argia.eus
INPRIMATU
Zumaiako Udal Gobernuaren “errefuxiatuekiko hipokresia” salatu dute
  • 1937ko erbesteratuak eta egungo Siriako errefuxiatuak gogora ekarri zituzten Zumaian igandean herritarrek egindako antzerki baten bitartez. Antzerkiaren aurretik errefuxiatuei omenaldia egin zuten hainbat herritako alkateren parte-hartzearekin. Ekitaldian Zumaiako alkate Oier Kortak (EAJ) egungo errefuxiatuak gogoan eduki ez izana eta hainbat herritarrek errefuxiatuen alde eta xenofobiaren aurka egindako murala zentsura izana salatu ditu Kalea Guztiona Da ekimenak.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 15

Kalea Guztiona Da mugimendua, herriko 33 talde eta sindikaturen babesarekin, Zumaiako Udalak pankarta, kartela, eta muralei ezarritako debekuen aurka aritzen da. Debekuen aurkako tira-bira ezaguna egin da Zumaiako Alde Zaharreko horma batean egin dituzten 26 muralengatik –egin eta hurrengo egunean denak ezabatu ditu Udal Gobernuak–. Azkena astelehenean zentsuratutakoa izan da, eta horren harira ondorengo irakurketa zabaldu dute:

Kamerak itzaltzen direnean...

1937ko eta gaur egungo errefuxiatuak gogoan izan genituen atzo herrian. Herritar askoren ahotan izan zen gaia, baita politikari askoren mezua bilakatu ere, kazetarien kamerak piztuta izan ziren bitartean. Gaur ordea, xenofobia eta arrazakeriaren aurkako horma-irudia zentsuratu du Udal Gobernuak. Alkatea presente ez badago edo bere kontrolaren filtroa pasatu ez badu, herritarren aldarrikapen oro zikina dela erakutsi dute berriro ere.

Atzo egindako muralak zabalpen handia izan zuen herrian eta sare sozialetan. Pertsona guztiok eskubide berberak ditugula eta inor, inon, ez dela ilegala esatearekin bat datorrelako jendartearen multzo handi bat, eta seguruenik mezu hori adierazteko erabilitako molde artistikoa ere atsegina delako askoren begietara. Baina tamalez, aldarrikapen justu bat desagerrarazteko nahikoa da agintea duten pertsona gutxi batzuek kontrakoa pentsatzea.

Herritarrok zer pentsatu behar dugu igandean kamera aurrean 37ko errefuxiatuen egoeraz (Siriakoez aipamenik ez zuen egin) jardun eta astelehenean mezu hori bera zentsuratzea agintzen duen politikari bati buruz?

Hauteskundeen loterian elkarrizketarako gaitasunik ez duten politikariak tokatu zaizkigu Zumaian eta "nirekin zaude ala nire kontra" ikurtzat hartuta aritzen ari dira. Jarrera hori ez du inork bozkatu, ordea.

Ez dugu horrelakorik merezi.

Kalea Guztiona Dak egindako montajea, Udalak ezabatutako azken muralaren berri emateko.