Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Flandes

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

90. urteurrenaren jarraipena

2009-05-11

BertsoZiriMarra: Inprobisazioaren haritik sokatiran

Egilea: Estitxu Eizagirre

Asisko Urmeneta, Unai Iturriaga eta Fredi Paia

Dani Blanco

Marrazkia eta bertsoaren arteko jolasa gozatu genuen Indautxun (Bilbo) maiatzaren 8an, ARGIAren 90. urteurrena ospatzeko. Inprobisazioaren hariari tiraka, sokatiran bukatu zuten sortzaileek: Asisko Urmeneta eta Adur Larrea marrazkilariak mutur batean eta Unai Iturriaga, Igor Elortza, Fredi Paia eta Miren Amuriza bestean.

Tenderetea biluzik ageri zen eskenategian, Asisko Urmeneta eta Adur Larrearen irudimena hari batetik zintzilik eta lau bertsolariak marrazkiak pintzekin hartzeko prest. Kale egin ez zuten irakurleek eta Bilboko bertsozaleek jakin-minezko tximeletak zerabiltzaten sabelean. Goxo zegoen Karmen aretoa.

Xabier Letona zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta ARGIAren 90 urteko historian bi une nabarmendu zituen: hilabetekaritik astekari izatera igaro zenekoa, eta “Zeruko”rik gabe, Kaputxinoen eskuetatik langileen jabego izatera iritsi zenekoa. 2009ra etorrita, komunikazioa ezin dela Internetik gabe ulertu azpimarratu zuen, paperezko tradiziokoak bagara ere. Argia ateratzeko beharrezkoak diren 21 langileak eta kolaboratzaile eta laguntzaileak nabarmendu zituen, baita, batez ere, harpidedun eta irakurleak.

Marra-bertsoa

Unai Iturriagak aitortu zuen lehen agurrean aurrean zuten erronka:

Arratsalde on, pareko jente

ongi etorriak saiora

pixkat nerbioso gagoz gaur laurok

dardara jatort ahora

marrazkilari bigaz deukogu

gaur benetan suzko proba

jo beharko dugu gure errora

bertsoen zona zerora

gaur inprobisazinoa bera

inprobisaua izango da.

Hasieran bertsolariak aritu ziren marrazkilarien arrastoan, marrak dezifratu nahian, eta arrapaladan agertzen ziren irudiak elkarri josiz. Asiskok eta Adurrek asmatu zuten tintazko akuiluz bertsolariak zirikatzen, gaiak zikiratu gabe. Amurizaren behatz bendatua Quirogaren kondoidun bihurtu zuten, edo labana sartutako zerria eltxetxo. Paiak azaldu zuenez:

Itxulapiko betea

remanente potentea

hain da esperantza merkea

labana sartu txarritxuari

horrela dabil jentea

sintetizatu dabez ederto

krisi ta txerri gripea

txerri ta krisi gripea

Elortzak ere marrazkilarien kontraesanak agerian jarri zituen zerriarenean: “zelan eiten dau belarri horrek / grabitatearen kontra?”.

Bertso-marra

Inflexio puntua Unai Iturriagak eta Fredi Paiak jarri zuten, marrazkiei bizkar emanda nahi zutenari buruz kantatzea erabaki zutenean. Aurrerantzean, bertsoen doinura egin behar izan zuten dantza errotulagailuek.

 

Kandinski esan dozu

pinturari maitez

ondo hartuko deutzut

txarrik ez dau bapez

ta bide bat zabaldu

dozu hain suertez

pintura ta gu laurok

ointxe batu geinkez

nik beti ikusi zaitut

zu pixkat Velazquez.

 

Sorollaren ikasle

sortua mundura

Zuloagak jarraitu

eban abentura

Zumetan abangoardia

estranbotiko hura

bai, Velazquez nauzu ni

dakizun modura

ta zuk dekozu kriston

menino itxura.

 

Marrazkilariek ez zuten aukera galdu eta Velazquez zein menino pertsonalizatuak agertu ziren, bertsolariek hasieran euren aurpegiak errekonozitu ez zituzten arren.

Hortik aurrera bertsolari eta marrazkilarien arteko erronka handitzen joan zen, eltzea berotzen, eta saioa bertsolariek asmatutako ariketak lehertu zuen: bertsolariek marrazkilariei puntu bat jarri ahala, marrazkia osatu behar zuten, errimatuz gainera. Arpa-jotzea zena erronkatzat hartu zuten marrazkilariek, eta bertsotarako sena erakutsi zuten:

Paiak jarri zion lehena Adurri: “puntu hontan marraztu / eizu zure logela”. Berehala kartzela agertu zen paperean. Elortzak Asiskori eskatu zion: “Egin zeure burua / astelehen goiz baten”. Asisko neutro bat ikusi genuen behatzak batuta, “ZEN” izenburupean.

Saio bukaeran ikus-entzuleak oso gustura agertu ziren, saio berezi eta ideia-egoslearen jokaldi onenak gogoan. Sortzaileak ere egindako lanarekin harro, inprobisazioaren bertigoa gaindituta. Eta aho-zapore gozoa laburbiltzeko, Elortzak puntukako saioan bota zuena ahoan: “lehenengoz ikusi dot / Asisko sufritzen”.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan