Berotzen hasi dira kaleak larunbateko euskal selekzioaren partida baino bi egun lehenago. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Zaletu taldeek Areatzatik kalejira antolatu dute palestinar herriari eta bere erresistentziari elkartasun adierazteko eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Segurtasun Sailak "baimenik gabe" antolatu dutela adierazi du. Ekimenaren bultzatzaileek publiko egin dute kalejiraren jakinarazpenaren dokumentazio ofiziala eta ostiral goizerako prentsaurrekoa deitu dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak gizonezkoen Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko norgehiagokaren inguruan kalejira bat eta beste bost ekimen antolatu direla esan du. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Zaletu taldeek bultzatutako kalejira “erradikalen martxa” gisa definitu eta horiek baimenik gabe antolatu dutela esan du. Hori ez da horrela, ARGIAk baieztatu ahal izan duenez.
Antolatzaileen arabera, duela hilabete egin zuten lehen komunikazioa. Hasiera batean, eskaera horri ezezkoa eman zitzaion “beste ekimen batzuekin koordinatzeko zailtasunak izango zituztela” argudiatuta. Aitzitik, aste honen hasieran, eskaera berria egin dute antolatzaileek, eta oraingoan bai, Segurtasun Sailak onartu egin du.
Hortaz, antolatzaileek gezurretan ibiltzea leporatu diote sailburuari, baita kalejira “kriminalizatuz” larunbaterako partidaren atarian “tentsioa areagotzea” ere. Hau frogatzen duen bi eskaerak eskuratu ditu ARGIAk:

Ostiralean 11:00etan Arriaga Plazan prentsaurrekoa emango dute Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Zaletu taldeek auzi honen inguruan.