argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitzak eta arbolak jartzeko arrazoiak, baita mahastian ere
  • Zuhaitzak landatzeko sasoi betean gaude. Zuhaitzak, arbolak eta zuhaixkak, baldin eta neguan hostoa galtzen duten horietakoak badira. Hostoari buruan eusten diotenak landatzeko sasoia hurrengo bi ilargiekin etorriko da, martxoan eta apirilean.

Jakoba Errekondo 2023ko otsailaren 17a

Zuhaitzak eta arbolak landatuko ditugu zeruak eta lurrak uztartzeko. Mendia bizitasunez janzteko. Basoak sortzeko. Lorategiak edo lore baratzeak osatzeko. Etxeko atarian gorputzari edo lohiari eta arimari babes egiteko. Sagardoak, pattarrak, ardoak, uxualak, erreximentak, konfiturak, marmeladak, konpotak, igali ale eta fruitu lehorrak-freskoak eta altxatzekoak emateko. Lur-jausiari eutsi eta sortutako zauriak oneratzeko. Errioaren gorabeherek jotzen duten bazterreko lurra atxikitzeko. Haizete beltz eta gorrietatik babesa sortzeko asmoarekin haize-gerizak eta haize-maldak eraikitzeko. Atzean dituztenak ezkutatuta komeni ez direnen begiei bazka kentzeko eta begia betetzera beste norabait uxatzeko. Toki jakin batean, iturri bati edo eseraulki bati itzal berezia sortzeko. Mendietako bordak tximistetatik babesteko. Lur sail baten mugarriaren kokagunea urrutitik tokitzeko moduan ikusgarritzeko. Gorpu baten errautsak non lurperatu edo haizatu eta hildakoarekin loturaren bat bagenuela gogora ekarri beharko ligukeen tokia oharrarazteko.

Bada galdu xamarra den beste era eta ohitura bat: zuhaitzak eta arbolak mahastiaren (Vitis vinifera) zerbitzari. Banaka bezala eskaiak osatuz, zuhaitzek duela oso urte gutxi arte zeregin ugari zituzten, mahastiaren mesederako denak. Iraunkortasunaren ikuspegitik, ezin egokiagoa da bien uztarketa. Era eta ohitura horiek berreskuratzetik denon mesedea letorke. Nagusiki mahastiarena. Klima larrialdaketa honetan, udamin berominei eta lehorte zakarrei aurre egin eta mahastia babesteko mikroklimak eratuko lirateke. Lurzoruaren bizitza sustatuko litzateke, uraren bat-bateko gorabeherak heinkatuz eta materia organikoaren maila egonkortuz eta hobetuz. Era berean, bioaniztasunak nabarmen oneratzeko bideari ekingo lioke: ekosistema aberastu, gaitzak eta izurriteak doitu, ongarriak eta fitosanitarioak murriztu, kutsadura apaldu, polinizazioa indartu…

Zuhaitzak eta arbolak mahastietara bueltatzeak ikuspegi sistemiko, ekosistemiko, ederragoa dakar: karbonoa lurrera eta zuhaitzetara lotzea, kutsadura jaistea, bioaniztasuna suspertzea, zura egurra eta bestelako fruituak eskuratzea, energia baliabideak ez xahutzea, lurra lantzea urritzea…

Eta, lana urritzea ederra bada, zer esanik ez mahasti horrek emango duen ardoa, ederretan ederrena. Topa zuhaitzen alde! Eta arbolen alde! Ekin landaketari.