argia.eus
INPRIMATU
Zuberoako ikastolentzat dirua biltzeko eguberrietako saskiak salgai dira
  • 2003tik martxan mantendu dute Zuberoako ikastoletako familiek Ikaskoli ekimena. Azaroaren 27ra arte egin ahal izango da eskaria online, eta abenduaren 10etik aurrera jaso. Antolatzaileek nabarmendu dute Ipar Euskal Herrian ikastolak direla euskararen transmisioa bermatzen dutenak.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 03a
Ikaskoli proiektuaren bidez Zuberoako ikastolentzako dirua biltzeko saskiak salgai dira jada / Argazkia: Ikaskoli

Abian da Zuberoako ikastolentzako dirua biltzeko eguberrietako saski salmenta, Ikaskoli programaren bitartez. Azaroaren 1etik 27ra bitartean egin ahal izango da eskaria Ikaskoliren webgunean bertan, eta abenduaren 10etik aurrera egongo dira saskiak eskuragai. Euskal Herriko zazpi lurraldetan banaketa gune bat ezarriko dute, eta bertan jaso ahalko dira eskariak.

Bi dira Zuberoako ikastolak: Eperra (Pettarra) eta Alozekoa (Basabürüa), eta haiekin lotura duten edo izan duten familiak dira salgaien ekoizleak. Hiru zesto aukera daude aurten: Pettara (52€), Arbaila (57€) eta Basabürüa (68€) –Ikaskoliren webgunean ikusgai saski bakoitzeko produktuak-. Hala ikastolentzako dirua biltzea da helburua, antolatzaileek azaldu duten moduan babes ofizialik izan ezean ikastolak direlako euskararen transmisioa bermatzen dutenak.

"Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen. Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu", adierazi dute.

Eguberrieko saskiak saltzen 2003an hasi ziren Ikastoletako familiak, eta urtero mantendu dute. Iaz, 2.200 saski saldu zituzten Euskal Herrian. Aurten ere, euskal komunitate osoari dei egin die euskara sustatzera Zuberoako ikastolak lagunduz.