"Etxe Gazna" Zalgizeko elkarteak crowdfunding kanpaina jarri du abian bere kooperatibak biltzen dituen laurogei baserrien zerbitzurako gaztandegi berri bat eraikitzeko. Herritarren artean 48.000 euro bildu nahi ditu, diru-laguntza publikoz osatuta, denetara 120 laborariren lanpostuak bizirik mantentzeaz gain nekazaritzan murgildu nahi duten gazteei aukera berriak eskaintzeko.
Etxe Gazna kooperatiban elkartutako baserritarrek nork bere gazta egiten du etxaldean edo, udan, mendiko etxolan; eta elkarrekin gaztak ontzeko biltegia daukate antolatua 1992tik. 1985ean zazpi laborariren artean sortua, kooperatibak geroztik baserritar ugari erakarri ditu proiektura, gaurko 80 etxalde (120 lanpostu, baserri batzuk bi edo hiru pertsonakoa taldez osatuta daudenez) biltzeraino.
Ossau-Iraty sormarkako gaztak ekoizten dituzte baserritarrok, Manex buru beltz, Manex buru gorri eta Basco-Bearnaise arrazako ardien esnez. Ardidunetako batzuek, gainera, jarraitzen dute gaztak mendian eginez udako hilabeteetan, mendetan egin den moduan, elkarteko kidea den Bettan Hokik kontatzen duen gisan:
Laborariek nork bere gazta bere etxaldean ekoiztu ostean, Zalgizen Etxe Gaznak daukan biltegira eramaten dute hemen ondoko aste eta hilabeteetan ontzeko. Langile berezitu bat daukate honetarako kontratatua.
Orain helburutzat hartu dute txiki eta mugatuegi gelditu zaien biltegia handitu, hotz sistema berria ezarri eta elkarrekin lan komertziala egiten hastea. Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin landu duten proiektua gauzatzeko 154.000 euro inbertitzea aurreikusi dute. %56 diru-laguntza publikoz eskura dezaketelarik, falta dituzten 68.000 euroetatik 48.000 osatu nahi dituzte herritarren mobilizazioz. Crowfunding-a Zeste webgunean abiatu dute. Proiektuaren xehetasunak Bettan Hokik eman ditu Xiberoko Botza irratian.
Etxe Gazna kooperatibak lan garrantzitsu bat betetzen du Zuberoan: nekazaritzara jauzi egin nahi duten gazteei artaldeen kudeaketan zuzen hasteko aukera eskaintzen die, baserrietan bezala gaztaren ontze lanetan lanpostuak sortzea baimendu du eta etxalde txikietan gaztagintzaz oraindik bizi den jakintzaren transmisioa bermatu.