argia.eus
INPRIMATU
Zuntz naturala langai duten 12 artista emakumeren obrak jarri dituzte ikusgai
  • "Berehalakotasuna, produktibitatea eta kostu baxua" oinarri dituen egungo gizartean, bestelako proposamena luzatu du Garaion sorguneak: belaunaldiz belaunaldi, material naturalez eta mimoz egindako lanak goraipatu nahi dituzte, eta horretarako erakusketa paratu dute zuntz naturalekin lan egiten duten 12 artista emakumeren obrak bilduz.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 07a

Denboraren Harira du izena erakusketak eta azaroaren 9tik 25era izango da zabalik, Garaionen bertan (Arabako Ozaeta herrian). Zuntzaren erabilera anitzak argitara ematea eta "antzinatik emakume askok landare zuntzen bidez sortutako eguneroko tresna zein artelanak egiteko ohitura goraipatzea" dute helburu.

Artistek landare zuntzekin sortutako horma-irudiak, eskulturak, beirateak… aurkituko ditugu, baita latxa, merino edota alpaka artilearekin ehundutako artelanak ere. Kasu batzuetan tindagai naturalekin tindatuak, beste batzuetan artoaren ile eta zurtoinekin egindakoak. Zumea, artilea, feltroa, kotoia, lihoa, zeta, haria… ikusiko ditugu erakusketan.

"Denboraren balioa berreskuratu nahi dugu", diote antolatzaileek.