen zarete diru arazotan?
H.–Orain arte eutsi egin diogu. Egia da inprimategian ateratzeak kostu handia dakarrela baina nahiko prezio majuan lortzeaz gain, udaletxeak apurren bat ematen digu eta gero batez ere Diputazioa da defizitaren erdia estaltzen duena. Ezin esan aberasteko iturria denik, baina oraingoz ere inor ez da arruinatu behintzat.
A.–Joan den urteko Durangoko Azokan jende askok zuen argazkinobelari erreparatu zion. Dudarik ez dago sorpresa orijinal bat izan zela. Nondik nora argazkinobelaren gai hori?
H.–Oso istorio sinplea da. Gure taldeko batek gure ustez nahiko polita zen ipuin bat egina zeukan. Orduan bati okurritu zitzaion ea zergatik ez genuen argazkitara pasatzen eta argitaratzen. Gure eztabaidak izan genituen baina azkenean animatu ginen, gidoia prestatu, jendea bildu eta argazkiak atera eta ordenatu ondoren argitara eman genuen «Hots» aldizkariaren ale berezi modura.
A.–Eta nolako esperientzia izan zen zuentzat?
H.- Zoragarria, benetan. Kontutan hartu hogeitamar pertsona baino gehiago bildu behar izan genuela eta gero guztiak mende hasierako arropaz jantzi, etabar. Gero pentsa dezakezu nolako komeriak argazkiak ateratzeko orduak haren aurpegiarekin edota beste haren keinuarekin. Oso kontentu irten ginen eta aurtengo beste bat gutxienez egiteko asmoa daukagu.
Irratigintzan Ere Beren Horretan Ari
A.–Hasieran zer edo zer aipatu duzue ere irratiaz. Zerbait egin al duzue arlo horretan.?
H.–Irratiaren historia ere piska bat gure taldean beste guztiena bezalakoa da, egia esan. Batek ideia proposatu, posibilitateak ikusi, eta azkenean eroren batek aurrera jotzen du eta besteon laguntzarekin zer edo zer egiten da. Egia aitortzeko irratiarekin izan genuen lehen esperientzia («Hoska» da gure irratitxoaren izena) nahiko gaizki atera zitzaigun, genuen emisora txikia erre egin bait zitzaigun.
Horrek desanimatu ordez, berriz ere lanean jarri gintuen emisora hobeago bat lortzeko eta dagoeneko badugu beste bat askoz indar handiagokoa eta gure ustez –hala espero dugu behintzat–denbora askotan iraungo duena. Hemendik piska batera hasiko gara berriz irratsaioak eginez eta gure asmoa da ea horren bitartez ere herri mailan giro hobeagoa lortzen beste zer edo zer aurreratzen dugun. Geure ustez positiboa izan daiteke erabat, ilusio piska bat jarriz gero behintzat.
Herrian Herriko Dinamira Bultzatu Behar
A.–Lehen aipatu duzue aurtengo beste argazkinobela gutxienez egiteko asmoa duzuela. Beste asmo finkerik ba al duzue?
H. Bai. aldizkariaren zera horretan, hamalau ale argitaratuko ditugu aurten, hamar arrunt eta lau ale berezi. Sasoiak eta diruak ematen badigu behintzat. Horrezaz gain, herrian zine eta antzerki emanaldiak antolatu nahi ditugu, eta posible ikusten dugun edozein gauza. Edozein gauza herrian euskara bizkortzeko asmo garbi horrekin.
A.–Beste galdera, honako hau bukatzeko: positiboa ikusten al duzue «Hots» Legazpiz aparte beste herritara ez zabaltzea?
H.–Begira, guk Legazpira mugatu gara herrian komunikazioa beste maila gertuago batetan eman daitekeelako. Orduan, guk ez dugu herriaz aparte arlo jeneralagoetara pasatzeko asmorik. Izan ere, herrian herriko dinamika eta, bultzatu beharra dagoela uste dugu, eta Legazpikoa besteetara zabaldu baino, herri bakoitzean diferente bat sortu beharko litzateke herriz herri eta txokoz txoko ea euskara normaltzea lortzen dugun.
J.L.
" Hots" aldizkaria, Legazpiko talde honen iharduera nagusienetako bat
"Edorta eta Aiala bizkiak" argazkinobelaren orri bat. Hogeitamar aktoretik gora behar izan zituzten.
32-33
GaiezHizkuntzaEuskaraBesteakHots taldea
GaiezKomunikabidPrentsaAldizkariakHerri aldizHots