PP-PSOE duopolioa krisian Espainiako Estatuan

  • PPk irabazi ditu hauteskundeak Espainiako Estatuan eta 16 eserleku lortu ditu Europako Parlamentuan. Beheranzko joera erakusten du emaitza horrek, 2009an zazpi eserleku gehiago lortu baitzituen eskuineko alderdiak. Baina galera horrek ez dio mesederik egin orain arte bezala bigarren alderdi nagusiari: PSOEk ere bederatzi eserleku galdu ditu.


2014ko maiatzaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-05-26 13:05:05
PSOEren eta PPren nagusitasuna dago jokoan Espainiako Estatuan.

5.150.208 boto gutxiago lortu dituzte bi alderdiek batuta 2009ko hauteskundeen aldean. Orduko hartan ere PPk irabazi zuen Jaime Mayor Oreja buru, 6.670.232 boto lortuta. PSOEk ehunka mila boz gutxiago eskuratu zituen baina sei milioien langatik gora bukatu zuen hauteskunde gauean. Lau milioiak ozta-ozta pasa ditu PPk oraingoan eta PSOEk 3,5 pasatxo.

Podemos plataforma berria da Espainiako Estatuko sorpresa nagusia, bost europarlamentari izango baititu. UPyDren proiektu ultrazentralistak ere ordezkaritza handia izango du Europan, lau eserlekurekin. Estaturik gabeko nazioen artean, nabarmentzekoa da Katalunian ERCk lortutako garaipena, CiUri aurre hartuz. Galizian berriz, PPk 200.000 boto baino gehiago galdu arren hauteskundeak irabazi ditu beste behin.

23:35 PPk irabazi ditu Europako Hauteskundeak Espainiako Estatuan PSOEri bi eserlekuko aldea aterata, baina gaueko albistea beste bat da: bi alderdi nagusien botoak batuz gero, ez lirateke boz guztien %50era iritsiko. PPren eta PSOEren monopolioan oinarritutako sistemak bizi duen krisiaren erakusgarri da emaitza.

23:00 Emaitza ofizialak Espainiako Estatuan, Barne ministerioak hauteskundeetarako prestatu duen webgunean.

22:41 Podemosek, Pablo Iglesias unibertsitateko irakaslearen plataformak parte hartze baxua kritikatu du. "Elitearen eta herritarren artean dibortzioa" dagoela salatu du eta adierazi 1978tik Espainian indarrean dagoen erregimeko alderdi nagusien higatzea erakusten dutela Europako Hauteskunde hauek. Bloke politikoa osatzeko eskua luzatu die gainontzeko alderdiei, euren hauteskunde programa onartzen badute.

22:29 Behin behineko parte hartze datuak eman ditu Espainiako Barne ministerioak: %45,58koa izan da.

22: 05 Pasqual Maragallek (PSCrekin Kataluniako presidente izandakoa) hauteskunde gaua ERCko kideekin batera jarraituko du.

(Maragall ERCren hauteskunde gauean. Argazkia: La Vanguardia).

21:55 Madrilen PP nagusi izan ohi den hauteslekuetan parte hartzeak behera egin du. Pozuelo, Majadahonda, Navacerrada eta Alpedreten zazpi puntu baino gehiago jaitsi da 2009ko hauteskundeekin alderatuz gero.

21:28 Katalunian burujabetzaren aldeko botoa nagusi den herri eta auzoetan parte hartzea igo dela nabarmentzen ari dira Espainiako hedabideak. Bartzelonan Gràcia, Sarriá-Sant Gervasi eta El Eixample auzoetan nabaritu da gehien boto-emaileen gorakada.

21:03 Parte hartze datuarengatik pozik agertu da UPyD alderdiko Rosa Díez. Sodupen (Bizkaia) botoa eman ondoren Madrildik jarraituko du emaitzen zenbaketa.

21:01 Larunbateko Championseko finalaren ajearekin jarraitzen du PPko zerrendaburu Miguel Arias Cañetek: "Partidu honetan ez dago luzapenik" adierazi du botoa eman ondoren.

20:48 "Etorkizuna dago jokoan" dio PPk Madrilgo Genova kalean daukan egoitza nagusiko afixak. Eraikin horretako 4. solairuan daugo bilduta hauteskunde kanpaina honetako popularren lan taldea.

20:39 Espainiako alderdi nagusiak euren egoitzetan daude dagoeneko 23:00etan jakingo diren emaitzen zain. Espero baino parte hartze altuagoak suspentsea emango die bozei.

20:14 %34,08koa izan da parte hartzea Espainiako Estatuan, 2009an baino 0,29 puntu gehiago. Kataluniako igoera da momentuz datu azpimarragarriena.

20:00 Itxi dira hautestontziak. Emaitzen kontaketak erakutsiko du PPren eta PSOEren nagusitasuna mantentzen ote den.

19:57 2009ko parte-hartzearen antzekoa izaten ari da Espainiako Estatuan eta Katalunian 9 puntu igo da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2014
UPyD eta EAJ talde berean ariko dira Europako Parlamentuan

Europarako Liberal eta Demokraten Aliantzak (ALDE) UPyD alderdia onartu du, talde berean dauden EAJ eta CDCren kontrako botoekin. Trukean, autogobernuari buruzko azpitaldea sortzea onartu du ALDEk.


2014-06-09 | Judith Perez
Syriza: "Euroeszeptikoak boterean daudenak dira"

Europako hauteskundeen ostean Syriza, Greziako ezkerreko koalizioa, herrialdeko lehen indar politikoa bihurtu da. Kostas Isychosek, alderdiaren kanpo politikaren arduradunak, “politika alternatiboentzako itxaropen boto” gisa deskribatu ditu emaitzak, Marta... [+]


Posible da PSNrik gabeko gobernu alternatiba

EAJ eta EH Bilduren emaitzak bloke abertzalea biziki sendotu dute, eta jadanik joera da hori. Hegemonia lehiatzeaz gain, serio pentsatu beharko dute herrigintzaren ikuspegitik elkarlan sendoagoa jorratzea. Nafarroan, aldiz, emaitza hauek erakutsi dute posible dela PSNrik... [+]


Ultraeskuinaren itzala Europako hemiziklo nagusian

Alderdi ultraeskuindar eta populistak indar handiz sartu dira euroganberan.Frantzian Fronte Nazionalak panorama politikoa astindu du, eta Espainian bipartidismoak galera itzela izan du.


2014-05-29 | Ane Lusarreta
Podemosen arrakastaren lau gako

Eduardo Muriel kazetariak Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta aztertu du La Marea hedabidean.


Eguneraketa berriak daude