argia.eus
INPRIMATU
Zurrumurruak bolo-bolo Masen etorkizuna argitzen hasteko bost egunen faltan
  • Presidentea aukeratzeko lehen saioa azaroaren 9an izango da, astelehenean. Bitartean, CUPek hartu behar duen erabakiaren inguruko informazioak argitaratzen segitzen dute. Azkena Ara egunkariak; CUP alderdiko iturriak aipatuz dioenez, Junts Pel Síren hautagaia Artur Mas bada erabakia hartua dute, eta ez lukete babestuko.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 04a
CUPen eta JxSí-ren arteko negoziaketek aurrera jarraitzen dute, baina oraindik ez dute adostu nor izango den presidentea

CUPen eta JxSí-ren arteko negoziaketek aurrera jarraitzen dute, baina oraindik ez dute adostu nor izango den presidentea. Negoziaketek muga  dute: urtarrilaren 9a. Egun horretan ez badute presidentea aukeratzen hauteskundeetara deitu beharko du jarduneko Gobernuak. CDCko sektore batzuek argi esan dute Mas dela euren hautagaia. Eulalia Reguant CUPeko diputatuak argi adierazi du ez dutela hauteskunde berririk egin nahi baina ez dutela ezta “xantaiarik” onartuko. “Zaila izango da hurrengo astean presidentea aukeratzea”, onartu du.

Mas presidente izango den edo ez, alderdiaren ezohiko asanblada orokorrean erabaki beharko dute. Asanblada horrek oraindik ez du datarik, baina seguruenik JxSí-rekin akordio “globala” adostu ostean izango da. Presidentearen hautagaitzaz gain, murrizketen aurkako neurriak, estatuarekin apurtzea eta prozesu eratzailea dira adostu nahi dituzten gaiak akordio “global” horretan.

Presidentea aukeratzeko batzarrak abian

Azaroaren 9an egingo den bozketan presidenterako hautagaiak Parlamentaren gehiengo osoa behar du, 68 boto. Hautagaitzak ez badu lortzen langa hori igarotzea, astelehenean Masen hautagaitzarekin gerta litekeenez, hortik bi egunera bigarren saio bat egin beharko dute.  Bigarren bozketan nahikoa dute gehiengo sinplearekin, baina hala ere JxSí-k aurkezten duen hautagaiak CUPen bi boto beharko ditu.

ANC, Omnium Cultural eta AMI dagoeneko JxSí-rekin elkartu dira akordioaren egoeraren berri izan eta prozesua koordinatzeko. Erakunde independentistak ziur dira akordioa lortuko dutela bi alderdiek. Jordi Sanchez ANCko presidenteak adierazi du “esku hartuko dutela soilik akordiorik lotzen ez bada”.