argia.eus
INPRIMATU
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte
  • Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko abuztuaren 21

"Paperik ez duten pertsonak hartzea lehenesten dute [Bedua jatetxean], horrek aukera ematen dielako pertsona horiekin nahieran jokatzeko", zioen Elkar-ekin taldeak Zumaiako (Gipuzkoa) luxuzko ostatuko esklabotza-baldintzen berri ematean. Hamazazpi ordurainoko lanaldiak, langileei "probaldian" egon direla esan eta ez ordaintzea, jatetxetik kanpoko lanak egitera behartzea (nagusiaren senideen etxeak garbitzera edo pertsona nagusiak zaintzera adibidez) eta abar luze bat jasan behar dituzte Beduan lanean hasten diren pertsonek, gehienak, emakume migratzaileak.

Elkar-ekinek hainbat beharginen lekukotzak argitaratu ostean, beste hainbat langilek pairatutakoen berri eman dute Urola Kostako Guka zein Zestoako (Gipuzkoa) Danbolin hedabideek. Bailara osoan ikusten dira Beduaren "lan-eskaintzak", "platerak garbitzeko jendea" behar dutela diotenak. 

Guka-k, esaterako, Azkoitian (Gipuzkoa) bizi den pertsona migratzaile baten testigantza jaso du. Sukaldeko laguntzaile gisa arituko zela esan zioten, baina "proba" egunean jatetxera iritsi bezain pronto, baratzera bidali zuten. "Harrituta geratu nintzen baratzeko lanetan jarri nindutenean. Horretan pasatu nuen goiza, eta eguerdi aldera sartu nintzen sukaldera. Egun oso luzea izan zen; 08:00etan hasi eta 19:00etan bukatu nuen, eta tartean hogei minutu besterik ez nituen izan bazkaltzeko", dio behargin ohiak. Pertsona horrek jakinarazi duenez, nagusiak ez zion "probaldi" hori ordaindu ere egin, baina Beduan ohikoa da praktika hori: "Gauza bera egin dioten pertsona bat baino gehiago ezagutzen dut. Probako egunean hamar-hamabi orduz lana eginarazi, gehiago ez itzultzeko esan eta ez ordaindu; gu bezala behar gorrian daudenetaz aprobetxatzen dira".

Zestoako bizilagun batekin ere hitz egin du Guka-k, eta lan-egutegiak etengabe aldatzen zizkiotela seinalatzeaz gain, langileek jasotzen duten tratu umiliagarria nabarmendu du: "Langileei ematen zieten tratua, oro har, ez zen ona; garrasika eta iseka eginez hitz egitea ohikoak ziren [...], batez ere paperik ez zeukatenei". Eta honakoa gehitzen du Danbolin-en: "Tratu okerrena beraientzat [pertsona migratzaileentzat] zen, eta gainera, guztiek lan-hitzarmenik gabe jarduten zuten".

Danbolin-i behargin zestoarrak adierazi dionez, zerbitzari gisa kontratatu zuten berez, baina bestelako hainbat lan egitera derrigortzen zuten: "Lanparak garbitu, kanpoko jardinerak eta parrilla garbitu, hautsa kendu eta aparkalekua eskobatu, besteak beste". Bestalde, Beduako nagusiek etxe bat dutela eta langileei gelak alokatzen dizkietela ere esan du: "Lanean jasandako esplotazio-egoera salatzeko beldurrez bizi ziren, zerbait esanez gero, etxetik botako baitzituzten".