argia.eus
INPRIMATU
Zubietako Erraustegia “gelditzeko” eskatzeko elkarretaratzera deitu du Errausketen Aurkako Mugimenduak larunbatean
  • Maiatzaren 24an 13:00ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egingo du Errausketen Aurkako Mugimenduak. Zubietako Erraustegiak sortzen duen kutsaduraren aurrean eta agente publiko eta alderdien jarrera salatzeko elkarretaratzera batzeko dei egin die herritarrei.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 20a
Deialdiaren argazkia. Errausketaren Aurkako Mugimendua

Errausketen Aurkako Mugimenduak elkarretaratzera deitu du Donostian dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, larunbatean, 13:00ean. Zubietako Erraustegiak "hasieratik eta egunero" kutsatzen duela salatu du, eta agente publikoei zuzendu zaie.

Adituak "behin eta berriro" egiten dituzten oharrez mintzatu da. Adierazi du ToxicoWatch fundazioaren azterketek –Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK partzuergoak ordainduta– erraustegiak sortzen dituen kutsaduren berri ematen dutela, "gero hedabideetan egia ezkutatzen saiatu arren". Salatu dute agente publikoek erraustegia "kontrolatzeko" dagokien "eginkizuna" ez dutela betetzen, eta, zenbait auziri ezikusiarena eginten diotela ere: "Ez dituzte kontutan hartzen kutsaduraz ohartarazten duten ikerketak; ez dituzte ikertzen behin eta berriz erraustegian gertatu diren sute eta istripuak; ez dute konpondu azken bost urteotan Arkaitzerreka kutsatzen duen isuri pozoitsua...".

Foru Aldundiari eta errausketaren aldeko alderdiei ere zuzendu zaie: "Ez dute kontutan hartu erraustegiari ezetz esaten zion herritarraren hitza, ez dute kritikarik txikiena ere onartu eta beren erabakietatik kanpo utzi dituzte herritarrak eta mugimendu sozialak". GuraSOS elkartearen bazterketa ere aipatu du. Erraustegiaren aurkako kideek gogoratu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak elkartearen alde egin duela eta zera galdetu du: "Orain zer egin behar dute Foru Aldundiak eta erraustegiaren propagandistek?".

 Errausketaren Aurkako Mugimendua.