argia.eus
INPRIMATU
Zuberoako uraren kudeaketaz herritarrei galdegin ez izana “damugarritzat” jo du EH Baik
  • Euskal elkargoko azken bilkuran hartu da erabakia. EH Bai taldeak damugarritzat jo du erabakia, herritarrei kudeaketaz galdegin ez zaielako.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 8a
Euskal Elkargoa, Jean-René Etchegaray presidente izendatu zuten egunean

Euskal Irratietan Zuberoako uraren kudeaketaren gainean hartutako erabakiaren gainean mintzatu da Egoitz Urrutikoetxea, eta adierazi du EH Bai taldeak damugarri deritzola uraren kudeaketa pribatuaren alde egin izana. Herritarrei kudeaketaz zein iritzi duten galdegin gabe hartutako erabaki bat dela eta egiazko eztabaida baten beharra dagoela adierazi du irratian egindako adierazpenetan Urrutikoetxeak.

“Gardentasun falta alimalekoa” salatu du, argudiatuz ez dela ulergarria eztabaida isildurik izatea eta “horri buruzko bilkura zabal eta publiko bat ez egitea”.

Urrutikoetxeak azaldu du herri elkargoko eta Zuberoako hautetsiek ikerketa bat eskatu ziotela gabinete bati, aztertu zezan uraren kudeaketa eredu aproposenak zein ziren. Ikerketa maiatzaren 22an aurkeztu zuten, eta hiru kudeaketa eredu mahai-gaineratu: ordura arte izandako kudeaketa pribatua; kudeaketa publikoa; eta zerbitzuak enpresa pribatuei esleitzen dien kudeaketa publikoa.

Urrutikoetxearen arabera, ikerketak kudeaketa publikoa lehenesten zuen. Alabaina, bozketan soilik bost udalerrik egin zuten eredu horren alde. Gainontzekoek eredu pribatua mantentzearen alde egin zuten, eta hala kudeatuko da ura.